Japonian liburutegi digitalek zailtasunak dituzte hazteko

Iturria: The Japan News

Liburu digitalen irakurketa gero eta hedatuagoa baldin badago ere, liburu digitalak mailegatzeko zerbitzua ez da arrakasta izaten ari. Zergatik ez ditu jende gehiagok erabiltzen erabilgarriak diruditen liburutegi digital horiek? Zein dira zerbitzu horiek gainditu beharreko erronkak, eta nola erabiliko dira etorkizunean? 

Liburutegi digitalek abantaila handiak dituzte bai erabiltzaileentzat eta baita liburutegientzat ere. Liburutegi bat bisitatzeko zailtasunak dituzten pertsonek, hala nola adinekoek eta oso lanpeturik dabiltzanek, mailega dezakete liburu bat noiznahi eta nonahi, erraz asko, beren ordenagailu pertsonala edo beste terminalen bat erabiliz. Liburu digitalak ez dira hondatzen, eta irakurleek haiek erabiltzeko aukera galtzen dute maileguaren epemuga betetzen denean, beraz, ez dago arriskurik itzulketa berandu egiteko. Liburu digitalek ez dute leku-arazorik ere sortzen, eta testuaren tamaina handitzeko eta txikiagotzeko edo testutik hizketarako bihurketa egin ahal izatea eta beste funtzio erabilgarri batzuk eskaintzen dituzte. Hala ere, 2014an 30 liburutegi digital bakarrik zeuden Japonian, hau da, herrialde hartako liburutegi guztietatik %1ek soilik zuten liburu digitalen zerbitzua.

Kopuru hori hain txikia izateko arrazoi nagusia da liburu digital gutxi samar daudela mailegatzeko. Gainera, eskuragarri dauden liburu gehienak duela urte batzuk argitaratuak dira. Merkatuan gaur egun 750.000 titulu inguru daude formatu digitalean baina liburutegietan mailagatzeko 10.000 baino gehixeago egongo dira. Horren arrazoia da liburu digitalak mailegatzea, copyright legearen arabera, transmisio publikoa dela, beraz, paperezko liburuen kasuan ez bezala, copyrightaren jabearen baimena behar dela liburu digitalak maileguan eskaintzeko. Horretaz aparte,  liburutegiak erosten duena ez da biltegiratu daitekeen liburu bat, liburu digital bat erabiltzeko eskubidea baizik. Gerta daiteke, beraz, noizbait etorkizunean liburua erabiltzerik ez izatea liburutegiak. Liburutegietan erabiltzeko liburu digitalak gehiago kostatzen dira
publiko zabalak ordaintzen duena baino eta baita paperezko bertsioak baino ere.  Eta sarri samar liburutegiei eskatzen zaie hainbat ale erosteko, titulu bera hainbat irakurlek irakur dezaketelako aldi berean, eta horrek kostu handia du.

Liburu digitalak liburutegiei saltzeko prezioen arauak finkatzeko daude oraindik. Horrek paperezko liburuen salmentetan izan lezakeen eragina dela eta, argitaletxeek eta idazleek askotan ukatu edo atzeratu egiten dute liburutegiei  copyrightaren baimena ematea.

Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Ikasmaterialgintzan nagusituko den zenbait joera

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?