ePub 3.0 bihur liteke ebook aberastuetarako estandarra

Gaur egun ebooken irakurgailu dedikatuek nahiz tabletek onartzen duten formatu bat da ePub. Formatu horren historia 1999an hasi zen eta orduz geroztik zenbait bertsio izan ditu. Horrela, ePub 2.0 bertsioa 2007an kaleratu zuten eta ePub 2.01 bertsioa 2010eko irailean. Azken bertsioa ePub 3.0 deritzona, berriz, 2011ko maiatzaren 23an argitaratu zen.

ePub formatua, orain arte, batez ere testuz osaturiko liburuetarako erabili izan da, eta testuliburuetarako, liburu teknikoetarako, aldizkari ilustratuetarako eta,  oro har, irudi asko, maketazio aberatsa edo multimedia edukiak dituzten dokumentuetarako beste formatu batzuk edo aplikazioak hobetsi izan dira. Azkena argitaratu den ePub 3.0 bertsioak, ordea, arlo hori ere hartu nahi luke. Izan ere aurreko bertsioekiko izan dituen hobekuntzak nabarmenak izan dira:

  • Bertsio berri horrek karaktere latindarrez gain, bestelako idazketa-sistema batzuk ere onartuko ditu, hala nola japoniarra, txinatarra edo arabiarra. Orain arteko ePub bertsioak ez zituen tratatzen idazketa-sistema horietako zeinuak karaktere gisa, jpeg irudi gisa baizik. Beraz, formatu berria hizkuntza gehiagotan erabili ahal izango da.
  • Ikusmen urritua duten pertsonen erabilera errazteko DAISY estandarrak integratuak ditu ePub 3.0k.
  • Askoz gaitasun handiagoa du multimedia edukiak onartzeko, bai HTML5 estandarrean oinarrituriko tresnetan eta baita Flash nahiz HTML5 estandarrak onartuko dituzten tableta berrietan ere. Horrek multimedia edukiak izango dituzten liburu aberastuetarako estandar bihurtzea eragin lezake.
  • Metadatuak txertatzeko hobeto prestatua dator bertsio berria, eta horrek dokumentuak aurkitzea erraztuko du.
  • Ukimenezko pantailetarako hobetu dute.
  • Zientzia gaietako testuetan behar izaten den matematika-notazioa erabiltzea ahalbidetzeko, XML lengoaian oinarrituriko MathML lengoaia erabiltzeko prestatu dute.

Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

bozak, bozkak, bozketak, botoak

Kale-neurketak eta kaleko neurketak