Teknologia hezkuntzan. Egoera eta joerak


Teknologia asko hedatu da gure ikastetxeetan azken urteotan. Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak Ikastetxeetan. 2014/15 Ikasturtea txostenean dioenez, 2,46 ikasleko ordenagailu bat dago, eta ikasleek erabiltzen dituzten ordenagailuen % 98,25 Internetera konektaturik daude. Hezkuntzan erabiltzen den teknologia ez da, ordea, ordenagailuetara mugatzen. Ondoko pasarteetan errepaso txiki bat egingo diegu makina horiez baliatuz hezkuntzan erabil daitezkeen teknikei.

Ikaskuntza pertsonalizatua

Tresna digitalek, softwareak eta ikaskuntza-plataformek hezkuntza ikasle bakoitzaren beharretara, ikasteko estiloetara, gainditu beharreko gabezietara, zaletasunetara egokitzeko aukera paregabea eskaintzen dute. 

Abagune horietaz baliatzeko kontuan izan beharreko irizpideek lau oinarri hauek dituzte:

  • Ikasle bakoitzak dituen trebetasunak, gabeziak, zaletasunak eta helburuak jasotzen dituen fitxa bat prestatu behar da.
     
  • Ikasle bakoitzak ikaskuntza-ibilbide pertsonalizatua jarraitu behar du, helburu akademikoak bere buruari jartzen eta kudeatzen lagunduko diona.
     
  • Ikasleek konpetentzietan oinarrituriko aurrerabide bat jarraitu behar dute, gai bat menderatzen dutela frogatzeko gaitasuna bilatzen duena eta ez ikastaroa gainditzea.
     
  •  Ikasleen ikasketa-inguruneak malguak eta bakoitzaren helburuak lortzen laguntzeko moduan egituratuak izan behar dute. 
Helburu horiek lortzen lagundu dezake teknologiak. Ikasleek ordenagailuak eskura baldin badituzte, nonahi eta noiznahi ikas dezakete. Ikasketa kudeatzeko sistemak, ikaslearen informazioa kudeatzeko sistemak eta beste software batzuk erabiltzen dira etxeko lanak banatzeko, hitzorduak eta komunikazioak kudeatzeko eta ikasleen aurrerapena jarraitzeko. Hezkuntzako softwarea eta aplikazioak, gero eta gehiago, gai dira, ikasleak dakiena neurtzeko ez ezik, baita ikaskuntza-prozesua nola doan erakusteko edo ikaslearen aldartearen berri izateko.

Horrek guztiak eskolei eta irakasleei beren lan egiteko era aldatzea eskatzen die. Malgutasuna eta programazioaren eskakizunak ezkondu behar dituzte, eta  irakasleek aspalditik errotuak dituzten ohiturak aldatu behar dituzte.

Eskola-sisteman ordenagailuak erabiltzea bultzatzen denean espero da ikasleei eduki pertsonalizatuagoak ematea, ikasleek beren kasa ikastea nork bere gaitasunen arabera, ikasleak teknologiaren erabileran trebatzea, lan konplexuagoak egiteko aukera eskaintzea, eskolen kudeaketa hobetzea eta eskola-komunitatearen barruko komunikazioa hobetzea. Hala ere, gauzak ez dira beti horren ondo joaten. Ordenagailuek eta instalazioek dirua eskatzen dute, Interneteko konexio ona  behar da, eta, oroz gain, oinarrizko planteamendu pedagogikoa askotan ez dago behar bezain landua. Azken finean errazena da erosketak egitea eta zailagoa teknologiari zukua ateratzea.


Ikaskuntza konbinatua
Partez zuzenekoa eta partez teknologia bidezkoa da ikaskuntza konbinatua. Hainbat eratan egin daiteke konbinazioa. Eskola barruan teknologia erabil daiteke ikasgelan bertan edo informatika gelan. Teknologia bidezko ikaskuntza izan daiteke ohikoa ala osagarria, ikasitakoa aberasteko eta indartzeko. Ikasle guztientzat software berbera egon daiteke ala ez. Joera nagusia da ikasgelan egiten den lana eta teknologia bidezkoa elkarrekin loturik egotea. Beste joera bat da ikasleak eskolatik kanpo Internet erabiltzera bultzatzea.

Material digitalen erabilera ikasgelan

 Eusko Jaurlaritzaren EIMA katalogoa kontsultatzea nahikoa da ikusteko azken urteotan hezkuntzarako ikasmaterial digital asko ekoiztu dela: jolas didaktikoak, ordenagailu-jokoak, liburu interaktiboak eta erreferentzia-softwareak.  Horri esker eskola askok erabiltzen dituzte baliabide digitalak. Hala ere, oraindik paperezko ikasmaterialak dira nagusi.

Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Ikasmaterialgintzan nagusituko den zenbait joera

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?