Testu-meatzaritza ustelkeriaren aurka

Iturria: Phys.org

Ikertzaile batzuek teknika berri bat garatu dute gaur egun eskuratu daitezkeen Europar Batasuneko kontratazio publikoei buruzko datu kopuru erraldoiak miatu eta diru publikoen eskrupulurik gabeko erabilerak nabarmentzeko. Ustelkeria beti izan da eta izango da baina ahaleginak egin behar dira ahalik eta gehiena murrizteko. Kontua da nola lortu hori.

Aro digitalean, honek duen informazio-askatasunarekin, finantza publikoen erabilera ustelak politikarien eta enpresen arteko adiskiderietarako txoko ezkutu gutxiago izan beharko lituzke. 2000. urtearen hamarkadaz geroztik, ia herrialde garatu guztiek digitalizatu dituzte eta eskuragarri jarri dituzte kontratazioen datuak. Alabaina, datu-uholde horrek benetako gardentasunaren ordez dena ezkutuan uzten duen informazio-lainoa sor dezake.

Lehen, ustelkeria agerian jartzea datuetan murgildu eta loturak bilatzen zituzten kazetarien eta ekintzaileen ahaleginetan oinarritzen zen. Ikerketa horiek denbora eta zortea behar izaten dute eta huts egin dezakete. Orain, ordea, datuetan oinarritzen den soziologo talde batek neurketa-sistema berri bat sortu du, finantza publikoen erabilera maltzurrak atzemateko. Talde horrek "bandera gorriak" deritzenak erabiltzen ditu: ustelkeriarako arrisku handia iradokitzen duten kontratu-egoerak. Algoritmo miatzaileak eta testu-meatzaritzako programa sofistikatuek, kontratu publikoen datuei aplikatuz, bandera gorri horiek azaleratzen dituzte. Horrela ustelkeria-arriskuaren mapak egin ditzakete, eskualde edo herrialde mailan, portaera ustelen arrastoak jarrai ditzakete enpresa eskaintzaileetan eta identifika ditzakete susmagarriak diren hornitzaileak eta are kontratu jakinak.
 

Mihály Fazekas, István János Tóth eta Lawrence Peter King ikertzaileek garatu duten ustelkeria-arriskuaren adierazleak finantza publikoen esleipenez eskuragarri dagoen informazioa miatzen du, iruzurren bila, laster eta zehaztasunez.

Adierazle horrek besteak beste Europar Batasuneko estatu guztietan, AEBetan eta Errusian erabiltzeko balio du. Herrialde horietan eskuragarri egoten dira azken 6-8 urteetako datuak.


Kontratazio publikoetako ustelkeria instituzionalizatu handiak bi ezaugarri izaten ditu: errenta ustelak sortzea eta errenta horiek jarraituki ateratzea. Bi gauza horiek lortzeko, talde ustel orok legeek arautzen duten lehia murriztu behar izaten du, partehartzaile jakin batzuen mesedetan, behin eta berriz. Hortaz, lehiaren murrizketa, enpresa berari behin eta berriz esleipenak egitea eta horretarako ohikoak diren teknikak neurtuz atzeman daiteke ustelkeria instituzionalizatu handia.

Irabazten duen lehiakidea aldez aurretik aukeraturik egoten da eta hark gainera emendiozko irabazi bat lortzen du, merkatuko prezioak baino garestiagoen bidez. Emendiozko irabazi hori neurtzeko, zehazki ezagutu behar lirateke prezioa, hornituriko kopurua eta kalitatea. Horiek, ordea, nekez ezagut daitezke behar bezala. Prezioa eta kopurua publikoak izaten dira baina zaila izaten da haiek kontrastatzea. Kalitatea, berriz, are zailagoa da zehazten. Horregatik, neur daitekeen gauza bakarra aldez aurretik hautaturiko enpresei kontratuak esleitzea da.

Lehiaketan iruzurra egiteko hiru prozedura daude funtsean:

  1. Lizitazioan partehartzaileak mugatzea
  2. Hautatze-fasean lizitatzaileak bidegabeki ebaluatzea
  3. Gauzatze-fasean baldintzak aldatzea
Prozedura hauek konbinatu egiten dira batzuetan.

Kontratuen datu-base publiko bat erabiliz, neur daitezke adierazle elemental batzuk eta haietan oinarrituz adierazle konposatu bat kalkulatu.

Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Ikasmaterialgintzan nagusituko den zenbait joera

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?