Noam Chomskyk hizkuntzen aniztasuna zaintzeaz mintzatzean euskara aipatu zuen

Apirilaren 8an Talks at Google programako elkarrizketan egin zioten galderetako bat hau izan zen:

Aukerez eta esperantzez ari izan zarenean, zure kide Kenneth Hale eta hark jatorrizko amerikarrez eginiko lana aipatu dituzu. Zure ustez, zenbaterainoko garrantzia du hizkuntzak desagertzeak? Hau da, zenbaterainoko garrantzia du gizadiarentzat gaur egungo hizkuntza-aniztasuna zaintzeak?

Eta hau Chomskyk eman zuen erantzuna:

Ken Hale, Anneren adiskide ere bazena, irakaslea, hizkuntzalari eta pertsona bikaina ere bazen. Lan handia egin zuen lekuan lekuko hizkuntzekin, mundu osoan zehar. Australian --fundatzailetako bat izan zen, Amerikako jatorrizko hizkuntzekin lan egin zuen, Erdiko Amerikakoekin, Afrikakoekin, eta abar. Eta benetan lan harrigarria egin zuen, baina bere lanaren alderdi horrek bereziki sortu zizkion kezka eta interesa-- babesten ahaleginduz. Eta egokiro azpimarratu zuen bezala, hizkuntza bat desagertzen denean, asko galtzen da. Hizkuntza bat kultur altxor bat da. Modu bat da-- horrek lehen esan dudanarekin du zerikusia-- hizkuntza bakoitza mundua ulertzeko eta interpretatzeko modu bat da. Tradizioaren altxorra darama, historian, ahozko historian, guztiz aberatsa izan daitekeena. Har ezazue Biblia, esate baterako. Urtetan hori ahozko historia izan zen, ezer idatzi baino lehen. Homero ahozko historia da. Eta hori horrela da mundu osoan. Eta altxor horiek galtzen ari gara hizkuntza bat galtzen den aldiko. Eta herriak berak beren identitatea galtzen ari dira. Ingelesa desagertuko balitz, gure kultur identitatea galduko genuke eta horixe bera gertatzen da nonbait dagoen talde txiki batekin ere. Beno, bada, Kenen lorpenetako bat horri dagokionez, nahiko ikusgarria izan zena, izan zen kolonizatzaileak etorri baino lehen hemengo hizkuntza garratzitsuenetako bat izan zenari eustea. Gogoan izan AEB ez dela inperialismo forma ohikoa. AEB mendetan gizarte koloniala izana da. Berez hori horrela da Anglo esfera deritzan guztiarentzat, Bretainia Handiaren menperaldi inperialetik sortu ziren herrialdeentzat. AEB, Kanada, Australia, neurri handi batean Zeelanda Berria-- haietara joan ziren kolonizatzaileek ez zuten herrialdea britainiarrek India gobernatu zuten moduan gobernatu. Britainiarrek Indian burokratak, funtzionarioak, eta abar jarri zituzten. Baina indiarrek britainiar legearen menpean funtzionarazi zuten herrialdea. Gurea bezalako mendetako gizarte kolonialak desberdinak dira. Herrialdearen fundatzaileei begira diezaiegun-- hala nola, eman dezagun, George Washingtoni. Hark oso ondo ulertu zuen irokesa erauzi behar zuela eta halaxe egin zuen. Oztopatu egiten digute eta suntsitu egin behar ditugu. Zibilizazio aurreratua ziren. Berez, AEBko sistema konstituzionalaren parte on baten oinarria izan ziren. Baina erauzi egin behar genituen. Oztopoa ziren. Jatorrizko populazioak suntsitu egin behar ditugu erasotzen digutelako, esan zuen Thomas Jeffersonek. Eta zergatik erasotzen digute? Dena kentzen ari gatzaizkielako. Hark ez zuen hori esan. Baina, oro har, gizarte kolonizatzaileak neurri handi batean suntsitu edo gutxienez baztertu egin behar dituzte bertako populazioak. Bada, horixe gertatu zen hemen. Beraz gu gauden leku honetan bertako populazioa ia guztiz