Zer eskaintzen dute benetan "teknologia semantikoa" eskaintzen dutela diotenek?

Arropa edo altzariak bezala, hitz batzuk ere modan jartzen dira. Modan dagoena, berriz, jende askori liluragarria gertatzen zaio. Horixe ari da gertatzen gaur egun "semantiko" izenondoarekin. Asko dira teknologia semantikoa, web semantikoa, marketin semantikoa, etab. eskaintzen dutenak, baina kontuz ibili behar izaten da, zeren txakur guztiak ehiza-txakurrak ez diren bezala, "semantiko" izenondoa daramaten gauza guztiek ere ez dute berdin balio. Horregatik, egokia da hornitzaile bat zerbait "semantikoa" eskaintzen datorrenean, dakarren horri azaleko pintura pixka bat harrotu eta azpian zer duen begiratzea.
Gai honi buruzko sarrera gisa, nire Teknologia semantikoa oso gaingiroki artikulua irakur dezakezu.
Ondoko lerroetan hornitzaile horri egin beharreko zenbait galderaz mintzatuko naiz.

Sare semantikoari buruzko galderak

Sare semantiko bat kontzeptu multzo bateko kontzeptuen artean dauden erlazio semantikoak adierazteko bide bat da. Ikus, esate baterako, EuroWordNet
  1. Nola funtzionatzen du zure sare semantikoak? Nola ebazten ditu anbiguotasunak zure softwareak?
  2. Badago modurik sare semantiko hori nik erabiltzen ditudan edukietara moldatzeko?
  3. Sare semantiko desberdinak eskain al ditzakezu sektore desberdinetarako?
Taxonomiari buruzko galderak

Taxonomia bat kontzeptu edo kategoria multzo baten antolaketa hierarkikoa, zuhaitz erakoa, da. Kategoria bakoitzari adabegi bat dagokio zuhaitzean. Taxonomiak erabiltzen dituen sistema bat aztertzen ari baldin bagara, galdera egokiak hauek dira:
  1. Nola sor dezaket kategoria bat? eta nola defini dezaket kategoria horretakoak zer informazio mota diren zehazten duen erregela?.
  2. Sortu ditudan kategoriak eta definizioak ez badizkidate nahi nituzkeen emaitzak ematen, nola alda ditzaket?
  3. Zenbat adabegi eta maila sor ditzaket taxonomian?
Edukien bilketari buruzko galderak

Edukiak bildu eta sailkatzeko sistemek, sare batean dauden informazioak arakatzeko, armiarmak deritzen programa batzuk izaten dituzte.

  1. Nola sor ditzaket armiarmak, egituratu gabeko datuak arakatu, eta bildu nahi ditudanak identifikatzeko?
  2. Bil ditzaket datuak denbora errealean?
  3. Bil ditzaket datuak gaiaren arabera?
Emaitzen formatuari buruzko galderak
Dokumentuak indexatu ostean zer formatutan geratzen dira egituratuak, XML, RDF?

Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Europar Batasunak eduki digitalei eta hizkuntzei buruzko ekimena jarri du abian

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?