Frankfurteko Ferian copyright mota berri bat aurkeztu dute

Lois Bray, Copyright Licensing Agency-ko Marketin-komunikazioetarako exekutiboak Frankfurteko Feria dela eta, Publishing Perspectives-ek argitaratzen duen buletinean, urriaren 12an, argitara emandako artikulua euskaraturik.

Aro digitalean, argitaletxeak gero eta gehiago kezkatzen ditu beren sareko edukia babestu ahal izateak. Frankfurten plazaratu den copyright ikono digital berriak ekarriko ote du soluzioa?


Datozen bost urtetan, eztabaida handiak izango dira formatu digital berriez: hasi iPad aplikazioetatik eta liburu hibridoetaraino. Ez da zalantzarik aro dinamikoa dela hau argitalpen-industriarentzat. Alabaina, eztabaida azpimarratuko duen galdera nagusi bat geldituko da: aro digitalean, zer urrats egin ditzakete argitaletxeek,  beren edukia babesteko eta beren negozioaren etorkizuna segurtatzeko?


Ingurune digitalean, "argitaratzaileak" nonahi daude. "Dohainikako" eduki digitala ugaritzeak izugarrizko eragina izan du erabiltzaileek edukiaz oro har eta zehazkiago hura erabiltzeko moduaz duten ikuspegian. Partekatze "soziala" askok sareko edukia ikusteko duten moduaren ikur bihurtu da: erabiltzaileek espero dute beren adiskideekin, senideekin eta lankideekin, botoi bat sakatze hutsaz, partekatu ahal izango dutela informazioa.


Teknologia digital berrien etorrerak erabiltzaileei abantailak ekarri dizkien arren --2 mila milioi pertsonak izango dute interneteko sarbidea gaur egun-- mehatxu bat dakarkio argitaletxeen eredu ekonomiko iraunkorraren garapenari.


Argitaletxeek eskubidea dute beren edukia babesteko; erabiltzaileei kosta egiten zaie ulertzea zer egin dezaketen edukiarekin --partez copyright bidezko lizentziak ulertzen zailak izan daitezkeelako eta askoz errazagoa delako haiei ez ikusiarena egitea, haiek ulertzen saiatzea baino. Argi dago lana egin beharra dagoela berariaz egiten den pirateriaren arazoa saihesteko.


Beraz, nola komunika diezaizkiekete argitaletxeek erabiltzaileei beren copyright baimenak? Eta nola sor ditzakete irabaziak beren edukia berrerabiltzeko lizentzietatik?


Zer egin dezaket eduki honekin? 


Copyright ikono digital berri batek ekar dezake soluzioa. "Zer egin dezaket eduki honekin" delako horrek argitaletxeei beren copyright baimenak argiro eta sinpleki ikusararazteko modua ematen die. Espero da erabiltzeko librea den tresnak belaunaldi digitala heziko duela, argitaraturiko edukia berrerabiltzeko baimena lortzearen garrantziaren aldetik.


Zer egin dezaket eduki honekin?’ Erresuma Batuan liburu, aldizkari eta webguneetarako lizentzia kolektiboaren eskema administratzen duen irabazasmorik gabeko Copyright Licensing Agency (CLA) organizazioak garatu du. CLAren lizentzi garapenerako kudeatzaile James Bennett-ek honako hau esan du: “Diru-bilketaz arduratzen den sozietatea den aldetik, CLAren xedea eskubidedunen interesak eta erabiltzaileen interesak orekatzea da eta guretzat oreka hori lortzeko modu garrantzitsu bat copyrightak ingurune digitalean duen garrantziari dagokionez erabiltzaileak heztea da.”




‘Zer egin dezaket eduki honekin?’ sareko edozein argitaratzailerentzat pentsatua da —dela webgune txiki bakar bat duena, dela webgune- eta argitalpen-sare bat duena. Argitaratzaileak whatcanIdowiththiscontent.com webgunean sartzen direnean, eskatzen zaie beren kontaktuko xehetasunak sar ditzatela eta aukera ditzatela egokitzen zaizkien copyright baldintzak. Orduan webguneak haien webguneetan ikonoa erantsiko duen eta aukeraturiko baldintzak erakutsiko dituen kodea sortzen du. Tresna pertsonaliza daiteke eta argitaletxeek aukera dute ikonoa beren logoarekin erakusteko eta beren kontaktuko xehetasunak txertatzeko. 




Erresuma Batuko lizentzia kolektiboaren eskema sinatzea beharrezkoa ez izan arren 'Zer egin dezaket eduki honekin?' erabiltzeko, abantailak ditu hori egiteak.




Lehena, lizentzia kolektiboaren eskema sinatzen duten argitaletxeek ordainketak jaso ditzaketela, beren webgunetik edukiak kopiatzen direnean. Azken finantz urtean, CLAk 35,4 milioi libera banatu zituen 10.000tik gora argitaletxeren artean—eta argitaletxeei lizentzia kolektiboagatik egindako ordainketak haien irabazietara doaz zuzenean. Hori gertatzen da Erresuma Batuko lizentzia kolektiboaren eskemak argitaletxe, idazle eta artistak zaintzen dituelako, partaide guztientzat royaltien bilketa eta ordainketa kudeatuz.

Bigarrena, kopiatzen denaren erregistroak atzematen dituen departamentu berezi bat duela 
CLAk. Informazio horri esker, CLAk ordain diezaieke dagokiena argitaletxeei, idazleei eta artistei, eta lagundu diezaieke argitaletxeei beren negozio-ereduak birmoldatzen.



Zer izango da hurrengoa?

‘Zer egin dezaket eduki honekin’ CLAk eskaintzen duen azken soluzioa da, copyrighta betetzea errazteko. Aurten bertan, CLAk lizentziadunentzako tituluak bilatzeko sareko beste tresna bat jarriko du abian. CLAk duen salbuetsitako lanen zerrenda aztertzen ibili gabe, lizentziadunek aztertu ahal izango dute argitalpen bat beren lizentzian sarturik dagoen, CLAren webguneko titulu-bilaketarako sistema bat erabiliz. Kevin Fitzgerald, CLAren buru exekutiboak esan zuen bezala: ‘Ez gaitezke seguru izan argitalpen-munduak itxura hori izango duenik hemendik urte batzuetara, baina beren copyright-politika orain komunikatuz, argitaletxeek lagundu dezakete beren negozioen etorkizuna bermatzen.’ 

Comments

Popular posts from this blog

Ikasmaterialgintzan nagusituko den zenbait joera

QR kodeak erabiltzeko gida

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?