Frankfurteko Liburu-Feriak arreta berezia eskainiko dio aurten digitalizazioari



Iaz e-book hobetuen etorrera ikusi genuen bezala, aurten garbi dago multimedia edukiak direla etorkizuna, Frankfurt-eko Liburu-Feriaren zuzendari Juergen Boos-ek dioenez. Gainera dio mundu mailan industriak izan duen esplorazio-fasea gainditurik dagoela orain, eta gai nagusia negozio-estrategiak eta filmen, jokoen eta liburuen industria sortzaileen arteko lankidetza modu guztiz berrien garapena direla. Liburu-Feriak, argitalpen-industriaren munduko topalekurik handiena izateko proiektatua denak, 110 herrialdetako 7.500 erakusle eta 280.000 bisitari izatea espero du.


Boos-ek uste du edukien negozioan gertatzen ari diren  aldaketa bizkorrak jakintza asko eta, oroz gain, gai horiei buruzko ideia-trukeak eskatzen ari direla. Frankfurt-eko Liburu-Feriak Alemaniako argitaletxeen eta liburu-saltzaileen elkartearekin elkarlanean, Frankfurt Academy konferentzia-adarra sortuz, eta 2010ean abiarazi zuten Frankfurt SPARKS ekimen digitala mantenduz, erantzun dio horri. 

Bederatzi konferentziek izango dituzten gaiak istorioak kontatzeko modu berrietatik "Metadatuak eta eskubideen kudeaketa"rainokoak izango dira. Liburu-ferian izango diren 1.100 ekitaldi profesionaletatik erdiak baino gehiago digitalizazioarekin zerikusia dutenak izango dira.


Edukiaren negozioaren estandar berriei justizia egiteko, aurten, lehenbizikoz, Frankfurteko Liburu-Feriak erakusketa-sala oso bat eskainiko dio kapital intelektualaren salerosketari. Literary Agents & Scouts Centre-z gainera, 6.0 salak StoryDrive Business Centre izeneko negoziazio-espazio bat izango du. Hor eduki-agenteek eta film, joko eta argitalpen- industrietako sortze-laneko adituek topo egingo dute, negozioa sortzeko.


"Jakintzaren" garrantzia 4.2 sala itxuraberrituan landuko da. Hori tradizionalki argitaletxe zientifiko, espezializatu eta hezkuntzako argitaletxeen lekua izan da; alegia, produkzio-prozesu digitalak erabiltzen lehenak izan zirenena 1990eko hamarkadan, eta dagoeneko produktuen ia % 100 digitalak dituztenena. 

Zenbait ekitaldi izango dira argitaletxe horien eta beren bezeroen egitekoa eta laneko prozesuak agertzeko. Askotariko programa horrek estaliko dituen gaiak "irispide irekiari" buruzko eztabaidatik eta metadatuetatik ikerketa nuklearreko CERN zentroaren Hadron partikula-azeleragailuaren kontrol-gelaren aurkezpenerainokoak izango dira.


Digititalizazioa egileen eta beste eduki-ekoizle batzuen posizioaren indargarritzat hartzen da. Hori frogatzen dute auto-argitaratzeko esperientzia arrakastatsuek, hala nola Amanda Hocking eta John Locke eleberrigile hasiberriek AEBn izan dutenak. Mundu osoan, argitaletxeak, agenteak eta liburu-saltzaileak beren buruak birkokatzen ari dira.


Ikusten da, liburu-industriaren istorioz osaturiko altxor ezkutua lurpetik ateratzeko, ez dagoela inor sortze-lan tradizionaleko adituak baino hoberik – argitaletxeetako eskubide-kudeatzaileak eta munduan zeharreko agente literarioak. Horregatik, gorantz datorren Brasilgo merkatuari begiratzeaz aparte, 2011 International Rights Directors Meeting RDM-k mugikorretarako aplikazio berrien garapenari ere eskainiko dio arreta. 

Urtean izango den eskubide-kudeatzaileen munduko topaketarik handienera, bere 25. urteurrenean, 200 partaide inguru etorriko direla espero dute. 

Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Europar Batasunak eduki digitalei eta hizkuntzei buruzko ekimena jarri du abian

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?