Amazonen Price Check aplikazioak sutan jarri ditu txikizkako dendariak
Amazon eta AEBko txikizkako dendariak borrokan dira, Interneteko saltoki erraldoiak kaleratu berria duen Price Check aplikazioa dela eta. Aplikazio horren bitartez, kontsumitzaile batek, denda fisiko batean dagoela, produktu baten barra-kodea eskaneatzen badu, argazkia ateratzen badu edo izena esaten edo idazten badu bere sakelako telefonoa erabiliz, une berean Amazonen produktu horrek duen prezioa jakingo du. Aplikazioa atera zuenean, sustapen-kanpaina bat jarri zuen abian hurrengo larunbaterako. Egun horretan kontsumitzaileek % 5eko beherapena lortzen zuten, 5 dolarrekoa gehienez, produktu jakin batzuetan, baldin eta, denda batean zeudela, produktu horietakoren baten barra-kodea eskaneatzen bazuten. Txikizkako dendariek eskaintza hori salatu egin zuten, esanez ez dela bidezkoa erosleak, dendetan zer prezio duten egiaztatu ostean, sarean erostera bultzatzea. Hori ez da Amazonek eta txikizkako dendariek beren artean duten lehen liskarra. Hori baino lehen kexu ziren dendariak onlin...