Liburu gomendagarria: Jeremy Rifkin. La sociedad de coste marginal cero
Argitaratu berria da liburu hau:
La sociedad de coste marginal cero
La sociedad de coste marginal cero
- Egilea: Jeremy Rifkin
- ISBN: 978-84-493-3051-3
- EAN: 9788449330513
- Argitaletxea: PAIDOS
- Hizkuntza: Gaztelania
- Edizio urtea: 2014
Egilea
Liburuaren mezua
Rifkin-ek agerian jartzen du kapitalismoaren paradoxa bat, arrakastatsu bihurtu zuena baina orain heriotzara daramana: merkatu lehiakorren dinamismoa, produktibitatea handitzen duena eta kostu marjinala jaitsarazten duena. Kostu marjinala da ondasun edo zerbitzu baten emendiozko unitateak ekoizteko kostua, kostu finkoak alde batera utzita. Enpresek merkatu egiten dituzte ekoizten dituzten ondasunak, kontsumitzaileak bereganatu eta merkatu-kuota irabazteko. Ekonomialariek beti ontzat eman izan dute kostu marjinalak txikiagotzea, eta inoiz ez dute aurreikusi izan iraultza teknologiko bat etorriko zenik kostu marjinalak hutsaren hurrengora jaitsiko zituena. Horrek eragingo luke ondasunak eta zerbitzuak ia dohainikakoak eta ugariak izatea eta merkatuko indarren menpekoak ez izatea.
Gaur egun indarra hartzen ari da azpiegitura teknologiko ahaltsu bat, gauzen Internet deritzoguna, datozen urteetan jarduera ekonomiko askoren kostu marjinalak ia hutsera eraman ditzakeena. Rifkin-ek dio komunikazioaren Internet eta logistikaren Internet batzen ari direla, edozer edonorekin konektatzen duen plataforma teknologiko bat sortzeko. Milaka milioika sentsore ari dira atxikitzen baliabide naturalei, produkzio-lineei, sare elektrikoei, logistika-sareei, birziklatze-prozesuei eta jartzen ari dira etxeetan, biltegietan, bulegoetan, ibilgailuetan eta are gizakietan. Horiek Big Data deritzenen (datu kopuru erraldoiak) sare neural global bat elikatzen dute. Protsumitzaileak (aldi berean Produktore eta kontsumitzaile) direnak konekta daitezke sarera, eta datu kopuru erraldoiak, datuen analisia eta algoritmoak erabil ditzakete, efizientzia areagotzeko, produktibitatea nabarmen handitzeko eta hainbat produktu eta zerbitzu ekoizteko eta partekatzeko, kostu marjinala ia hutseraino jaisteko, dagoeneko informazioarekin egiten duten bezala.
Kostu marjinalen beherakada handi hori ekonomia hibrido bat ari da sortzen, partez eredu kapitalistaren araberakoa eta partez partekatze bidezko ondasunetan oinarritua, eta hori ondorio nabarmenak izaten ari da, Rifkinek dioenez. Ehunka milioi pertsona ari dira dagoeneko beren bizitza ekonomikoaren atal batzuk partekatze bidezko ondasunen ekonomiara aldatzen. Protsumitzaileak beren informazioa, entretenimendua, energia berdea eta 3D inprimagailuz eginiko produktuak ekoizten eta partekatzen ari dira, ia kostu marjinalik gabe. Autoak, etxeak, arropak eta beste gauza batzuk partekatzen ari dira sare sozialen, kluben, kooperatiben, eta abarren bidez, kostu marjinal apalean edo urririk. Ikasleak online ikastaro irekitan (MOOCetan) matrikulatzen ari dira. Batzuek ohiko bankuen beharrik gabe finantzatzen ari dira enpresen sorkuntza, mikromezenasgo edo crowdfunding delakoaren eta moneta alternatiboen bitartez. Mundu berri honetan kapital soziala kapital finantzarioa bezain garrantzitsua da, irisgarritasunak jabegoa gainditzera darama, jasangarritasunak kontsumismoa garaitzen du, lankidetzak lehia, eta kapitalismoan nagusi den "trukatze-balioa" gero eta gehiago "partekatze-balioak".
Rifkin-ek ateratzen duen ondorioa da kapitalismoak hor jarraituko duela baina gero eta eginkizun mugatuagoekin, hala nola sareko zerbitzuen eta soluzioen hornikuntzan, eta ekonomia berri hori gero eta leku handiagoa hartuz joango dela.
Comments
Post a Comment