e-book-en etorkizunari buruzko txostena Londresko Book & Consumers konferentzian

Atzo, martxoak 23, Publishing Technology enpresak eskaturik argitalpenen garapenaz eta etorkizunaz egin duten ikerlan baten aurkezpena egin zuten Londresko Books & Consumers  konferentzian.

Publishing Technology plc Erresuma Batuko enpresa bat da, argitaratzaileei informazio-teknologia eta zerbitzuak eskaintzen dizkiena.

Ikerlan horren ondorioz egin duten txostenak dioenez, Erresuma Batuko argitaletxeek aurreikusten dute 2012an iritsiko dela e-book-en gorakada nabarmena. Ordurako, liburu-salmenta osoen % 10 baino gehiago e-book-ei zor izango zaiela uste du inkestaturiko argitaletxeen heren batek.
Dagoeneko Erresuma Batuko argitaletxe batzuek inbertsio handiak eginak dituzte argitalpen digitalei begira, eta, txostengileek diotenez, gero eta nabarmenagoa izango da inbertsioak egiten dituztenen eta ez dituztenen arteko aldea.

Inkestatuen % 81ek uste du argitaratuko diren liburu berri gehienak paperean eta euskarri digitalean argitaratuko direla 2016rako.

Katalogoan dauden tituluak duela 10 urte uste zena baino lasterrago digitalizatu dira. Argitaletxeen % 53k erantzun dute beren katalogoen % 10 baino gehiago dagoeneko e-book moduan jarriak dituztela eta hori lastertu egingo dela. Erantzuleen % 71ek esan dute beren katalogoen erdia baino gehiago e-book moduan eskainiko dutela 2016rako.

Lehenago egin zuten inkesta batean ia argitaletxeen erdiek aurreikusi zuten beren diru-sarreren % 10 baino gehiago e-booketatik etorriko zitzaiela 2006rako, baina 2011n % 10ek bakarrik esaten du hori lortu duela.

Bi herenen ustez, titulu gehiago eskuragarri izatea da e-book-en salmenten hazkundea sustatzeko erarik onena, eta erdiek uste dute eduki hobetuek lagundu egingo dutela e-booken merkatua bultzatzen, datozen bost urtetan.

Comments

Popular posts from this blog

Ikasmaterialgintzan nagusituko den zenbait joera

QR kodeak erabiltzeko gida

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?