Beharrezkoak al dira liburutegiak?

Iturria: Forbes 

Liburutegiak mehatxupean daude leku guztietan.  Azken finean, argitaratu den edozein liburu edo artikulu irakurtzeko ez da behar-beharrezkoa liburutegiak erabiltzea. Baina ez dira liburutegiak bakarrik etorkizuna zalantzan dutenak.

Helbide-liburuak, bideo-kamerak, pertsona-bilagailuak, eskumuturreko erlojuak, mapak, liburuak, joko elektroniko eramangarriak, linternak, etxeko telefonoak, diktafonoak, kutxa erregistratzaileak, walkmanak, dietarioak, iratzargailuak, erantzungailu automatikoak, orrialde horiak, txanpon-zorroak, giltzak, esaldi-liburuak, transistore-irratiak, PDAk, autoetako GPSak, urrutiko aginteak, bidaia- eta aseguru-artekariak, airelineen ticketak emateko postuak, egunkari eta aldizkariak, sakelako kalkulagailuak, eta abar ere egoera berean daude. Eta ez produktuak bakarrik, merkataritzaren sektore asko daude mehatxupean. Banku fisikoak beren sukurtsal, leihatilako enplegatu eta txekeekin eraldatzen ari dira, Internet bidezko zerbitzuen, mugikorren bidezko ordainketen eta txanpon-zorro digitalen mesedetan.

Taxiak ere ez daude seguru Uber eta Lyft agertu direnez geroztik. Bideoak alokatzeko dendak ixten ari dira Netflix eta Amazon bezalako streaming-zerbitzuen eraginez. Telebista-kateak ere antzera dabiltza. Arropa-denda klasikoak ere pikutara doaz, Zara eta H&Mren lehiakide ezin direlako izan, liburu-dendak gainbehera doaz, Amazonek bultzaturik. Encyclopedia Britannicaren 2010eko argitaraldiak 40.000 artikulu eta 100 editore izan zituen eta hizkuntza bakarrean dago, Wikipediak, aldiz, 35 milioi artikulu ditu, etengabe eguneratzen dituztenak 69.000 editorek 288 hizkuntzatan. 


Hori guztia ikusita zer esan daiteke liburutegien etorkizunaz? Ez dago arrazoirik esateko liburutegiei ez zaiela ezer gertatuko. Gutxienez aldaketak izan beharko dituztela esan daiteke. Zenbait hamarkadatan zehar, libururutegiek ahalegin handiak egin dituzte ordenagailuen arora moldatzeko, zerbitzuak informatizatuz eta teknologia berriak garatuz.

Ordenagailuen aroa ez da informatizazioaren aroa bakarrik, informatizazioak kudeaketa planteatzeko moduan eskatzen duen aldaketarena ere bada. Horren ondorio nagusia, berriz, merkatuan boterea saltzailearengandik eroslearengana igarotzea da. Bezeroak du gaur egun zartaginaren kirtena. Bezeroak aukerak ditu eta informazio ona ere bai, aukera horietaz. Bezeroak eta erabiltzaileak gustura ez dauden lekutik beste leku batera alde egiten dute. Horregatik, gaur egun arrakasta izateko bezeroen nahiak eta beharrak ulertzea eta haiek asebetetzen ahalegintzea ezinbestekoa da.

Orain arte izan ditugun burokrazia piramidalek, beren organigramekin, txostenekin, plangintzekin, eta abarrekin ez dute horretarako balio. Merkatu berriari erantzuteko sortu den ekonomiak beste oinarri batzuk ditu: beren buruak antolatzen dituzten taldeak, bezeroei zuzenean balioa ematen dietenak eta bezeroengandik etengabe iritziak jasotzen dituztenak. Kudeatzailearen eginkizuna ez da jadanik kontrolatzailearena, entrenatzailearena, gidariarena baizik. Taldeak berak bezeroarekiko zuzeneko harremana du eta garbi ikus dezake, egiten ari denak bezeroa asebetetzen duen. Bezeroa bihurtzen da organizazioaren unibertsoaren erdigunea. Burokrazian kudeaketaren ideologia goitik beherakoa da. Lider handiek lider txikiak izendatzen dituzte. Pertsonak lehian aritzen dira igo nahian. Ordainsaria mailaren araberakoa da. Atazak esleitu egiten dira. Kudeatzaileek errendimendua ebaluatzen dute. Arauek irizpideei mugak ezartzen dizkiete. Eraginkortasuna, aurresankortasuna eta jendeari zer egin behar duen esatea dira balioak.

