Liburu digitalak aldi berean ziurgabetasuna, abagunea eta mehatxua dakartza

Reuters-ek antolatu duen Sommet Global Media 2011n argitalpen-munduko hainbat eragilek liburu digitalaren inguruan dituzten kezkak, itxaropenak eta iritziak azaldu dituzte. Hachette Livre-ko Arnaud Nourry-k zioen 2012an Frantzian ebookaren posizioa xumea izango dela. Izan ere, Frantziako irakurleek ondo errotua dute paperezko liburuak irakurtzeko ohitura, eta horrek lasaitzen ditu neurri batean.


Penguin-eko John Makison zuzendari nagusiak zioen, berriz, inoiz ez dela orain bezain zaila izan hamabi hilabeteren buruan sektorea non izango den asmatzea.


Bistan da Atlantikoaren bi ertzetan ez direla gauzak berdin ikusten, liburuen digitalizazioaz denaz bezainbatean. Haatik, Frantzian orain bizi duten egoerak duela hiru urte AEBn bizi zutenaren antz handia du.


Gaur-gaurkoz Frantzian liburuak batez ere liburu-dendetan saltzen dira eta ebookak merkatuan duen pisua % 1ekoa da. Beraz, gainerako % 99a paperezko liburuek osatzen dute eta hauen % 90 liburu-denda fisikoetan saltzen dira.


AEBn bestelakoak dira gauzak. Internet bidez erostea oso hedatua dago eta liburu-denda independenteak gainbehera doaz. Kate handiak ere, Borders esate baterako, erortzen ari dira. Penguin-ek horren aurrean paperezko liburua gehiago zaintzearen eta bertsio digitalean eduki mugatuagoa eskaintzearen aldeko apustua egin du. Ikusi behar ea irakurleek hobekuntzak estimatzen dituzten. Helduek behintzat badirudi ezetz.


Arnaud Nourryren ustez, Frantzian ebooka lurra jaten joango zaio paperari, banatzaileei kalte eginez. 

Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Europar Batasunak eduki digitalei eta hizkuntzei buruzko ekimena jarri du abian

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?