Zergatik behar duten eduki-estrategia argitaletxeek gaur egun

Iturriak: Publishingperspectives eta norberak landua


Azken urteotan, asko hitz egin da argitalpen-industrian gertatzen ari diren aldaketez. Orain ez da zalantzarik argitaletxeak, eta batez ere argitaletxe espezializatuak, eduki-hornitzailetzat hartzen ditugula, eta haiek ere beren buruak halaxe hartzen dituztela. Liburu inprimatuez gain, argitaletxeek gero eta gehiago, produktu digitalak ari dira eskaintzen, dela sarean, e-book moduan edo aplikazio gisa. B2B eragiketak ere beren negozioen parte garrantzitsua ari dira bihurtzen. Aldaketa horiek zuzeneko lehian jartzen dituzte, beste argitaletxe batzuekin ez ezik, baita teknologia arloko enpresa handiekin ere, hala nola Apple, Google eta Amazonekin. 


Mugak lausotzen ari dira, editorialek goi-teknologiako produktuak eskaintzen baitituzte eta teknologia-hornitzaileek, berriz, argitaletxe moduan jokatzen dute. Baina teknologia-hornitzaileek musika eta etxerako gauzak saltzen dituzte, bidaia-agentzia eta enkante-etxe ere badira. Produktuak, bezeroen eskakizunak edo sarbide-aukerak imajinatzerakoan, haien irudimenak ez du mugarik. Haien negozioak erabiltzaile-esperientzian zentratzen dira. Hau indibidualizatua, pertsonalizatua eta erabiltzaileak une bakoitzean sarean sartzeko erabiltzen duen tresnara egokitua izaten da. Argitalpen-industrian oraindik bestelakoa da egoera. Argitaletxeen produktuen katalogoa mundu digitalera zabaldu bada ere, negozio-eredua, produktuen inguruan mugitzen dena, oraindik tradizioan sakon erroturik dago. 


Liburua, inprimatua nahiz formatu elektronikokoa, edonorentzako produktu bakarra da. Baina bezeroek gero eta gehiago norberaren beharretara egokituriko  erabiltzaile-esperientzia espero dute eta are eurak gai izatea ere edukia eta harekiko interakzioa beren kabuz egokitzeko. 


Liburua pentsa daiteke, ordea, anitz forma eta formatutan, hainbat banaketa-kanaletan zehar erabiltzaileengana iristen den eduki-moduluz osaturiko sare baten modura. Hartara, argitalpen-prozesu tradizional lineala prozesu modularizatuz osaturiko sarea bihurtzen da, eduki dinamiko pertsonalizatua sortzea ahalbidetzen duena. 


Produkzio modu tradizionala


Argitaletxeek, eduki-hornitzaileak diren heinean, ez dira ari hainbat eta hainbat produktu sortzen, ostera, eduki-biltegi bat diseinatzen eta mantentzen dute eta hortik abiatuz erantzuten diete gero eta ugariagoak diren negozio-abaguneei. 



Etorkizuneko produkzio modua



Eduki atomizatu berrerabilgarriak objektu digitalen biltegi batean izango dira, haien ezaugarrien berri ematen duten metadatuz horniturik. Eduki berriak biltegian lehendik dauden beste batzuekin konbinatuko dira eta XML lengoaiaz etiketatuko dira. Etiketa horiek hainbat informazio txertatzen dituzte edukietan, eduki horiek egituratzen dituztenak, semantikoki esanguratsuak bihurtzen dituztenak bilaketetarako nahiz erabiltzaile mota bakoitzari zuzenduriko publizitaterako, eta hainbat irakurgailutara egokitzeko gaitzen dituztenak. Edukiak aberasteko era bat beste batzuen edukiak dinamikoki gehitzea da, adibidez Linked Open Data sarekoak.

Adibide bat: argitaletxe batek bere edukiak Thompson Reuters-en Open Calais sistemara igortzen ditu, hark entitateak (izen propioak) erauzten ditu eta hauek Linked Open Data sarean dituzten URIak (identifikatzaile bakarrak) itzultzen dizkio argitaletxeari. Horrela, argitaletxearen edukiak sareko informazioaz aberasten eta dinamikoki eguneratzen dira. 

