Espresso Book Machineren ongaitzak eskarmentua dutenek diotenaren arabera

Rick Anderson liburuzaina, bi urtean Espresso Book Machine (EBM) bat erabili ostean, eskatu ahalako inprimaketako makina horren abantailez eta desabantailez mintzo zaigu The Scolarly Kitchen blogean. Han azaltzen duena laburbildurik ekarri dut hona. Hara zer dioen:
  • Ez dago ezer beti dirudien bezain ona denik. EBMkbost minutu inguru behar ditu 300 orrialdeko liburu bat inprimatzeko, makina beroturik baldin badago, baina, hala ez badago, 45 minutu edo ordubete behar du kola urtzeko. Bestalde, 3.000.000 titulu daudela berehala inprimatzeko prest diotenean, ez dute esaten horietako asko jabari publikoko oso titulu zaharrak direla, oso jende gutxiri interesatzen zaizkionak, eta, aldiz, titulu berri interesgarri asko ez daudela eskura.
  • Makina berria zenez,  izan ditu funtzionamendu-akatsak. Klima idorreko leku batzuetan, elektrizitate estatikoaren erruz, orriak ez ziren txukun pilatzen. Izan ditu,  beste arazo batzuk ere: batzuetan tinta-txorrotada ez zela irteten edo tinta-jarioak gertatzen zirela, sentsore batzuek ez zutela ondo funtzionatzen, azalak ateratzea asko kostatzen zela, etab. Arazo horietako gehienak konpondurik daude dagoeneko. Agindutako zenbait funtzio, hala nola aspaldi agindu zuten testu-blokeak kolorez inprimatzekoa, atzeratzen ari dira. Hortaz, oraingoz, testuak zuri-beltzez inprimatzen dira eta azalak koloretan, nahi izanez gero.
  • Oraindik makina gutxi daudenez instalaturik, argitaletxeak ez dira titulu berri asko eskura jartzen ari. Mundu osoan 45 makina daude 41 lekutan. Horietatik 12 liburutegietan daude. Horregatik, argitaletxeek ez dute interes handirik erakusten tituluak gehitzeko.
  • Bilatzailea kaskarra da. Gakohitzen bidez soilik egin daitezke bilaketak. Txarrena, ordea, metadatuen kalitate eskasa da, 3.000.000 tituluko datu-basean bilaketa zehatzak egitea asko zailtzen baitu horrek. Arazo horrek ez du konponbide erraza, izugarrizko kostua ekarriko lukeelako datu-basea metadatu egokiz hornitzeak.
  • Sistema arrakasta izaten ari da hala ere, eta ez uste zen arloetan, hain zuzen. Titulu askoko biltegi handi bat izatea erakargarria gertatuko zela uste zen, bestela eskura ezinezkoak ziren tituluak inprimaturik lortzeko aukera emango zuelako. Hori ez da hain erakargarria gertatu, baina zientzia-elkarteetako urteko txostenak eta partikularren lanak argitaratzeko, esate baterako, eskari asko ari dira izaten.
  • Makina jartzen lehenengoetakoei esperientzia garesti irten zaie. Dirua eta atentzioa, biak, asko eskatu dizkie makina jartzen lehenengoetakoei, teknologia asmatu berri batekin beti gertatu ohi den bezala. 






Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Ikasmaterialgintzan nagusituko den zenbait joera

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?