Sentimenduen analisia zertan den

Sentimenduen analisia edo iritzi-meatzaritza deitzen zaio testu-bilduma batean adierazita agertzen den informazio subjektiboaren identifikazioa eta erauzketa egiten duen hizkuntzaren prozesamenduan oinarrituriko sistemari.

Gai jakin batez testu horiek idatzi dituztenek dituzten iritziak eta jarrerak ezagutzea da sistema horren xedea.
Gaur egun erabiltzaileok eduki-kopuru erraldoiak sareratzen ditugu. Eduki horietan jaulkitzen ditugun iritziak interes handikoak dira enpresa eta erakundeentzat. Funtsean lau helburu hauekin ustiatzen dira iritzi horiek:

  1. kontsumitzaileek produktu eta zerbitzuez webguneetan eta sare sozialetan esaten dutena jakiteko.
  2. bezeroekiko harremanen kudeaketarako sistemetan (CRMetan) eta merkataritza elektronikoko guneetan erabiltzeko.
  3. aurreikuspen estrategikorako eta ospearen kudeaketarako.
  4. diskurtso politikoa aztertzeko.
Bezeroek zer dioten jakitea garrantzitsua da, horren arabera, banakako harremanei edo marketin-kanpainei begira, neurri egokiak hartzeko. Horixe da, beraz, sentimenduen analisiaren zeregina.

Zailtasun handiak dituen esparrua da sentimenduen analisia, emaitza zehatzak lortu nahi badira, eta, zer esanik ez, eduki eleaniztunak aztertu behar direnean, are korapilatsuagoak dira gauzak.



Horretarako merkatuan dauden aplikazioek ez dituzte emaitza ehuneko ehun zehatzak eskaintzen, baina gizakiari asko laguntzen diote helburua lortzen. 
Gaur egun, bada sentimenduen analisian oso baliagarria gertatzen den metodologia bat: testumetria. Hori hizkuntzazko datuen azterketa estatistikoaren adar bat da, honako teknika hauetan oinarritzen dena:

  • estatistika eta probabilitateen kalkulua aplikatzea, corpus batean testu batzuk beste batzuen antzekoak izatea eragiten duten elementuei; adibidez, antzeko iritziak agertzen dituzten kontsumitzaileak taldekatzeko.
  • datuak prozesatzeko metodo sendoak eskaintzea kanpoko baliabideak (hiztegiak eta ontologiak, adibidez) erabili gabe.
  • corpusaren barruan objektuen banaketa aztertzea.
  • datuei aplika dakiekeen corpusetan oinarrituriko hizkuntza-baliabideen sorkuntza erraztea eta hobetzea, esate baterako, entitate-erauzleena (izen propioak, markak, etab. erauzteko sistemak).
Hainbat dira horrelako aplikazioak merkatuan; ikus: AlchemyAPI, Attensity, Clarabridge, Lexalytics, MeshLabs, MineTech, Lymbix, SAS, Survey Analytics, WiseWindow


Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

Kale-neurketak eta kaleko neurketak

bozak, bozkak, bozketak, botoak