Banaketa-kanal bakoitzak edukiaren bertsio bat behar du. "Behin sortzea, hainbat aldiz argitaratzea" da printzipio nagusia. Edozein direlarik ere edukiaren jatorria eta helburua, helburu hori XML etiketatzearen bidez lortzen da. Bestalde, teknologia semantikoari esker, publizitatea edukietara egokitu daiteke eta eduki horiek bilatzea errazten du, ikusgaitasuna areagotzeko.


Paradigma-aldaketa horiek hausnarketa sakona egitea eskatzen diete argitaletxeei, eta eduki-estrategia bat izatea funtsezkoa gertatzen zaie. Estrategia horren oinarria da ohartzea liburuak ez direla informazioa edo datuak soilik. Eduki-estrategiaren kontzeptua hertsiki lotua da Interneten garapenari eta webeko edukiari. Jatorria 1990eko hamarkadakoa da, erabiltzaile-esperientziaren arloa sortu zenekoa. Eduki-estrategia, orain, gero eta gehiago erabiltzen da negozioetan, eta medio konbinatuen plangintza eta produktuei buruzko informazioaren garapena eta kudeaketa hartzen du. Horrek argitalpen-industriarako ere balio du eta badagokio argitalpen-industriak bere produktuei buruz sortzen duen informazio guztiari ere. Baina garrantzitsuagoa da eduki-estrategiaren kontzeptua argitaletxeen produktuari, edukiari berari transferitzea. 


Argitalpenerako eduki-estrategia prozedura metodikoa eta argi dokumentatua da, argitaletxearen eduki osoaren biziraupena bermatzen duena. Estrategia osoaren atal bat da. Argitalpenerako eduki-estrategia eraginkor baten helburuak hauek dira: 



  • Eduki-base koherente eta kalitate handikoa izatea
  • Medioekiko independentea izatea
  • Semantikoki aberatsa izatea
  • Gaur egungo eta etorkizuneko hainbat erabilerarekiko bateragarria izatea


 Ezaugarri horiei esker la-prozesuak automatiza daitezke eta edukiaren kudeaketa eta mantentze efizienteak lor daitezke. Abantaila nagusiak, berriz, hauek dira:




  • Produktuak merkatura eramateko denbora laburtzea
  • Kostuak murriztea

Argitalpenerako eduki-estrategiak bost urrats ditu



  • Inbentarioa: argitaletxeak eduki-estrategiatik zer espero duen zehazten da eta une horretan dituen eduki moten inbentarioa egiten da: eduki bakoitzaren tamaina, non dagoen, biziraupena, garapen maila, hari loturiko lan-fluxuak eta prozesuak erregistratzen eta deskribatzen dira. Inbentario horretan oinarrituz egiten da:
  • Analisia, hau da, eduki horietako bakoitzak hobetzeko eta dinamikoki erabiltzeko duen gaitasunaren ebaluazioa, zer publiko motarentzat den egokia eta talde bakoitzekoak bezero diren aldetik dituzten ezaugarriak eta aldakortasuna, eta merkaturatzeko aukerak aztertzen dira. Kulturan eta gizartean gertatzen ari diren aldaketek argitalpen-industrian duten eragina ulertzean oinarritzen da analisi hori. Une horretan erabiltzen diren prozesuek behar dituzten aldaketak eta haietan parte hartzen duten pertsonen formazio-beharrak ere urrats horretan aztertzen dira. Aukera desberdinak eta haietako bakoitzak izan ditzakeen eraginak ere deskribatzen dira. Analisiak merkatuaren potentzialaren eta eraldaketa lortzeko behar diren inbertsioen ikuspegi garbia eman behar du.
  •  Edukia egituratzeko estrategien garapena. Estandarretan (XML, RDF) oinarrituriko eredua eta metadatu-sistema bat ematen du horrek. Prozesuetan eta lan-fluxuetan gertatuko diren aldaketak identifikatzen, deskribatzen eta birplanteatzen dira. Arreta berezia jartzen da automatizatzeko eta hizkuntza-teknologia aplikatzeko aukerak aztertzean.
  • Prozesuetan parte hartzen duten pertsonen lanpostuak sortzea edo aldatzea.
  • Negozio-eredu berriak diseinatzea eta beharrezkoak izan daitezkeen aliantzak bilatzea (zerbitzu-hornitzaileak, softwaregileak, etab.)
Estrategia berri horrek ezinbestean aldaketak eragiten ditu kudeaketan.

Comments

Popular posts from this blog

Ikasmaterialgintzan nagusituko den zenbait joera

QR kodeak erabiltzeko gida

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?