Suedian bide egokia bilatu dute liburutegiek ebookak maileguz emateko

Liburutegietarako teknologiaren arloan diharduen Axiell enpresak eta Publit argitalpen-plataformak, lankidetzan, Atingo izendatu duten ebooken maileguak kudeatzeko plataforma sortu dute Suedian. 

Era horretan argitaletxeek eta liburutegiek erraz negozia ditzakete ebooken maileguak. Erresuma Batuan, aldiz, argitaletxeek eta gobernuak erabaki dute ebookak liburu fisikoak bezala erabiltzea, baina horrek ez du emaitza onik eman. Suediarrek asmatu egin dute aitortu dutenean ebooka eta paperezko liburua ez direla gauza bera, eta eredu berbera bientzat erabiltzen saiatzea ez dela egokia. Liburutegiek argitaletxeei maileguz hartzen dizkiete ebookak mailegu-aldiko horrenbesteko bat ordainduz. Suediarren eredu horrek negoziatzeko eta malgutasunez jokatzeko aukera ematen du. 

Azken finean, argitaletxeek beste edozein salmenta-kanal bezalaxe tratatzen dute liburutegien arloa. Salneurria erabakitzen dute eta noiznahi alda dezakete salneurri hori. Lehen, ez bazuten nahi eleberri berri bat liburutegiei eskaintzea, itxoin zezaketen liburu-dendetan lau bat hilabetez titulu hori eduki arte, baina orain Atingorekin igo dezakete prezioa. Prezio altuago horien eraginez liburutegiek ez dute liburu garesti horiek gehiegi maileguz eman nahi, baina liburutegi batek bestseller berrietan bere aurrekontua jarri nahi badu, egin dezake eta argitaletxeek gehiago irabazten dute. 

Orobat, argitaletxeek titulu batzuk sustatu nahi badituzte, salneurria jaits dezakete liburutegiko katalogoan eta ikusi zer gertatzen den. 

Suediarren ereduak liburutegiei katalogoa mantentzen laguntzen die. Atingoren bitartez liburutegiek erabaki dezakete zer prezio-tarteko liburuak interesatzen zaizkien eta zer titulu, argitaletxe edo autore nahi dituzten. Beren aurrekontuak presta ditzakete, maileguak kontrola ditzakete eta titulu jakin bat maileguz emateari utzi. Bilaketak oso ondo antolaturik daude eta horrek erraztu egiten die liburutegiei beren inguruko komunitateari katalogorik egokiena eskaintzea. 

Oraintxe bertan Publitek 300 suediar argitaletxerekin lan egiten du eta Axiellek Suediako liburutegien merkatuaren %80 estaltzen du. Horregatik, lankidetza horrek badu zentzurik. 

Liburutegiak, berriz, argitaletxeei laguntzen ari dira titulu deskatalogatuak digitalizatzen, eta horren ordainetan titulu horiek erabiltzeko baimena lortzen dute.

Lankidetza horrek badu bestelako ondoriorik ere: liburutegiek ondo ezagutzen dituzte beren inguruko komunitateak, eta, liburu-dendak desagertzen ari direlarik, gero eta garrantzitsuagoak bihurtzen ari dira jendeak liburuak aurki ditzan. Bide batez, irakurleen datu agregatuak eskain diezazkiekete argitaletxeei, marketinean erabil ditzaten.

Horrelako lankidetza batek, lehenik eta behin, eskatzen du argitaletxeek eta liburutegiek ez dezaten elkar etsaitzat har. Atingo oraingoz Suedian soilik dagoen arren, badute asmoa Erresuma Batura hedatzeko ere. 

Comments

Popular posts from this blog

Ikasmaterialgintzan nagusituko den zenbait joera

QR kodeak erabiltzeko gida

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?