Aro digitala probetxugarria ari zaie gertatzen argitaletxe berritzaileei

Iturria: The Observer 2011-12-18


Aro digitalak ez du liburua desagerrarazi, ostera, probetxugarria gertatzen ari zaie argitaletxe eta autore berritzaileei. Horietako asko teknologia berria erabiltzen ari da, ideia zaharrak arnasberritzeko. Ondoko lerroetan, abentura interesgarrienetako lau aztertzen dira.

Unbound: harpidetza bidezko argitalpenak berpiztea

Erresuma Batuko Unbound argitaletxearen sortzaileetako bati, Justin Pollardi, lehenbizikoz, Dan Kieran bere adiskide eta autorearekin pubean jarrita zegoela, bururatu zitzaion liburu-eredu arras berri baten ideia. "Idazleak kexatu egiten dira aspalditik argitaletxeek ez dutelako beren liburuen batere publizitaterik egiten eta ordaintzen zaikien aurrerakinak gero eta txikiagoak direlako," dio. "Esan nahi dut, gure adiskideak diren eta izena egina duten idazleei, 4.000 libra esterlinako aurrerakinak ari ginela ordaintzen. Hori kopuru polita da hobby baterako, baina ez lan profesional baterako."

Baina, aldi berean, Pollard eta Kieran ikusten ari ziren liburuen salmentak gainbehera bizian zihoazela. Inoiz baino liburu gehiago ari ziren argitaratzen. Jendea oraindik irakurtzen ari zen. "Eta, beraz, hauxe galdetzea erabaki genuen: nora ari da dirua joaten? Eta ohartu ginen arazoa ez dela bitartekariek dena bereganatzen dutela. Arazoak zerikusia du argitaratzeko eredu tradizionalarekin, non itzulerarik ez duten aurrerakinak ordaindu behar baitituzu. Liburu askok ez baitira gai aurrerakinak adina irabazteko gai, argitaletxeek arrisku handi bati egin behar diote aurre. Hortxe joaten da diru-kopuru izugarri bat."

