Posts

Showing posts from September, 2011

Frankfurteko Liburu-Feriak arreta berezia eskainiko dio aurten digitalizazioari

Iturria:  http://www.knowledgespeak.com   Iaz e-book hobetuen etorrera ikusi genuen bezala, aurten garbi dago multimedia edukiak direla etorkizuna, Frankfurt-eko Liburu-Feriaren zuzendari Juergen Boos-ek dioenez. Gainera dio mundu mailan industriak izan duen esplorazio-fasea gainditurik dagoela orain, eta gai nagusia negozio-estrategiak eta filmen, jokoen eta liburuen industria sortzaileen arteko lankidetza modu guztiz berrien garapena direla. Liburu-Feriak, argitalpen-industriaren munduko topalekurik handiena izateko proiektatua denak, 110 herrialdetako 7.500 erakusle eta 280.000 bisitari izatea espero du. Boos-ek uste du edukien negozioan gertatzen ari diren  aldaketa bizkorrak jakintza asko eta, oroz gain, gai horiei buruzko ideia-trukeak eskatzen ari direla. Frankfurt-eko Liburu-Feriak Alemaniako argitaletxeen eta liburu-saltzaileen elkartearekin elkarlanean, Frankfurt Academy konferentzia-adarra sortuz, eta 2010ean abiarazi zuten Frankfurt SPARKS ekimen dig...

HarperCollins-ek eskatu ahalako inprimaketako programa bat jarri du abian

HarperCollins argitaletxeak iragarri du abian jarri duela "Comprehensive Backlist" [Katalogo Osoa] izeneko programa. Programa honi esker, edozein liburu-dendak, handienetik txikienera, HarperCollins-en katalogoko edozein obra sustatu eta saldu ahal izango du, dendako Espresso Book Machine   (EBM) erabiliz. Liburu-dendek HarperCollins-en katalogoko tapa biguneko milaka titulu saldu ahal izango dituzte, ohiko inprimaketa eta eskatu ahalako inprimaketa konbinatuz. Horrela dendan dagoen stockaren balioa eta dendak duen lekua ez dira muga bat izango. Hasieran, HarperCollins-ek Expresso Book Machine fabrikatzen duen On Demand Books-ekin lan egingo du, dendetan gaur egun ez dauden liburuak berehala banatu ahal izateko. Botoi bat sakatze hutsaz liburuak inprimatzen, batzen eta mozten dira, inprimatuaren kalitatearekin, koloretako azalarekin, minutu gutxitan. "Liburu digitalen salmentak hazten ari diren arren, liburu-dendak leku garrantzitsuak izaten jarraitzen dute, bezer...

Hizkuntzaren prozesamendua erabil zitekeena baino gutxiago erabiltzen da erradiologian

Iturria: Diagnosticimaging Hizkuntzaren prozesamenduak, ahotsa ezagutzeko softwarearen hurrengo belaunalditzat hartzen denak, erraztu egiten du erradiologia-txostenak laburbiltzea, haietan bilaketak egitea eta datuak aurkitzea. Baina berrikitan egindako ikerlan batek erakutsi du oraindik ere profesioanl askok ez dutela erabiltzen. Duela 50 urte gutxi gorabehera, hizketa ezagutzeko softwarea hasi ziren erabiltzen osasun-arloan, eta hornitzaileek erradiologia-txostenen emaitzak grabatzeko erabiltzen zuten. Teknologia aldetik egindako hobekuntzek softwarea beste maila batera eraman dute hizkuntzaren prozesamenduarekin, eta orain oso garrantzitsua da kalitatea hobetzeko egiten diren ahaleginen ikuspegitik, esan zuen Brigham & Women´s Hospital-en lan egiten duen erradiologia-esparruko Ronylda Lacson ikertzaileak. Hizkuntzaren prozesamenduak ahotsez egindako kontakizunak hartu eta haiek egituratu eta bilaketak egiteko  prestatzen ditu. “Hizkuntzaren prozesamenduak medikuei txoste...