suntsitu zen. Badira bizirik iraun dutenak. Hitz egiten zen hizkuntza garrantzitsuenetako bat wampanoagera zen. Ez zen hitz egin mende batez. Azken hiztuna mende bat lehenago bizi izan zen. Kenek eta ikasle batzuek eta oraindik bizi den wampanoag tribuko emakume batek, Jessie Little Doe-k [Jessie Basauntz Txikik] hizkuntza berreraikitzea lortu zuten beste hizkuntza batzuetako lekukotasun konparatiboak eta kontserbatzen ziren misiolarien testuak erabiliz. Eta, hortik abiaturik, gai izan ziren hizkuntza nolakoa izan zen ondorioztatzeko. Eta orain badago jatorrizko hizkuntza duen lehen hiztuna, Jessie Little Doe-ren alaba, jatorrizko hizkuntza wampanoagera duena. Hori tribua biziberritzea da. Orain hori estudiatzen ari dira, haren historia berreraikitzen. Suspertzen ari dira. Nahiko lorpen harrigarria da. Jessiek bere doktoregoa gurekin, Kenekin, haren sailarekin atera zuen. Uste dut lehenbiziko aldiz gertatu dela hori. Orain ahaleginak egiten ari dira horretarako, beste leku batzuetan. Biziberritzea posible baina, oraintxe bertan, izugarrizko suntsitzea ari da gertatzen. Espezieak suntsitzea, esate baterako, 65 milioi urtean inoiz gertatu ez den mailan ari da gertatzen literalki-- itxuraz asteroideak Lurra jo zuen garaian dinosauroak eta bizidun mota gehienak suntsitu ziren. Ugaztunak bizirik iraun zuten. Horregatik gaude hemen. Baina, oraintxe bertan, gauza bera ari da gertatzen. Espezieak suntsitzen ari dira, maila bertsuan. Eta orain gu gara asteroidea, jakina. Espezieak masiboki ari gara suntsitzen. Hizkuntzak suntsitzea antzeko zerbait da kultur mailan eta giza mailan. Giza zibilizazioaren aberastasuna eta munduaren ulerkuntza suntsitzen ari gara. Laster ari da desagertzen. Europan ari da desagertzen-- ez kultura indigenatan hain justu. Beraz, joaten bazara, demagun, Italiara, badaude pertsonak amonarekin hitz egin ezin dutenak. Amonek bestelako hizkuntza bat hitz egiten dute. Dialektoak esaten zaie, baina benetan beste hizkuntza batzuk dira. Europako hizkuntzen kopurua izugarri murriztu da azken urteotan, estatuak eratzearen ondorioz. Estatuak eratzen direnean, estatuen eraketa oso indarkeriazko prozesua da. Forma zurruna inposatzen du gizarteetan, elkarrekin zerikusirik ez duten jendeak elkarrekin jarriz eta zerikusi handia duten herriak bereiziz. Horregatik zen Europa munduko lekurik basatiena mendetan, estatuak eratzen ari ziren bitartean. Munduan zehar begiratzen duzu gaur egun eta gatazka gehienak inperioen mugetan daude. Mugak botere inperialek inposatu zituzten beren interesen arabera, jende gehienarentzat ezer esan nahi ez zuten estatuak eratuz. Har ditzagun, esate baterako, Pakistan eta Afganistan. Hitz egiten dugu Pakistandik Afganistanerako muga zeharkatzen duten terroristez. Haietako asko paxtunak dira --britainiarrek inposatu zuten lerro batek, Durand lerroak, bereizten dituen paxtunen lurraldearen parte batetik paxtunen lurraldearen beste parte batera mugitzen direnak.  