RFID etiketak bai ala ez liburutegietan

Zer da RFID teknologia?

RFID (Radio Frequency Identification) teknologiaren bidez zirkuitu integratu batetik irakurgailu batera informazioa igor daiteke, uhin elektromagnetikoen bidez. RFID etiketak txikiak eta arinak dira eta erraz txerta daitezke ia edozein produktutan. Liburuetan jartzen direnean paperezko substratu bat izaten da euskarria



RFID etiketa

Teknologia horrek funtziona dezan hiru osagai behar ditu: informazioa gorderik duen etiketa, irakurgailua eta datuak interpretatuko dituen softwarea.


Zertako erabiltzen da RFID teknologia liburutegietan?


Hainbat xede izan ditzake RFID teknologiak liburutegi batean:
  • Irakurle batek mailegutan liburu bat hartzen duenean, gertaera hori datu-basean erregistratzea. Horretarako aski da liburua RFID irakurgailu bati hurbiltzea.
  • Horren antzera, irakurleak mailegutan hartu zuen liburua itzultzen duenean ere, gertaera hori datu-basean erregistraturik geratuko da, liburua irakurgailura hurbiltzen denean.
  • RFID teknologiak liburutegiei ekarri dizkien aurrerapenen artean, seguru asko, inbentarioak lastertzea izango da nabarmenena. 
    Eskuko irakurgailu batez inbentarioa egiten liburutegi batean

    Eskuko irakurgailu batez hainbat testu aldi berean irakur daitezke eta kablerik gabeko konexio baten bidez liburutegiko zerbitzarira bidali. Bi abantaila ditu horrela lan egiteak: inbentarioa egiteko behar den ordu-kopurua askoz txikiagoa da eta lekuz kanpo jarritako liburuak aurkitzea errazagoa da.
  • Segurtasun-bandak ordezkatzea.  Lapurretak saihesteko ohiko banda magnetikoak desaktibatu egin behar izaten dira liburua liburutegitik ateratzen den bakoitzean eta RFID etiketak, aldiz, ez. Bestalde, banda magnetikoekin arazo handiak izaten dira alarmak sarri aktibatzen direlako lapurretarik ez den kasuetan. RFID etiketek eramaten duten segurtasun-sistema askoz fidagarriagoa da eta ez du hainbeste alarma faltsu sortzen.
Flash aurkezpen honetan ikus daiteke hori guztia.


liburuzain guztiak ez daude pozik


Pribatutasun-arazoek sortzen dituzte kezkarik handienak, etiketak edozein irakurgailuren ondotik igarotzean transmiti ditzaketelako barruan dituzten datuak, datuen jabea konturatzeke gertatzen delako transmisioa eta edozein substantziatan zehar transmititzen direlako (maleta baten barrutik, esate baterako).


Orain dela gutxi Parisko liburuzain bat kexu azaldu da RFID etiketen erabilera dela-eta. 2008an Parisko hiru liburutegitan jarri zuten sistema hori: zinemaren François Truffaut liburutegian, Chaptal liburutegian eta Marguerite Yourcenar mediatekan. Hiru  urteko esperientziaren ondoren, liburuzain horrek dio arazo teknikoak izaten direla: liburu edo disko batzuei ezarri dizkieten etiketek ez dutela barruan informaziorik, RFID sistema liburutegia kudeatzeko datu-basearekin lotzeko arazoak izaten direla, inbentarioek huts egiten dutela eta lapurretaren kontrako banda magnetikoek baino leku gehiago behar dutela.


Kexak ez dira teknikoak soilik, liburuzain horrek dioenez, liburutegiko langileei denbora hartzen die erabiltzaileei funtzionamenduaren berri emateak eta sortzen diren hutsegiteak konpontzeak. Beldur da, gainera, murrizketak nagusi diren garai honetan, langileak kaleratzeko ez ote den erabiliko. 

Comments

Popular posts from this blog

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Euskara txukun erabiltzen laguntzen duen tresna.

bozak, bozkak, bozketak, botoak

Kale-neurketak eta kaleko neurketak