Pantaila elektrofluidiko berriek kolorea eta bideoa eskain dezakete bateria gutxi kontsumituz
Pantaila elektrofluidiko berriek kolorea eta bideoa eskain dezakete bateria gutxi kontsumituz
Orain arte kaleratu diren tinta elektronikozko pantailak zuri-beltzezkoak izan dira eta geldoegiak bideoa erakusteko. Kristal likidozkoek ez dituzte ahulezia horiek, baina bateria agudo ahitzen dute. Cincinnatiko Unibertsitateak eta Gamma Dynamics izeneko enpresa sortu berriak akats horiek ez dituen pantaila mota bat aurkeztu dute. Hori bakarrik ez; gaur egungo tinta elektronikozko pantailek baino hobeto islatzen du horrek inguruko argitasuna. Likido koloreztatu bat orri islatzaile baten aurrealdera eta atzealdera zulotxo batzuetan zehar elektrizitatearen bidez mugiaraztean oinarrizten da erabili duten teknologia .
Aspaldi zegoen asmakuntza hori patentatua, baina orain lortu da industrialki ekoiztea, kristal likidozko pantailak ekoizteko erabiltzen den ekipamendu berberarekin, hau da, inbertsio berririk egin gabe.
Hori egin ahal izateko, funtsezkoa izan da DuPont enpresak garatu duen film berri bat, ijezketaz eta prozedura optikoz forma konplexuak formatzea onartzen duena. Horretarako, zirkuitu inprimatuak egiteko erabiltzen den prozeduraren antzeko teknika bat erabiltzen dute. Pixel bakoitzak ile baten lodieraren pareko zabalera du gutxi gorabehera. Pixel txiki-txiki horietan zehar mugitzen den likidoa Cincinnatiko Sun Chemical enpresak garatu du, tinta-zorrotadazko inprimaketan erabiltzen den likidoa egokituz.
Sun Chemicalek garatu duen likidoaren tantatxoak.
Tentsio elektrikoa erabiltzen da zulo txikietan barrena likido koloreztatua mugiarazteko eta tentsioa kentzen denean likidoa dagoen tarteko lekuan geratzen da.
Comments
Post a Comment