Aldizkari espezializatuak paperetik digitalera pasatzeko zenbait aztergai

Badira aldizkari espezializatu batzuk milaka aleko tiradak izaten dituztenak, baina gehienek askoz tirada txikiagoak izaten dituzte. Azken hauetako asko liburutegietara banatzen dira bereziki eta, asko jota, mila bat harpidedun izaten dituzte.

 Alderdi ekonomikoa

Gero eta aldizkari gehiago digital hutsak bihurtzen ari dira. Horretarako arrazoi nagusia kostuak murriztu nahia izaten da. Beste aldizkari batzuk bi bertsiotan argitaratzen dira, digitalean eta paperezkoan. Kasu hauetan kostuak murriztu ez, baizik eta handitu egiten dira.

Zer komeni da gehiago? Itxura batean, papera baztertzea eta digitalera pasatzea, baina hobe izango da hori sakonago aztertzea.

Besteak beste, alderdi ekonomikoari begiratu behar zaio. Paperezko aldizkari bat eskuratzeko era bat baino gehiago izaten dira:
  • Harpidetza.
  • Zenbaki solteak erostea.
  • Doan eskuratzea.
Demagun aldizkari baten hiru zenbaki argitaratzen direla urtean. Urteko harpidetza kosta liteke, esate baterako, 35 € eta zenbaki soltea 14 €. Horrela, harpidedun egitea merezi izaten du, aldizkaria luzaro eskuratzea interesatuz gero.

Ez dira gutxi izaten, aldizkari askoren kasuan, doan banatzen diren aleak: erakundeei edo bazkideei igortzen zaizkienak eta beste aldizkari batzuekin trukean bidaltzen direnak.

Kasu konkretu bat jarriko dut, zenbaki batek sortzen dituen diru-sarrerak kalkulatzeko:

Tirada: 700 ale
Harpidedunak: 400
Oparituak eta trukean: 150
Solte salduak: 50
Biltegian geldituak: 100

Aldizkari horren tarifak goian adibide gisa aipatu ditudanak balira, diru-sarrerak honako hauek lirateke:

400x(35/3) + 50x14 = 5.366,67 €

Ale bakoitzeko, konposizio-, inprenta- eta bidalketa-kostua 7 €-koa balitz, kostua guztira 4.900 €-koa litzateke eta aldizkaria manten liteke.

Zer gertatuko litzateke erabakiko balitz aldizkariaren paperezko bertsioaren ordez digitala egitea? Konposizio-kostuak ez lirateke txikiagoak izango, handiagoak baizik, zeren digitalean gutxienez esteka batzuk eta indexazioa gehituko genizkioke, eta ostatatze-kostuak izango genituzke. Inprenta- eta banaketa-kostuak aurreztuko genituzke.

Eta sarrerak? Kobratzea erabakitzen bada, gauzak konplikatu egingo zaizkigu:
  • BEZa %18koa izango da. Bezeroak digital hutsera erakarri nahi baditugu, harpidetza gutxi gorabehera kopuru horretan jaistea komeniko litzateke.

  • zenbaki solteak saldu nahi baditugu, plataforma digital bat muntatu beharko dugu.
     
  • Pirateriaren aurka DRM bidez babestea erabakitzen badugu, dirua kostako zaigu.

    Doan eskaintzea erabakitzen badugu, berriz, diru-sarrera guztiak desagertuko zaizkigu eta kostuak estaltzeko, beste diru-iturri batzuk beharko ditugu.
Beste irtenbide bat paperezkoa mantentzea izan daiteke, agian tirada txikiagoa eginez, doan banatzen diren aleak asko edo guztiz murrizteko, eta digitala ere eskaintzea. Kasu horretan tarifak igo egin beharko lirateke eta ikusi egin behar ea merkatuak balioesten duen bi bertsioak izateko abantaila, eta prest dagoen zerbait gehiago ordaintzeko. Ez dirudi, gauzak doazen bezala, oso aukera ona litzatekeenik.

 Bestelako arazoak

Erakundeetan, ekonomiak sortzen dituen zalantza horiez gain, izaten dira bestelako zalantza batzuk, digitalera pasatzea planteatzen denean:
  • Badira irakurle batzuk edukiak inprimaturik ikusi nahi dituztenak

  • Epe luzera dokumentu elektronikoek arazoak izan ditzaketela uste izatea, teknologia aldatzen delako, edo kontserbazio-arazoak izateko beldurra

  • Irakurleeen eskuetan edukiak jartzeko baliabide teknikoak jarri beharra, hala nola autentifikazio-sistema bat
Kezka hauek ez dira aldizkaria argitaratzen duen erakundearenak soilik, autoreek, irakurleek eta liburutegiek ere badituzte beren zalantzak. Guztiak komeni da kontuan izatea, erabakitzeko garaian.


Paperezkoa nahiago dutenak

Autore batzuek paperezko bertsioak digitalak baino lustre gehiago ematen diela uste dute. Irakurle batzuek paperarekiko lotura ez dute eten nahi, dela eduki digitalak irakurtzen ohitu ez direlako, dela aldizkariaren zenbakiak, batez ere gai monografiko bat tratatzen duenean, digitalean batasuna galtzen duela eta artikulu solteen bilduma soilaren itxura hartzen duela pentsatzen dutelako. Pertzepzioen aurka borroka egitea zaila izaten da, baina uste izatekoa da belaunaldi gazteek bestelako pertzepzioak izango dituztela. Bezeriaren adina kontuan izatea garrantzitsua izan daiteke.

Eskatu ahalako inprimaketa interesgarria izan daiteke

Gaur egun edukiak euskarri digitalean sortzen dira. Hortik argitalpen digitalera erraz pasatzen dira eta baita eskatu ahalako inprimaketara (print-on-demand, POD) ere. Hau da, paperezko aleak ekoizteko, ez dago zertan ehunka aleko tirada egin, benetan eta zehazki zenbat ale beharko diren jakin gabe. Horren ordez, bezeroek eskatu ahala inprima daitezke aleak. Eta ez nahitanahiez osorik, artikuluka edo atalka ere bai, bezeroak hala nahi badu. Horretarako, kostuak eta tarifak aztertu behar dira, jakina.


Epe luzera gerta daitezkeen bateragarritasun- eta kontserbazio-arazoak saihestea

Inprentarako bidean edukiak PDF formatuan joan ohi dira gaur egun. Formatu horrek berak zabalkunde digitalerako balio du, baina hemendik urte batzuetara, orduan izango diren tresnekin bateragarria izango al da formatu hori? galdetuko du zenbaitek, eta ez da galdera aldrebesa, denok ezagutu baititugu, aspaldi software batez egindako fitxategiak, gero erabil ez daitezkeenak, bateragarritasun arazoak dituztelako.

Arazo horri irtenbide bat emateko sortu dira PDF/A formatua eta ISO 19005-1:2005 araua. Arau horrek dio PDF/A formatuak "mekanismo bat eskaintzen duela dokumentu elektronikoek denboran zehar itxura manten dezaten, haiek sortzeko, biltegiratzeko edo ikusteko erabili izan diren tresnak eta sistemak edozein direla ere."


 

Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Europar Batasunak eduki digitalei eta hizkuntzei buruzko ekimena jarri du abian

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?