IKTak Koreako Errepublikaren hezkuntza-sisteman

Unescok txosten bat argitaratu du IKTek Koreako Errepublikaren hezkuntza-sisteman duten tratamenduaz. Hemen laburpen bat eskaintzen dugu.

Txostenak herrialde hartan, IKTak hezkuntzan erabilltzeari dagokionez, dituzten politikak, legeak, antolakuntza, aurrekontuak eta politika horiek gauzatzea nola doazen azaltzen du. Arreta berezia jartzen du azpiegituretan, curriculumetan, irakasleen trebakuntzan, estandarretan eta kalitatea bermatzeko sisteman, jagoletza- eta ebaluazio-sistemetan.
1996az geroztik hiru plan nazional nagusiren arabera garatu dituzte Koreako Errepublikan IKTak hezkuntza-arloan. Lehen plan nagusiak 1996-2000 urte-bitartea hartu zuen eta IKTen azpiegitura lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeetan ezartzea zuen helburu. Bigarren plan nagusia 2001-2005 urte-bitartean garatu zen eta xedetzat, hezkuntzako edukiak eskuratzeko bide irekia eskainiz, eta irakasleak trebatuz, hezkuntzaren kalitatea hobetzea hartu zuen. Gainera, Hezkuntzako Informazio-Sistema Nazionala deritzon sare informatikoa eraiki zuten, hezkuntzaren administrazioa informatizatzeko. Hirugarren plan nagusia, 2006tik 2010era gauzatu dena, sistema iraunkortzean eta sistema aurreratuak garatzean, hala nola tresna mugikorren bitartezko ikaskuntzan eta ikasliburu digitalak garatzean zentratu da.

Egitasmo hauek guztiak aurrera eramateko, lankidetza estuan jardun dute Hezkuntza, Zientzia eta Teknologia Ministerioak, Hezkuntza eta Informazio Zerbitzuak eta eskualdeetako hezkuntzako 16 ordezkaritzak, ministerioaren koordinaziopean.

IKTen azpiegitura ikastetxeetan ezartzearen helburua hezkuntzan berdintasuna sustatzea zen, osin digitala saihesteko. Eskolak Aitzinatzeko Egitasmoaren bidez sare lokalak instalatu zituzten ikastetxeetan, Internet bidezko multimedia laborategiak jarri zituzten, gelak ordenagailuz eta gainerako tresnaz hornitu zituzten eta laguntza-sistema bat ezarri zuten


1990eko hamarkadaren erditik aurrera ari izan dira IKTak eskola-curriculumetan txertatzeko ahaleginean. Egitasmo bereziak bultzatu dituzte, hezkuntzarako material osagarria sortzeko, ikasliburu digitalak garatzeko softwaregintzarako eta horrela.
1980ko hamarkadaren bukaeran hasi ziren irakasleak IKTetan trebatzen. Lehenbiziko planetik hirugarrenerako bidean, irakasleen trebakuntza-saioon planteamendua aldatuz joan da: hasieran irakasleak informatikarekin ohitzea bilatzen zuten eta denbora joan ahala informatika curriculumean integratzeari garrantzi handiagoa eman diote.
Informazio-zerbitzuaren sistemak hiru atal ditu: irakaskuntzakoa, administraziokoa eta etxetik ikastekoa. Irakaskuntzakoak maila bakoitzerako multimedia edukiak, ikasgai-planak eta ebaluazio-tresnak sortu ditu, administraziokoaren xede nagusiak, alde batetik, datu estatistikoak kudeatzea izan da, eta, bestetik, pertsonaleko, finantzetako eta gainerako antolaketa-arazoak kudeatzea


Etxean ikasteko sistemak edukiak eta tutoretza pertsonalizatua eskaintzen ditu.

Gero eta gehiago erabiltzen direnez e-learning sistemak, estandarizazio-, berrerabilera- ,bateragarritasun-arazoei eta kalitatea bermatzeko neurriei garantzi handia ematen diete.

Jagoletza- eta ebaluazio-sistemak funtsezkoak dira ekintzen egoera zein den diagnostikatzeko, emaitzak ebaluatzeko eta etorkizuneko ekintzak planifikatzeko.
Atzerriko harremanak ere zaintzen dituzte. Esate baterako, urtero hango sistemak ezagutu nahi dituzten gutxienez  50 herrialdetako bisitariak izaten dituzte.

Eredugarriak gertatzen ari dira, beraz, Koreako Errepublikan IKTak hezkuntzan txertatzeko garatzen ari diren programak eta ekintzak.

Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Ikasmaterialgintzan nagusituko den zenbait joera

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?