Pirateria digitala ebookaren munduan
Iturria: Daily News 2011-10-15
Liburu elektronikoak onespena irabazten ari direlarik, argitalpen-mundua liburu digital piraten mehatxuari borroka egiten saiatzen da, musikaren industria garai batean legearen kontrako deskargen aurka saiatu zen bezalatsu.
Munduko liburu-feriarik handiena [Frankfurtekoa] bisitatu duten AEBko eta Erresuma Batuko argitalpen-arloko adituek esan dute ebooken lapurreta nekez desagertuko dela, baina arazo maneiagarria dela, eta zaintza eta ekintza dagoeneko abian direla.
Ebooken irakurgailuak --Amazonen Kindle eta Appleren iPad, esate baterako--liburu digitalen eskaria bizkortzen ari direla, eta hauek AEBn liburu-salmenta guztien %20 egiten dutela, esan zuen argitalpen-zerbitzuak ematen diharduen Bookmasters konpainiako Claire Holloway-k.
"Hiritar normal, batezbesteko, prestuei bide zilegi bat ematen badiezu zure materiala eskuratzeko, seguru asko zilegiki eskuratuko dute, jende gehienak ez du lapurtzeko asmorik", esan zuen.
Hala ere, liburu baten zilegizko bertsio digitala ez eskaintzeak abantaila ematen die piratei, horiek askotan liburuaren eskaneaturiko bertsioa eskaintzen baitute Interneten, esan zuen Ohion egoitza duen eragiketa-kudeatzaileak.
Liburu akademikoak eta testuliburuak ilegalki kopiatzeko joera handiagoa dago fikziozkoak kopiatzeko baino, garestiak izaten direlako eta ikasleek askotan denboraldi batean soilik behar izaten dituztelako, eta horrek sustatu egiten ditu ikasleen pirateria-sareak, gehitu zuen.
Alemaniako Liburu-saltzaileen eta Argitaletxeen Elkarteak dioenaren arabera, Alemanian liburu elektronikoen %60 inguru, non merkatu-kuota oraindik %1 baino txikiagoa baita, ilegalki jaisten dira.
Baina Richard Mollet, Argitaletxeen Elkarteko buru exekutiboak esan zuen zaila dela arazoaren tamaina kalkulatzea Erresuma Batuan, non liburu inprimatuek eta ebookek orotara sortzen dituzten diru-sarreren %4 inguru liburu digitalei zor baitzaie.
"Oso gauza zaila da azterketa egitea, zeren galdetu behar diezu kontsumitzaileei ea 'ilegalki jaitsi dituzten liburu horietatik zenbat eskuratu dituzten era horretan erosi ordez'" esan zuen.
Musikan ez bezala, non deskarga-zerbitzu ilegalak lasterrago garatu baitziren legalak baino, esan zuen ebooken saltzaileak ohituta daudela argitaletxeekin negoziatzen, beraz "digitalaren inguruan eraikitzen ari den ekosistema legala dela".
"Musika bere bilakabide digitalaren etapa honetan zegoen baino egoera baikorragoan gaude", esan zuen.
Haatik, esan zuen ez dela jausi behar lasaikerian.
Jendea beti saiatuko da ebooken eduki pirateatua eskuratzen, dohainikakoa izan behar lukeela uste duelako, egin dezakeelako besterik gabe, edo kontu bat ez duelako eduki nahi edo adin txikikoa delako, esan zuen.
"Legea urratzera daramaten faktore horiek guztiak gure merkatuan izango dira, baina seguru asko proportzio maneiagarrian geratuko dira", erantsi zuen.
Argitaletxeen Elkarteak egin duen urrats bat online zerbitzu bat ezartzea izan da, kideek identifikatu ahal izan dezaten, munduan zehar zer webgune ilegaletan dagoen beren edukia.
Lege-ohar bat igortzen da eta kasuen % 86tan webgunea ados izaten da edukia kentzeko, esan zuen Mollet-ek.
Alemaniako Teknologia-Konpainien Federazioko Thomas Mosch-ek zioen kontua oreka bilatzea dela eta ez asmo oneko jendea, legezko edukia ordaintzeko prest dagoena, uxatzea, neurri zorrotzegien bitartez.
"Sekula ez zara gai izango ezer egiteko %10etik %20ra bitarteko pirateriarekin", esan zuen.
"Baina ordaintzeko prest dagoen jendearen %80-90ekin, argitalpen-industriak bizitzeko gai izan beharko luke."
Comments
Post a Comment