Pollardek eta Kieranek (orain konpainiaren sortzaileetan hirugarrena den John Mitchinsonekin lanean dihardutenek) pentsatu zuten egon behar zuela gauzak egiteko beste era bat. Inspiratzeko, partez musikaren industriari begiratu zioten, eta Marillion-en moduko bandei. Hauek beren diskoetxeak baztertu eta gero, beren fanei eskatu zieten zuzenean behar adina diru ipin zezatela grabazio-saio bat eta inprimaketa egiteko. Aldi berean, liburuak argitaratzeko eredu askoz zaharrago bat ere izan zuten gogoan. "Harpidetza bidez argitaratzea oso-oso zaharra da liburuen kasuan, " dio Pollardek. "Horrelaxe argitaratu ziren Johnson-en hiztegia [eta baita Plazido Mujikarena ere, diot nik] eta XVIII. eta XIX. mendeetako eleberri asko."
Bi ideia horiek uztartuz – online konpromisoa hartzea musikaren industrian eta garai batean bezala harpidetza bidez argitaratzea – jaio zen Unbound Books. Webgunea, joan zen maiatzean abaiarazi zutena, foro moduko bat da, non idazleek aurkezten baitizkiete liburuak irakurleei eta hauek, egitasmo bat babesteko bezain ona iruditzen bazaie, konpromisoa hartzen baitute dirua jartzeko, are liburua idatzi ere gabe dagoenean. Liburu bakoitzak konpromiso-kopuru bat du helburu, lortu beharrekoa, bideragarria izateko (gehienetan 500 eta 1.000 bitartekoa). Webguneko liburu batean klik egiten duzunean, ikusten duzu zenbat konpromiso behar dituen orotara, eta ordurarte ehuneko zenbat lortuak dituen. Orduan, eskain dezakezu zure laguntza zenbait mailatan: ebooka erosiz (normalean 10 libra), tapa gogorreko liburua erosiz (20 libra izan ohi da) edo egileak sinaturiko ale bat erosiz (50 libratan), eta maila gorenean aurkezpena ospatzeko egingo den bazakarira gonbidatua izateko (tipikoki 150 libra) edo, batzuetan, egilearekin txango bat egiteko.
Pollardek ohartarazten du, konpromisoak dirua entregatzea dakarren arren, babesleek ez direla arriskatzen ari, zeren eta liburuak ez badu behar den konpromiso-kopurua jasotzen, egitasmoa ez bada aurrera ateratzen, bakoitzari jarri duen dirua itzultzen zaiola. Horrela argitaletxeak ez dio aurrerakinak ordaintzeari aurre egin behar. Pollardek dioen bezala: "Egileak liburua idazteari ekin aurretik badakigu nahikoa diru izango dela, hura bideragarri izateko." Arriskurik ez izateak esan nahi du Unboundek gehiago gasta dezakeela ekoizpenean (bere tapa gogorreko tituluen ekoizpena hiru bider garestiagoak izan ohi da argitaletxe konbentzional batena baino) eta ordain diezaieke egileei autore-eskubidetan ehuneko handiagoa.
Bistan da, alde nabarmena duela eredu horrek argitaratzeko eredu arruntarekiko: liburu gehienak edozein lekutan eros daitezke eta Unboundekoak, aldiz, – konpromisoak jasotzeko aldian behinik behin – konpainiaren webgunean soilik eros daitezke. (Ondoren kaleratzen diren tapa biguneko edizioak normalki saltzen dira, liburu-dendetan eta Amazonen.)
Horregatik, konpainiaren lehentasun behinena trafiko handia sortzea zen – eta horretarako, lehen autore gisa Phyton-ekoa izandako Terry Jones kontratatu zuten, eta hark arrakastaz proposatu zuen Evil Machines, istorio beltz surrealista batzuen bilduma. Jonesen ondoren beste izen ezagun batzuk etorri ziren: Tibor Fischer, Jonathan Meades, Kate Mosse – guztiak beren helburuak lortu zituztenak.
Orain arte konpainiak bederatzi liburu finantzatu ditu (horietatik Jonesena eta Fischer-ena bakarrik argitaratu dituzte), eta beste 10 dituzte konpromiso-aldian, Red Dwarf-eko Robert Llewellyn aktore izarraren zientzi fikziozko nobela bat barne. Trafikoa izugarria izan da: azken hilabetean, webguneak 200.000 erabiltzaile bakar baino gehiago erakarri zituen. Pollardek dio autoreek interes "handia" azaldu dutela. Eta, espero ez zen arren, agenteak pozik azaldu direla.
"Hasieran uste genuen agenteak uzkur izango zirela, haiek ez zutelako nahi izango beste argitaletxe batzuk haserretzerik. Baina era guztietako gauzak eskainiz etorri zaizkigu, batez ere segizio dezente izan duten baina urrats bat aurrerago egin nahi duten egileenak edo, egile ezagunak izanik ere, proiektu bat aurrera atera ezinean dabiltzanenak," dio.
Adibidez, Kate Mosse Unboundera hurbildu zen Chichester-eko antzerki-jaialdiari buruz idatzi nahi zuen liburu batekin. "Hain zen desberdina berak idatzi ohi dituen lanekiko, non bere argitaletxea oso urduri baitzegoen," azaltzen du Pollardek. "Baina guretzat erraza zen. Jaialdian parte hartzen duen edonork ezagutzen du Kate [bere aitak han lan egin zuen] eta beraz zuzenean bere zirkuluen barruan publizitatu genuen."
Erabiltzaileen kopurua hazi ahala, Pollardek dio konpainiak gehiago lan egin nahi duela egile hasi berriekin, eta asmoa dutela webgunearen atal bat irekitzeko, non "edonork egin ahal izango baitituen bere proposamenak. Kontzeptu berritzaile bat da Unboundena, liburuak ekoizteko eta saltzeko eran benetako eragina izan lezakeena, ideia zaharrak biziberritzeko, teknologia berria erabiliz. 


