Google, Amazon eta Apple abantailatu ditu gehiena iraultza digitalak

Iturria: IDBOOX

Tresna mugikorren hedapen handiak aldatu egin du kultur ondasunen kontsumitzaileen portaera, batez ere irakurleena. Avignongo Foroak  aurten argitaratu duen txostenak eduki digitalen aurrean kontsumitzaileek dituzten portaera berrien berri ematen du eta erakusten du sektoreko erraldoiek, hots, Googlek, Amazonek eta Applek gero eta garrantzi handiagoa dutela.
  
Mendebaldeko herrialdeetan biztaleen %60k telefono aurreratuak dituzte eta %40k tabletak. AEBetan, Erresuma Batuan, Frantzian eta Alemanian telefono aurreratuak zituzten pertsonak 2012an %49 izatetik 2013an %64 izatera pasatu dira. Tabletak dituztenak, berriz, 2012an %18 izatetik 2013an %39 izatera. Ostera, irakurgailu elektronikoak %18tik %20ra soilik ugaritu dira.

Tableta ez da oraingoz behintzat liburu digitalen irakurgailua

15 eta 34 urtekoen %20k tableta jolaserako erabiltzen dute eta %25ek diote zenbait medio ikusteko nahiago dutela tresna mugikorra telebista baino. Zenbait herrialdetan oraindik irakurketara iritsi ez den portaera-aldaketa bat erakusten du horrek. Liburu digitalak tabletan irakurtzea ez da batere ohikoa oraindik Frantzian. Frantsesen %20k baino gutxiagok irakurri dituzte dagoeneko liburu digitalak. Hala ere, urtean gutxienez ebook bat irakurri duten pertsonak ugaritzen ari dira. 2012an  %15ziren eta 2013an %17ra iritsi dira. Frantzian 2013an irakurritako liburu digitalen batez besteko kopurua 4,5 da, AEBetan 6,4 eta Erresuma Batuan 8,2.

Google, Apple eta Amazon gero eta nabarmenago ari dira nagusitzen kultur ondasunen merkatuan.  Inkesta bati erantzun dioten iTunesen erabiltzaileen %20k adierazi dute plataforma erabiltzen dutela beren kultur behar guztietarako. Googlera, Applera edo Amazonera jotzea kultur ondasunak kontsumitzeko guztiz ohikoa bihurtu da. Mendebaldeko herrialdeetan, erantzun duten pertsonen %86k bost plataforma nagusietatik gutxienez bat erabiltzen dute. 

Erantzuleen %20k Appleren edo Googleren zerbitzuak erabiltzen dituzte bi medio desberdin baino gehiago eskuratzeko, hala nola musika, bideoa, liburuak edo bideojokoak. %30ek Amazonen kasuan. Horixe da, hain zuzen, liburu digitalak erosteko hobesten duten lekua. Plataforma erabiltzen dutenetatik %28k ebookak erostera jotzen dute hara. %21ek Google erabiltzen dute ebooketarako eta %19k Apple.

Ebookak irakurketaren bultzatzaile


Ebooken erabilera areagotzeak ez du irakurtzearen maiztasuna txikiagotzen. Frantzian erantzuleen %68k diote lehen hainbat liburu irakurtzen dituztela eta %20k lehen baino gehiago irakurtzen dutela. AEBetan eta Erresuma Batuan %43 eta %38 dira hurrenez hurren liburu gehiago irakurtzen dituztenak. Alemanian %33k gehiago irakurtzen dute. Txinan, Indian eta Brasilen %54, %60 eta %45 dira hurrenez hurren lehen baino gehiago irakurtzen dutenak. 

Sare sozialak dira liburuak gomendatzeko bide berria

Sare sozialek, iradokizun pesonalizatuek eta kritikek gero eta garrantzi handiagoa dute eduki digitalak eta batez ere liburu digitalak erosteko garaian. AEBetan, Erresuma Batuan, Frantzian eta Alemanian, %43k sare sozialetako iradokizunak erabiltzen dituzte, %41ek plataformen iradokizun pertsonalizatuak eta %50ek profesionalen kritikak. Liburu digitaletarako gehiena estimatzen diren gomendioak beste internautenak dira %48rentzat, eta %29rentzat webguneetakoak. 

Azterketa 2013ko uztailean egin zuten, 15 urtetik gorako 6125 pertsonari egindako inkesta baten bidez.

Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Ikasmaterialgintzan nagusituko den zenbait joera

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?