Handbook of Terminology argitaratu da

2015eko martxoan argitaratu zuen Handbook of Terminology John Benjamins Publishing Co. argitaletxeak. Liburuki honen ondoren beste lau dira argitaratzekoak, bigarrena aurtengo udazkenean. Lehen liburuki honek 25 artikulu dauzka, terminologiari buruzko oinarrizko gaiez, 558 orrialdetan banatuak. Horien artean Loïc Depecker-en "How to build terminology science?" edo terminologia arloko gai konkretuagozko beste batzuk, hala nola Klaus-Dirk Schmitz-en "Terminology and localization".

Eskuliburu hau interesgarria gertatuko zaie terminologian sakondu nahi dutenei eta merkatuan agertzen ari diren azken garapenen berri izan nahi dutenei.




Janine Pimentelen "Using frame semantics to build a bilingual lexical resource on legal terminology" artikuluak erakusten du nola laguntzen duen marko-semantikak hizkuntza desberdinetan egiten diren definizio desberdinen arteko diferentziak gainditzen, esate baterako, sarri zuzenbide arloan gertatzen diren desberdintasunak tratatzen.
Marko-semantikaren antolaketa-unitateak marko semantikoak dira. Marko semantiko bat zerbaiten bereizgarriak, atributuak, funtzioak eta harekin gehienetan zerikusia duten beste gauza batzuekiko interakzio karakteristikoak zehazten dituen egitate-multzoa da. Beste era batera esanda, marko semantiko bat elkarrekin erlazionaturiko kontzeptuen egitura koherentea da, kontzeptu haietako edozeinen ezagutza osoa izatekotan, beste guztiak ezagutzea beharrezkoa egiten duena. Markoak behin eta berriz izaten diren esperientzietan oinarritzen dira. Horrela, transakzio komertzialaren markoa behin eta berriz izandako transakzio komertzialen esperientzietan oinarritzen da. Oinarrizko ideia da, ezin dela ulertu hitz baten esanahia, hitz horrekin erlazioa duen funtsezko ezagutza osoa izan gabe. Adibidez, ez dezakegu uler "saldu" hitzaren esanahia, ez badakigu guztia transferentzia komertzialaren egoeraz, eta horrek, besteak beste, behar ditu saltzailea, eroslea, ondasunak, dirua, diruaren eta ondasunen arteko erlazioa, saltzailearen, ondasunen eta diruaren arteko erlazioak, eroslearen, ondasunen eta diruaren arteko erlazioa, etab.
Beraz, hitz batek aktibatu egiten du edo gogora ekartzen du kontzeptu jakin batekin erlazionaturiko ezagutza semantikoaren markoa.

Alan Melby-ren artikulua TBX formatuaz eta horren hainbat dialektoez da. TBX (TermBase eXchange) ISO estandarra da, XML lengoaian oinarritua, terminologien datu-baseen arteko trukeetarako. Artikuluan zehatz-mehatz azaltzen ditu Alan Melbyk TBX eta TBXren dialektoen oinarrian dauden kontzeptuak, eta informazio eta proposamen interesgarri asko eskaintzen ditu, TBX etiketak erabiltzeko zenbait egoera berezitan.
Kara Warburton-ek bere "Managing terminology in commercial environments" artikuluan enpresetan terminologia-lanak izaten dituen alderdi asko aztertzen ditu.

Aipaturiko artikulu horiek eskuliburuan daduden artikuluen adibide batzuk dira. Artikulu guztiak ez dira teoriko hutsak, batzuek kasu praktikoak aztertzen dituzte.


Fitxa bibliografikoa:

Hendrik J. Kockaert, Frieda Steurs (March 2015): Handbook of Terminology.John Benjamins Publishing Co. Amsterdam / Philadelphia. 539 orr., ISBN 9789027257772, 105,00 Euro.

Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Ikasmaterialgintzan nagusituko den zenbait joera

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?