Erresuma Batuan liburuen salmenta gainbehera doa


Iturria: buchreport.de

Erresuma Batuko liburu-merkatuan alarmak piztu dira. Uztailean uste zena baino gehiago jaitsi baziren salmentak, abuztuan, Alemanian gertaturikoaren antzera,  gainbehera bizian joan dira: liburu-merkatuari buruzko datuak eskaintzen dituen Nielsen konpainiaren BookScan zerbitzuak adierazi du liburu-dendetako salmentak 107,5 milioi liberakoak izan direla, iaz hilabete berekoak baino %8 txikiagoak. Azken sei hilabeteko epe ertaineko azterketak erakutsi du salmentak 677,4 milioi liberakoak izan direla, % 3ko galerarekin; 2055 ezkero izan den emaitzarik txarrena.
Bereziki uharteko liburu-denda independenteak daude presiopean. Liburu-denden elkartearen datuen arabera, 1.289 liburu-denda independente daude eta hamar urtean %27 jaitsi da kopuru hori.

Eta gero eta gutxiago daude: azken asteotan, berri txarrak etorri dira liburu-dendetatik, ura leporaino baitute. Gutxienez dozena erdi bat liburu-denda independentek itxi dituzte ateak abuztuaren bukaeraz geroztik. Kontsumo-azterketak egiten dituen Experian enpresak esan du Erresuma Batuko 580 herritan ez dagoela jada liburu-dendarik.  

Liburuaren merkatua bakarrik ez dabil larri

Interneteko salmentak gero eta gehiago egiten duen konkurrentzia, negozio digitala eta supermerkatuak, zalantzarik gabe, liburu-denda independenteak astintzen eta larri jartzen ari dira. Baina arrazoiak sakonagoak dira, zeren eta liburuen merkatuan ez ezik, txikizkako merkataritzan oro har piztu dira alarmak, denda-kate handi askotan barne.
Erresuma Batuko ekonomia makuluekin dabil, langabetuen kopurua handitzen ari da. Energiaren kostuak ziztu bizian gora doaz, zergak handitzen ari dira eta zerbitzu sozialak zorrotz murrizten. Local Data Companyko ikertzaileek berrikitan kalkulatu dute ekainaren bukaeran Ingalaterran, Eskozian eta Galesen salmenta-espazio osoaren %14,3 hutsik zegoela eta zenbait hiritan, heren bat ere hutsik zegoela.
Kexarik ez duten liburu-denda ia bakarrak deskontu-dendak dira. Okasioko liburuak saltzen dituen The Works Erresuma Batuko liburu-denda katerik handienak 43 denda zabaldu ditu aurten. The Works-ek merke salerosten du, ez argitaletxeen hondarrak, baita ixten diren liburu-denda askotakoak ere. Guztira 304 denda ditu kate horrek. 2010-2011 urte fiskalean (maiatzaren 31n) The Works-ek 21 milioi liburu saldu ditu eta salmentak 11,4 milioi liberakoak izan ditu, % 7,9ko hazkundearekin. 

Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

Kale-neurketak eta kaleko neurketak

bozak, bozkak, bozketak, botoak