Penguin-en zuzendari nagusiak hodei beltzak ikusten ditu etorkizun hurbilean

Penguin-en zuzendari nagusi John Makinson-ek, duela gutxi galdetu diotenean zer ikusten duen etorkizun hurbilean, hauxe erantzun zuen “hodei beltzak”.

Makinson-en kezkak teknologia-munduko erraldoiak ebooken saltzaile ahaltsu bihurtzean eta horrek liburu-denda fisikoak kolokan jartzean ditu erroak. Hori gertatzen ari da Makinsonek egoitza duen Erresuma Batuan, bere ardurapekoa den AEBko merkatuan eta beste leku guztietan. 


Orain arte, zioen, merkatuaren eragile nagusia eskaintza izan da eta ez eskaria. Orain dela 15 urte arte, nekez sal zitekeen liburu-dendetako apaletan ez zegoen liburu bat. Oraingo argitaldari indartsuenak liburu-dendetako apaletan liburuak jartzeko gaitasunak eraman zituen gailurrera. Baina orain merkatuan gertatzen ari diren aldaketak ezin dituzte argitaletxeek kontrolatu. 


Ebooken salmenten estatistikek adierazten dute, 2007an Amazonek Kindlea kaleratu zuenez geroztik, eguberritan eta ondoko pare bat hilabetean izaten dela urteko goranzko jauzi nagusia. Horrekin batera liburu-denden arloan albiste txarrak izaten dira. Iazko lehen hiruhilekoan AEBn Borders-en porrota gertatu zen, adibidez. 


Herrialde hartan urtetik urtera liburu-denden salmenten jaitsiera bikoiztu egin zen 2009tik 2010era: % 1 2009an eta %2 2010ean. Datorren urtean % 10 jaits daitekeela uste dute batzuek. Jaitsiera hori egun batean % 20ra iritsiko balitz, liburu-denda gehienek itxi egin beharko lituzkete ateak. 


Galera hori konpentsatzeko modu bat dibertsifikazioa izan liteke, beste zerbait saltzea, baina hori bera ere izan daiteke kasu batzuetan gehiago galtzeko bidea, asmatu ezean.


 Argitalpenak banatzeko eta saltzeko sistema zaharra arriskuan dago eta berria haztamuka dabil oraindik. Argitaletxeak ari dira, zein bere abiaduran, lan-prozesuak digitalizatzen, metadatu-sistemak eratzen, sare sozialen bidezko marketina lantzen, prezioak ezartzeko irizpideak aztertzen, egileekin kontratu mota berriak sinatzen, egile eskubideak moldatzen. Hori ez da doan egiten, paperezko liburuak sortzen dituzten irabaziekin baizik. Hortaz, orain inbertsioak egiten ez dituenak abagunea gal lezake.

Trumoia gero eta hurbilago entzuten da.

Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

Kale-neurketak eta kaleko neurketak

bozak, bozkak, bozketak, botoak