Muga hori ez zuten onartu inoiz afganistandarrek, paxtunek. Hori alde guztietan gertatzen da gaur egun. Obama presidentearen lorpenetako bat dokumenturik gabeko ia bi milioi immigranteri buruzko fitxak puskatzea izan da. Haiek muga bat gainditzen ari dira --Mexikoren eta AEBren artekoa-- oro har estatuen arteko mugen antzera, indarkeria ankerrez eta erasoz ezarri zena. AEBk Mexikoren erdia konkistatu zuen. Grant presidenteak deskribatu zuen, han borrokatu baitzen, historiako gerrarik gaiztoena izan zela esanez. Bada, horrexek ezarri zuen muga. Nahiko muga irekia zen. Jende mota berbera bizi zen alde bietan oraintsu arte. Orain asko militarizatu da. Batez ere NAFTAz geroztik. NAFTA (Ipar Amerikako Merkataritza Librerako Akordioa) eratu zenean, Clinton presidenteak, haren aholkulariek, oso ondo ulertu zuten horrek Mexikoko ekonomia hondatzera zihoala. Eta Mexikoko laborantza hondatzera doa. Enpresa txikiei azpia jatera doa, et abar. Mexikoko nekazariak aski eraginkorrak izan daitezke, baina ezin dira lehiatu dirulaguntza publiko handiak jasotzen dituzten Estatu Batuetako laborantza-enpresekin. Beraz, immigrante-jarioa izango da. Beraz, muga militarizatzera jo dugu haiei bidea oztopatzeko. Haiek atzera egozteko. Oraintxe, gaur bertan, hementxe, Bostondik gertu-- gure inguruan, badaude pertsonak Guatemalako goierrietatik ihesi datozenak. Maia indiarrak, Guatemalako goierrietatik ihesi datozenak. Haien hizkuntzak ere galtzen ari dira. Zergatik datoz ihesi Guatemalako goierrietatik? Hara, bada, Ronald Reaganen garaian, AEBk diktadura militarraren maia indiarren aurkako eraso genozidak babestu zituen Guatemalako goierrietan. Eta suntsitzea hain ikaragarria izan zelarik, oraindik ihes egiten ari dira. Guk erbesteratu egiten ditugu. Mexikon zehar etortzen dira. Erbesteratu egiten ditugu. Hori estatu arteko muga da. Horrela funtzionatzen dute mugek. Horrela funtzionatzen dute mundu osoan. Begirada bat egiezue mundu osoko izugarrikerien historiei. Ia erabat, estatuen arteko mugen inposizioaren ondorio dira, eta hizkuntza asko galtzea ere horren ondorio da. Estatuen arteko muga bat inposatzen duzunean, dela Frantzia edo Italia edo Guatemala edo beste edozein edo Estatu Batuak, arazo honi dagokionez, muga horren barruan hizkuntza asko eta asko suntsitzen ari zara. Ez da espezieak suntsitzea, baina antzeko zerbait da. Eta denbora guztian ari da gertatzen. Eta espezieak, kulturak, gizarteak, hizkuntzak salbatzeko ahalegina ahalegin handia da. Europan ere gertatzen ari dena. Oraintxe bertan erreferendum bat dator Katalunian. Beste bat Eskozian autonomiaz edo independentziaz galdetzeko. Europako estatu-sistema, denbora batez izan dena, desegiten ari da, eta hizkuntzak berreraikitzen ari dira. 1970eko hamarkadaren bukaeran Bartzelonan izan nintzen. Ezin zenuen hitz bat katalanez entzun. Hitz egiten zen baina ezkutuan, AEBk babestu zuen diktaduraren mendean debekaturik zegoelako. Hamar urte geroago, Kataluniara joaten bazinen, katalana baizik ez zenuen entzuten. Biziberritu egin zen. Euskara biziberritu egin zen. Beste eskualde-hizkuntza batzuk biziberritzen ari dira. Galesen zehar ibiltzen bazara, eskolatik irteten diren haurrak galesez ari dira. Horrelako gauzak ari dira gertatzen. Kenen lorpena bakarra zen, baina garapen naturala da. Nik neuk uste dut hori bultzatu egin behar litzatekeela. Baina aitortu behar genuke galera izugarria izaten dela gizarte baten kultur altxorra desagertzen denean. Hori batez ere haren hizkuntzan dago txertaturik.

Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Ikasmaterialgintzan nagusituko den zenbait joera

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?