Liburu hibridoak: paperaren eta digitalaren abantailak konbinatzea
Teknologia berri bat agertzen den guztietan, naturalki uste izaten da hark zaharragoak ordezkatuko dituela. Ez al zuen CDak biniloa baztertu? Eta DVDak VHSa? Baina, Dennis Johnson, Melville House Books-en sortzaile eta New Yorken egoitza duen editore aitzindariak dioen bezala, liburuen kasuan horrek ez du zertan gertatu. Bai paperezko liburuak eta baita digitalak ere "bideragarriak ez ezik, nahikoa bikainak ere badira, zein bere eran", baieztatzen du Johnsonek. Eta hori esandakoaren frogagarri, atera berria du argitalpen arloko kontzeptu berri sendo bat: "liburu hibridoarena".
Liburu hibridoek bi formatuek dituzten alderik onenak hartzen dituzte, paperezko liburu bakoitzari material digital estrazko gorputz bat gehituz. Material horiei "Illuminations" [aberasgarriak] deritze. Horiek smartphone edo iPad bidez lortzen dira, orrialdeetan inprimaturik dauden QR kodeak eskaneatuz, nahiz eta smartphonerik ez duenak edo QR kodeekin moldatzen ez denak material berbera lor dezakeen, emailez eskuratzen duen PDF baten bidez. Paul Oliver marketin-arduradunak, aberasgarri horiek deskribatzeko, esaten du "eleberri jakin baten kultur testuingurua eta ondarea azaltzen duten irakurgaiak eta irudiak" direla. Eta arreta handiz zainduak direla, dio Johnsonek, "benetako irakurketa-esperientzia areagotzeko".
Har dezagun Bartleby the Scrivener, Melville Houseren "liburu izarra", izen bereko egilearena, liburu hibrido gisa birmoldatu berria dutena. Aberasgarri horiek hasi gauzarik espezializatuenetatik – Herman Melville eta bere kideek filosofiaz ari diren gutunetatik – eta arinenetara doaz, hala nola jengibrezko gailetak egiteko errezetetara.
Johnsonek dioen bezala: "Eranskin gisa eskaintzen den ebookak 360 orrialde inguru ditu; Bartleby-k 60 orrialde ditu. Beraz, oso liburu garestia izango zen – 400 orrialde izango zituen. Baina [hibridoaren kasuan] koloretako irudiak izan ditzakegu – era guztietako artea izan dezake! – oso garestiak izango ziren gauzak, liburua inprimatuz gero."
Liburu hibridoaren kontzeptua abuztuan kaleratzeko Melville Housek erabili zuen bildumak The Duel x 5 zuen izena. The Duel izenburua duten bost eleberri klasikok osatzen zuten bilduma: Anton Chekhovenak, Joseph Conradenak, Giacomo Casanovarenak, Heinrich von Kleistenenak eta Alexander Kuprinenak. Liburu bakoitzaren aberasgarri horiez gainera bakoitzak "Duellist's Supplement" izeneko eranskin batzuk ditu – dueluei buruzko arte, historia eta literaturazko edukien laburbilduma bat.
Emendiozko material horrek, dio Johnsonek, klasiko bat irakurtzeko berak duen moldea islatzen du: "liburuaren munduan berriro sartzeko puntuak dituzu, beste interes horiei jarraipena egiteko eta horretarako ez duzu liburutegira eta Googlera jo behar. Irakurtzeko esperientziaren benetako hobekuntza da. "
Melville Housek marka gisa erregistratu du "Hybrid Book" terminoa, baina, dio Johnsonek, "gure inpresioa egin dugu horrekin eta bejondeiela beste batzuk erabiltzen hasten badira".
"Medio inprimatuak hobeto defenditzea behar du," azpimarratzen du. "Teknologia bikaina da, ez dago arrazoirik harrika botatzeko. Bada zerbait gure garunean orain, mendeak igaro ondoren, badakiena teknologia hori sekulakoa dela – gurpila edo sua diren bezalaxe."
Orain, kontrazalean inprimaturiko QR code batez eta sakelan iPhone bat duzula, are hobea gertatzen da. 


Boxfiction: telebistak erakusten dizu eta zuk irakurri egiten duzu
Conrad Persons, Boxfiction izeneko argitaldari sortu berriaren 32 urteko sortzaile eta zuzendariaren ustez, editorial tradizionalek oker erantzun diote aro digitalari. "Entretenimenduaren munduari begiratzen genion, eta ikusten genuen dena murrizten ari zela: jendea oraindik irakurtzen ari zen, baina atal laburragotan. Argitalpen-industriak eleberria bultzatzen jarraitu du, baina guk uste dugu zantzu guztiek kontrako noranzkoan apuntatzen dutela. Arretaguneak txikiak eta denbora urri izanik ere, oraindik istorio-egarri handia dagoen mundu batean lehiakorra izan litekeen idatzizko formatu bat sortzea nahi genuen."
Erantzun baten bila, Personsek argitalpen-mundua baino haratago arretagune txikiez arduratzen den industria bati begiratu zion. Joan zen hilean Erresuma Batuan abian jarri zen Boxfictionek bere produktua "Irakur ditzakezun telebista-serieak" direla esanez deskribatzen du. Bere lehen "eSeries"ek lehendik dagoen telebista-programa baten ospea baliatzen du – BBCren Silent Witness krimen-dramarena– eta hortik abiatzen den fikzio bat sortzen du. Bost "emanaldik", Nigel McCrery programaren sortzaileak idatziek, egunean jartzen gaituzte Sam Ryan auzitegi-patologiako irakaslearen beste abentura batzuetan, oso maitea izan eta gero, programatik duela zazpi urte desagertu zen pertsonaiarenak, hain zuzen.
Astero emititzen diren emanaldi horiek tabletetan, smartphoneetan eta magaleko ordenagailuetan, Personsek "emisio-aldia" deritzonaren bukaeran irakurtzeko diseinatuak dira, eta "bilduma baten tankerako" zerbait osatzen dute. Sortze-prozesua bera ere telebistako moldeetan egiten da, gidoilariekin eta beren esperientzia erritmoz eta egituraz prosa estatikora ekartzeko deitzen zaien telebistako idazle-taldeekin.
Personsek, marketin-mundutik datorrelarik, dio Boxfiction entretenimenduaren mundu zabalagoan diharduela lehian, eta ez beste argitaletxe batzuekin soilik. "Tresna bat piztu eta aplikazioz jositako pantaila bati begiratzen dion norbait, filmak edo telebista ikusteko edota sare sozialak erabiltzeko, dut gogoan. Nola izan liteke gurea oso lehia gogorreko itsaso horretan haiek irekitzen duten leihoa?"
Personsek dio "Idatzizko munduaren atsegina mendekotasuna sortzeko gai den telebistaren txutearekin" konbinatuz,  "fikzio mota berri bat" sortzen ari dela. Baina, kontakizun labur bizkorrak asteroko ataletan ematea ez al da Dickensen garaira atzerantz joatea? "Serietan ematen den edukia ez da berria," onartzen du, "baina horiek ez dira istorio luzeago baten puskak, zati txikiakotan zatituak. Horietako bakoitza pasarte osatu bat da, baina baduzu seriean zehar eraikiz eta eraikiz doan istorio baten atsegina."
Boxfiction, gainera, pertsonaia ezagunez baliatzen da. "Istorio laburretan, adibidez, irakurleek denbora eta energia emozionala inbertitzen dute, pertsonaia multzo bat ezagutzen, eta ez dituzte gehiago ikusten. Gu gai gara orain irakurleei pertsonaiak berehala hurbileko sentiarazteko, telebistatik dagoeneko ezagunak dituztelako, baina haientzat eduki inprimatuan harrapaturik, guztiz berria duten mundu berri batean."