Le Petit Robert 2012 iPaderako

Image
Dagoeneko salgai dago AppleStoren  iPaderako Le Petit Robert-en 2012ko edizioa.  Eduki hauek ditu: 60.000 hitz, 300.000 adiera,  185.000 adibide 15.000 hitz elkartu 14.000 lokuzio, esapide eta atsotitz 35.000 aipu  1.240 idazlerenak 180.000 hipertestu-esteka  sinonimo, antonimo eta homonimoetarantz Ohar osagarriak: Edizio nagusien hitzaurre eta hitzatzeen bilduma historikoa Hitzen datazio nagusien korrespondentzia datations de mots Aditz-jokoen taulak Lehenaldiko partizipioaren komunztadura-erregelak eta frantsesezko atzizkien hiztegi txikia.  Izen propioetatik eta leku-izenetatik eratorritako izen eta adjektiboen taula Kontsultatzeko bi era : Orriz orrikoa Bilaketa bidezkoa Funtzionalitateak: Bilatzaileak hurbilketa ortografiko eta/edo fonetikoak onartzen ditu eta baita pluralak, aditz jokatuak, etab. Egindako kontsulten erregistro historikoa gordetzen du Orrialde-markagailuaren bidez hitz-banku bat sor eta kontserba daiteke Z...

Erresuma Batuan liburuen salmenta gainbehera doa

Iturria: buchreport.de Erresuma Batuko liburu-merkatuan alarmak piztu dira. Uztailean uste zena baino gehiago jaitsi baziren salmentak, abuztuan, Alemanian gertaturikoaren antzera,  gainbehera bizian joan dira: liburu-merkatuari buruzko datuak eskaintzen dituen Nielsen konpainiaren BookScan zerbitzuak adierazi du liburu-dendetako salmentak 107,5 milioi liberakoak izan direla, iaz hilabete berekoak baino %8 txikiagoak. Azken sei hilabeteko epe ertaineko azterketak erakutsi du salmentak 677,4 milioi liberakoak izan direla, % 3ko galerarekin; 2055 ezkero izan den emaitzarik txarrena. Bereziki uharteko liburu-denda independenteak daude presiopean. Liburu-denden elkartearen datuen arabera, 1.289 liburu-denda independente daude eta hamar urtean %27 jaitsi da kopuru hori. Eta gero eta gutxiago daude: azken asteotan, berri txarrak etorri dira liburu-dendetatik, ura leporaino baitute. Gutxienez dozena erdi bat liburu-denda independentek itxi dituzte ateak abuztuaren buka...

Zein da hizkuntzen etorkizuna mundu globalizatuan?

Behean ikus dezakezun bideoan Mark Pagel biologoak jakin-mina eragiten duen teoria bat azaltzen du, gizakiok gure hizkuntza-sistema konplexua zergatik garatu genuen gaitzat harturik. Iradokitzen du hizkuntza "teknologia sozialeko" zerbait dela, antzinako giza tribuei beste tresna ahaltsu bat eskuratzea ahalbidetu ziona: lankidetza. Hortik abiaturik hizkuntzen etorkizun posible bat iradokitzen digu. Bideoa euskaraz ikusteko, aukera ezazu Basque hizkuntzen menuan. Hitzaldia entzun ondoren, ondo baderitzozu, erantzun inkesta honi: http:// p2.gg/yk  Oso denbora gutxi eskatuko dizu eta eskertuko dizut iritzia.

Marka pertsonala lantzea. Zenbait liburu.

Gutako bakoitzak har dezake bere burua markatzat eta enpresa baten marka lantzen, komunikatzen eta babesten den bezala, marka pertsonalarekin ere gauza bera egin daiteke, harreman sozial eta profesionaletan arrakasta handiagoa izateko asmoz. Kontzeptu hau lana bilatzeko edo lanez aldatzeko teknika gisa jaio zen. Azken batean, besteek gutaz duten irudia da landu nahi duguna, haiekin dugun harremana hobetzeko. Hona hemen arlo hori lantzeko bibliografia apur bat: –  50 claves para hacer de usted una marca, Tom Peters, Deusto  –  Construya su marca personal, Eleri Sampson, Gedisa –  Marca Personal: ¿Cómo convertirse en opción preferente? , Andrés F. Pérez Ortega, ESIC –  Marketing personal, J.M. Acosta Vera, ESIC – Tu - marca personal, Roberto Álvarez del Blanco, Prentice Hall – Tu marca personal, Hubert Rampersad, LID Editorial . – Y tu, ¿qué marca eres? Neus Arques, Alienta – Yo 2.0, Dan Schawbel, Conecta

