Liburu-dendaren arrakasta kudeaketan datza

Mike Shatzkin-ek ekainaren 7an argitarturiko artikulutik jasotako ideiak.

Liburu-salmentaren gakoa — lehen, orain eta gero, online eta liburu-dendetan, paperezko liburuen kasuan eta digitalenean — kudeaketa da. Nola laguntzen dio libru-dendariak irakurleari eskura dituen irakurgai guztien artean hurrena irakurriko duena aukeratzen? Milioika baitaude.
Dendan, kudeaketa hori apaletan zer jarriko den erabakitzen denean hasten da. Liburu-denda fisiko batean zerbait erosten duten bezero gehien-gehienek dendan dagoenetik aukeratzen dute. 

Arretaren hurrengo zeregina apalak behar bezala zaintzea da. Nola dago liburua, zutik ala etzanda? Begien parean ala orkatilaren parean dago? Sarrerako mahaian pila batean dago? Dendako sekzio batean baino gehiagotan dago ikusgai?
Liburu-denda fisiko batean, kudeaketaren hirugarren osagaia saltzaileek dakitena eta bezeroei esaten dietena da.

Garai batean, liburu-denda askotan zegoen stockak asko zuen zorizkotik. Gaur egun ISBN kodeei, barra-kodeei eta ordenagailuari esker, zehatz-mehatz eta berehala jakiten da zer saldu den, hornitzaileari berriz zer eskatu behar zaion edo zer itzuli behar den. Teknologiak hobeto aukeratzen, stock egokiagoa edukitzen laguntzen du.

Liburu-salmentan iraultza ekarri duena Amazon izan da
Liburu-dendarik handienak ere, apaletan leku mugatua duenez, titulu-aukera mugatua du, baina Amazonek ez. Baker & Taylor-en datu-basea lizentzian hartuz, eskuragarri dauden liburuak entregatzeko data bat aginduz, liburu bat ezin bada eskuratu bezeroari argi eta garbi adieraziz eta bikain funtzionatuz, Amazonek erabat aldatu zuen liburu-erosketaren psikologia.

Amazon etorri zen arte, liburu jakin bat nahi bazenuen edo ez bazenekien zehazki zer nahi zenuen, aukerarik zabalena zuen liburu-dendara joatea zen, erabil zenezakeen estrategiarik onena, bilatzen saiatzeko.  Amazon etorri zenetik aurrera, liburu-dendan aukeratzeko imanak indarra galdu zuen, bezero askorentzat. Zer nahi zenuen baldin bazenekien eta berehala ez bazenuen behar, hura erosteko modurik eraginkorrena, Amazonera jo eta han eskatzea zen. Liburu-dendetako apalak arakatzen eta, behar izanez gero, eskari bereziak egiten ibiliko ziren bezeroak, Interneten erostera jauzi egin zuten. Unibertsitateetako irakasleak izan dira aldaketa horretan aitzindariak.

Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Europar Batasunak eduki digitalei eta hizkuntzei buruzko ekimena jarri du abian

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?