Penguin Shorts: liburu baten eta aldizkari baten tarteko zerbait
Hil honen hasieran kaleratu zuten Penguin Shorts liburuen arloan ondo kokaturiko jokalari batek argitalpen digitaletan eginiko azken sarraldia. Fikzioa eta ez-fikzioa hartzen dituen serieak enkarguz eginiko 5.000 - 20.000 hitzeko liburuak dira, guztiak 1,99 libratan saltzen direnak ("gutxi gorabehera kafe baten prezioan," diote Penguinkoek). Orain arteko bederatzi tituluen artean,  hor dira Colm Tóibín-en haurtzaroko oroitzapenak, Anita Brookner-en nobelatxo bat, eskola libre bat eratzeari buruzko Toby Young-en saiakera bat, eta Gabon gaueko afari ezin hobea prestatzeko Felicity Cloake-ren gida. Argitaratze-bidean diren tituluen artean, Alan Beattie irakaslearen krisi globalari buruzko liburuxka bat eta Damien Hirst-i buruzko kritika bat, BBCko Will Gompertz-ena.
Venetia Butterfield, Viking-en editorial-zuzendari eta seriearen sortzaileak dio tamaina txikiko ebook-segida baten ideia "hainbat bidetatik" etorri zitzaiola, eta horietako bat liburu konbentzionalen "albiste bihurtzeko" ahuleziak sortzen zion gero eta etsipen handiagoa izan zela. "Proposamen asko izan genituen liburuen arazo ezagunentzako, eta horietako bat zen inoiz ezin dituzula behar bezain laster argitaratu," dio. "Sei hilabetean entregatzen bada ere, beste sei hilabete beharko ditu argitaratzeko – beraz, urtebete joango da sorrarazi zuen gertakaria izan zenetik." Liburu laburrak eskaintzen duena liburu luzearen eta aldizkariko artikuluaren arteko espazio bat da, azken horren erantzun lasterra lehenaren zehaztasunarekin konbinatuz. "Uste dut mota bateko saiakera luzeen benetako egarria dagoela, albisteetako gertaerei lotua."
Fikzioari dagokionez, serieak argitalpenaren aspaldiko asmakizun bat soluzionatzen du: nola saldu istorio laburrak. Istorio-bilduma tradizionala, dio Butterfieldek, ez zaio egokitzen benetan jendearen irakurtzeko esperientziari. "Jende askok ez du eseraldi batean burutik burura irakurtzen bilduma bat," dio. Lan bakar bat erostea, treneko bidaia batean edo "afaltzetik oheratzera doan tartean" irakurtzea da, iradokitzen du, fikzio laburrak irakurtzeko era naturalago bat.
Eta zer diote autoreek? Butterfieldek dio harritu egin duela  haiek erantzunetan azaldu duten prestasunak. "Jende askok entzuleria batentzat idazten du eta uste dut idazleei beste bat izatea interesgarria gertatzen zaiela."
Formatuak zenbaterainoko arrakasta duela uste du berak? "Zaila da aurreikustea – agian gaur egun tapa biguneko liburuek dutena adinakoa  bihurtuko da. Argitaratzaileak garen aldetik, merkatuak eskatzen duenari eta teknologiak ahalbidetzen digunari erantzutea dagokigu. Kontua da burua irekita mantentzea." 

Comments

Popular posts from this blog

Ikasmaterialgintzan nagusituko den zenbait joera

QR kodeak erabiltzeko gida

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?