Haurrentzako liburuen merkatuan beste jokalari batzuk ari dira sartzen

Image
Argitalpen-mundutik kanpoko agente berriak haurrentzako liburuaren merkatuan ari dira sartzen.  Fenomeno berri horren eragileak tabletak eta koloretako tinta elektronikozko irakurgailuak ugaritzea, HTML5 lengoaiaren sorrera, eta merkatuan gertatzen ari den beste zenbait berrikuntza dira. Aldaketa horiek haurrentzako liburuen merkatuan eragina izatea guztiz logikoa da. Izan ere, helduentzako liburu askok, bereziki testu soilezkoak diren literaturaren generoetakoek, ez dute hainbesteko abantailarik lortzen aurrerapen teknologiko horietatik, baina haurrentzako liburuek ekarpen interesgarriak izan ditzakete. Paperean ere, argitaletxeen irudimenak lan gehiago egin izan du haurrentzako produktuetan:  trokelaturiko ipuinak, margotzekoak, panpinak dituztenak, moztekoak eta itsastekoak, musika jotzen duten txipak dituztenak, usaindunak, etab. Baliabide berriekin erraz aberastu daiteke ipuin bat, esate baterako ozenki irakurtzeko funtzionalitatea erantsiz. Ikus, esate batera...

XXI. mendeko abentura literario bat

Image
Irailaren 1az geroztik Frantziako liburu-dendetan 32 orrialdeko liburuxka bat dago salgai,  Tim Dedopulos izengoitia duen egile batena eta izenburua La chasse au trésor sur Google Earth duena . Ez da liburu mardula, baina bai berritzailea. Irakurleei  Lurraren txoko ezkuturen batean gorderik dagoen  piraten benetako altxor bat Google Earth-en bilatzea proposatzen die. Altxorra non dagoen jakin ahal izateko, 14 enigma argitu behar dira. Leku horren koordenatuak zein diren jakitea lortu duela uste duenak Google Earthera jo beharko du, asmatu duen egiaztatzera. Bilaketan saiatzen direnei egileak aldian behin zantzuak eskainiko dizkie Facebook eta Twitter bidez eta baita The Telegraph periodikoaren bidez ere. Altxorra aurkitzen duen lehenak 50.000 €-ko saria irabaziko du. 2012ko apirilaren 30ean amaituko da parte hartu ahal izateko epea.

Liburuaren lege berria indarrean jarri dute Italian

Irailaren 1ean jarri da indarrean liburuaren lege berria Italian. Bi urteko eztabaida sutsuen ondoren, indarrean da liburuen salneurriari buruzko  "Levi legea" deritzona. Lege berriaren arabera, publikoari edozein liburu-saltzailek gehienez ere % 15eko deskontua egin ahal izango dio, azalean ageri den prezioarekiko . Argitaletxeei ere ezartzen zaizkie mugak: inoiz ezin egin ahal izango dute % 25 baino deskontu handiagorik, eta promozioek ezin izango dute hilabete baino gehiago iraun eta ezin izango dira egin abenduan . Liburutegiek gehienez ere % 20ko deskontuaz erosi ahal izango dituzte liburuak. Orain arte %25 -%30ekoak lortzen zituzten. Italian liburu digitalek % 20ko BEZa dute eta paperezkoek % 4. Levi legeak ez du deus ere esaten liburu digitalez.

Afixatze digitala indarrean dator

Image
Ingelesez Digital Signage deitzen diote, nik euskaraz, beste proposamen hoberik egiten ez den bitartean, afixatze digitala deituko diot, 1852ko zubererazko  katixima hark esaten zuena kontuan izanda: Eta izanen da Mandamentü hau püblikatürik Parropia Meza orotan, errezebitü datekienetik lehen igantian, hala nula afixatürik behar den lekhü orotan . Afixatzea, beraz, ez da atzo goizeko kontua, baina afixatze digitala berria da. Marketin digital dinamikoa ere esaten diote batzuek.  Afixatze digitala salmenta-puntuetan, aretoetan eta kanpoaldeetan (geltokietan, kaleetan, etab.) eduki digitalak komunikatzeko sistema bat da, pantaila, panel eta proiektore digitalez baliatzen dena. Sistema digitala denez, esan gabe doa, guztiz malgua dela: edukiak diferenteak izan daitezke, une batetik bestera leku batean, eta baita leku-batetik bestera une berean ere, eta, jakina, edukien kudeaketa urrundik egiten da, Internet bidez. Xedea argia da: kontsumitzailearekin erostek...