Ekonomia berrian gauzak alderantziz doaz.  Kudeaketaren ideologia horizontala da. Organizazioaren helburu nagusia erabiltzailea edo bezeroa asebetetzea da. Balioak ahalbidetzea, autoantolaketa eta erabiltzaileari edo bezeroari balioa gehitzeko etengabeko hobekuntza dira.

Bi ideologia horiek ekonomia tradizionalaren ideologia bertikala eta ekonomia berriaren ideologia horizontala bateratu ezinezkoak dira. Dinamika guztiz desberdinak dituzte. Autoantolatzen diren talde zaluak burokrazia hierarkiko batean txertatzen ahaleginduz gero, tirabirak sortzen dira etengabe. Ezinezkoa gertatzen da. Etorkizunera begira diharduten enpresek, hala nola Applek, Amazonek edo Zarak, kudeaketako ideologia bertikalari heldu diote. Organizazioentzat aukera hori egitea hil edo bizikoa da.

Liburutegiek hiru erabaki oker har ditzakete egoera horren aurrean:

  1. Lehendik dituzten zerbitzuak informatizatzea baizik ez egitea. Teknologia berria funtzionamendu zaharrari aplikatzea ohiko okerra izaten da. Horren ordez egin behar dena da teknologia berriarekin zer zerbitzu berri eman litezkeen eta zer zerbitzu zahar baztertu behar diren pentsatzea. 
  2. Ordenagailuak kostuak murrizteko bakarrik aplikatzea. Esperientziak erakusten du informatizazioak besterik gabe ez dituela kostuak murrizten. Lana birdiseinatu ezean ez da helburu hori lortzen.
  3. Telefono aurreratuetarako aplikazioak garatzea, pentsatu gabe erabiltzaileei zer ahalbidetuko dieten egitea eta haiek horrelako ezer nahi duten jakin gabe. 
Liburutegiek planteatu beharreko bost galdera:
  1. Nola asebete ditzakegu gure erabiltzaileak eta bezeroak?
    Ez du erantzun erraza galdera honek. Liburutegietako enplegatuek egin ditzakete ekarpenik onenak. Hori, ordea, bateraezina da egitura burokratikoak mantentzearekin. 
  2. Nola kudea daiteke liburutegia, etengabeko berrikuntza izateko?
    Horretarako kudeatzailearen eginkizunak kontrolatzailearena izatetik bideratzailearena izatera igaro beharko luke, burokrazia baztertu eta koordinazioa bultzatu beharko litzateke, efizientziaren ordez etengabeko hobekuntza bilatu beharko litzateke eta komunikazioak ez luke goitik beherako agindu eta kontrol bidezkoa izan beharko,  elkarrizketa horizontalen bidezkoa baizik. 
  3. Zerk eragin dezake gauzak lasterragoak, merkeagoak, mugikortasunari egokituagoak, errazagoak eta pertsonalizatuagoak izan daitezen erabiltzaileentzat?
  4. Zer behar ase ditzake liburutegiak erabiltzaileei oraindik burutik pasatu ere ez zaizkienak?
    Kontua ez da erabiltzaileei galdetzea ea zer nahi duten; ez baitakite. Berrikuntzak ez dira sortzen erabiltzaileek eskatzen dituztelako. Inork ez zituen Internet, telefono aurreratuak edo 3D inprimagailuak eskatzen. Ez dira horregatik asmatu. Erabiltzaileei haiek erabiltzeko gogoa sortzen zaie ikusten dituztenean. Beste kontu bat da berrikuntzez erabiltzaileek dituzten iritziak jarraitzea garrantzitsua dela.
  5. Liburutegiak dagoeneko egiten ari diren gauzetatik zein dira erabiltzaileei gustatzen zaizkienak? Nola egin ditzakete liburutegiek horrelako gauza gehiago, lasterrago, erabilgarriago, pertsonalizatuagoak? Eta nola bazter ditzakete liburutegiek erabiltzaileentzat baliagarriak ez diren edo gogaikarriak gertatzen zaizkien gauzak?

Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Ikasmaterialgintzan nagusituko den zenbait joera

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?