Orrialde-formatu finkoa ala moldakorra?

Orrialde-formatu finkoa duen dokumentu bat ez da moldatzen pantailaren tamainara. Ostera, orrialde-formatu moldakorra duen dokumentu bat desberdin ikusten da pantailaren tamainaren arabera.

Formatu finkoa duen dokumentu bat pantaila txiki batean ikusi nahi bada, bitako bat: testua pantailaren zabalerara egokitzen bada, karaktereak txikiegiak izan daitezke irakurtzeko edo scroll-a erabili beharko dugu etengabe letra tamaina egokia ikusteko zoom-a hautatzen badugu. Garai batean, tresna eramangarririk ez zegoenean, formatu finkoa erabili ohi zen. Pantaila txikiak hedatu ahala, formatu moldakorren beharra sentitu zen.

ePub formatua
garatzeko arrazoi nagusia horixe izan zen hain zuzen. Hona hemen ePub formatuko ebook berberaren itxura pantaila batean, bi zoom-maila desderdin erabilita:

Letra-tamaina txikia aukeratuta


 
Letra-tamaina handiagoa aukeratuta

Goiko irudian hiru zutabetan banaturik ikusten da testua eta behekoan, aldiz, bitan. Horrek esan nahi du liburuaren orrialde kopurua ez dela finkoa edo pasarte jakin bat ez dela orrialde jakin batekoa.

Eta, zer gertatzen da testuarekin batera irudiak baldin badaude? Testuarekin gertatzen den gauza bera gertatuko zaie irudiei ere, ez direla leku jakin batean agertuko, batez ere ez direla agertuko haiekin zerikusia duen testuaren ondoan, nola eta ez diren ainguratzen. Irudi bakoitza dagokion paragrafoari lotu behar zaio.  Irudiak ainguratuz gero, testua pantailaren tamainara egokitzen denean, irudiak testuarekin batera mugituko dira eta bestela irudi guztiak hasieran edo bukaeran pilaturik ager daitezke.

Irudien neurriak ere arazoa dira. Dokumentu berbera hainbat irakurgailutan irakurri ahal izango bada, gehienez ere esan daiteke irudi horiek ez luketela 300 pixel baino gutxiagoko eta 600 pixel baino gehiagoko zabalera izan behar, salbu logotipoen kasuan, horiek txikiagoak ere izan baitaitezke, Horrela irakurgailu gehienetan ondo ikusiko dira irudiak.

 



PDF formatua, berriz, inprimagailu desberdinetan arazorik gabe inprimatu ahal izateko helburuarekin jaio zen, orrialde-formatu finkoarekin. Orduan ez zen aurreikusten pantailetan irakurtzeko formatua ere izan zitekeenik. Praktikan PDF dokumentuak pantailetan irakurtzeko ere erabiltzen dira, ordea. Horregatik, gaur egun erantsi diote moldagarritasuna. Hona hemen eduki berbera tamaina desberdinetako leihoetan ikusita:






Ikus testua nola moldatu den eta nola irudia beti testuarekiko leku berean agertzen den.

Proba egin nahi baduzu, Acrobat Reader X aplikazioaz ireki PDF dokumentu bat, aukeratu View>Zoom>Reflow eta aldatu leihoaren tamaina.

Irakurgailu dedikatu gehienek, guztiek ez esateagatik, ePub eta PDF formatuko dokumentuak irakur ditzakete, baina batzuek ez dute formatu moldakorra onartzen, beste batzuek formatu moldakorra onartzen dute testuarentzat, baina irudiak kendu egiten dituzte.


Apple-ren iPodTouch, iPhone eta iPad tresnetan, ePub eta PDF formatuak irakur daitezke iBooks aplikazioaren bitartez, baina PDFen moldakortasuna baliatzeko, onena da Good Reader aplikazioa erabiltzea.


Android tresnetarako bada Android Reader aplikazio bat PDF fitxategien moldakortasuna ederki aprobetxatzen duena.


ePub eta PDF formatuez gainera, bada beste formatu bat, XPS izenekoa, orrialde-formatu finkokoa, Microsoftena. Oraingoz behintzat ez da asko hedatu.

Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

bozak, bozkak, bozketak, botoak

Kale-neurketak eta kaleko neurketak