Alfabetatze digitala funtsezkoa da sareko baliabideei etekina ateratzeko

Erresuma Batuan bada erakunde bat  Joint Information Systems Committee  ( JISC ) izenekoa, IKTen erabilera 16 urtetik gorakoen hezkuntzan bultzatzen duena, eta herrialde horretan berean bada beste erakunde bat  Higher Education Academy  ( HEA ) izenekoa, goi-mailako ikastetxeei, ikasleen ikasesperientzia hobetzeko, ikerketa eta ebaluazioaren hobekuntzarako estrategiak ezartzen laguntzen diena. Bi erakunde horiek elkarrekin argitara eman berria dute txosten bat, The value of reuse of open educational resources   izenburua duena. Txosten horrek ikasleei eta irakasleei sareko baliabideak erreferentziatzen eta berrerabiltzen laguntzeko premia azpimarratu du.  Hezkuntzarako baliabide irekiak (HBI) hezitzaileek ikasleentzat eta beste hezitzaileentzat sarean eskuragarri jartzen dituzten edukiak dira, parteka, berrerabil eta birkonbina ditzaten.  Txostenak dio haiek irakaskuntzan erabiltzeak bide berri eta hobeak eskaintzen dituela ikaskuntzan jarduteko...

Manchester City futbol klubak era guztietako baliabide digitalak erabiltzen ditu

Image
Manchester City munduko futbol klub aberatsena da. Jokalarietan diru asko inbertitzen du, eta baita bazkideei doan eskaintzen dizkien baliabide digitaletan ere. Era guztietako baliabide digitalak garatzen ari da: RDFI txipak, errealitate areagotuz hornituriko bazkide-txartelak, telebista-kanalak, Foursquare, Facebook, iPhonerako aplikazioa , etab. Bazkide-txartela RFID txiparekin, QR kodearekin eta errealitate areagoturako prestatua.  Zer ikusten dute pantailan aktore horiek? Nik uste dut oraingoz ez dutela ezer ikusten. Egia esan, ematen du garbiago dutela baliabide horiek ustiatu behar dituztela, oraintxe bertan nola erabili baino.

Bideoproiekziozko mapaketa

Image
Bideoproiekziozko mapaketa proiekzio-teknika berri bat da, ia edozein gainazal, hala nola erakin baten fatxada, bideo-pantaila dinamiko bihur dezakeena. Esate baterako, "The Tourist" filma, Angelina Jolie eta Johnny Depp aktoreek jokatzen dutena, aurkezteko, AEBeko Dallas hirian dagoen Praetorian Building eraikinaren fatxadan 24x24 m-ko proiekzio bat egin zuten.  Hauxe da eraikina: Eta hau han egin zuten proiekzioa:

FNACeko PDGak batasuna eskatzen du AEBetako erraldoien aurrean

France Presse agentziatik jasotako albistea FNACeko presidente zuzendari nagusi Alexandre Bompard-ek, joan zen asteazkenean, argitaletxeei, egileei eta liburu-dendei "elkarrekin arduratsu jokatzeko"  eskatu die, Interneteko erraldoi estatubatuarrak ez uzteko ia monopoliozkoa litzatekeen egoera batean liburu digitalaren merkatuan. "Merkatu hori ez  dakioke utz erraldoi estatubatuarren monopolioari. Gogoan izan ezazue zer gertatu den musikaren arloan. Eta gu ondo kokatuak gaude FNACen horretaz mintzatzeko", zioen  Bompard jaunak, FNACen 10. eleberri-sariketa emateko ekitaldian. "Haien estrategia argia da: oso salneurri erasokorren politika erabili, edukiaren balioa ukatuz, bezero berriak berenganatzeko helburuarekin soil-soilik", gehitu zuen. "Beren prezioak ezarriz, banatzaile estatubatuar handiak, hala nola Apple eta Amazon, argitaletxeen eskuetatik behin-betiko ihes egingo lukeen eskaintzaren preskripzio-politikaren jaun eta jabe bihurtuko lirate...

Frantsesezko e-book argitaratzaileak batu egin dira "rentrée"ari begira

Irailaren 1etik azaroaren 15a bitartean, esan nahi baita "rentrée" literarioaren sasoian, edizio elektronikoen hogei bat argitaletxe eta banatzailek elkarrekin, webgune berean , aurkeztuko dituzte beren 100 bat nobedadeak. Paperean argitaratuko dituzten eleberri guztiek izango dute beren bertsio digitala ere. Erabiltzaileek aukera izango dute titulu horiei buruzko informazio guztiak eta hainbat eduki eskuratzeko, hala nola egileekin egindako elkarrizketak. Aukera izango dute, halaber, beren kritikak webgunean argitaratzeko. Lankidetza eta lehiaketa adostea erabaki dute, beraz, egitasmo honetan parte hartzen duten etxeek .