Afixatze digitala indarrean dator

Ingelesez Digital Signage deitzen diote, nik euskaraz, beste proposamen hoberik egiten ez den bitartean, afixatze digitala deituko diot, 1852ko zubererazko  katixima hark esaten zuena kontuan izanda:


Eta izanen da Mandamentü hau püblikatürik Parropia Meza orotan, errezebitü datekienetik lehen igantian, hala nula afixatürik behar den lekhü orotan.


Afixatzea, beraz, ez da atzo goizeko kontua, baina afixatze digitala berria da. Marketin digital dinamikoa ere esaten diote batzuek. 



Afixatze digitala salmenta-puntuetan, aretoetan eta kanpoaldeetan (geltokietan, kaleetan, etab.) eduki digitalak komunikatzeko sistema bat da, pantaila, panel eta proiektore digitalez baliatzen dena.

Sistema digitala denez, esan gabe doa, guztiz malgua dela: edukiak diferenteak izan daitezke, une batetik bestera leku batean, eta baita leku-batetik bestera une berean ere, eta, jakina, edukien kudeaketa urrundik egiten da, Internet bidez.

Xedea argia da: kontsumitzailearekin erosteko puntuaren inguruan edo erosketa egiteko hausnarketan dabilela komunikatzea bilatzen du gehienetan. Beste batzuetan, hala nola unibertsitateetan, informazioa eskaintzea da helburua.

Komunikatzen diren edukiak izan daitezke soinuak, irudiak, bideoa edo animazioa, eta batzuetan interakzioa ere ahalbidetzen dute. Eduki hori Interneten erabiltzen ditugun ohiko formatuetan landutako fitxategien bidez ematen da, esate baterako Flash, jpeg, pdf, etab.en bitartez.

Sistemaren arkitektura izan daiteke konplexuagoa ala sinpleagoa. Hona hemen adibide bat:

Irudian ikusten den sisteman kontrol-zentro bat dago, edukiak eta hauen aurkezpenak kudeatzeko, FTP zerbitzari bat, edukien biltegia dena, eta hainbat tokitan multimedia-erreproduktore bana eta zenbait pantaila. Sistema Internetetik etor daitezkeen erasoetatik babesteko, elementu guztiak suebakien atzean daude.


Edukiak erakusteko tresnak hainbat tamainatakoak eta teknologiatakoak izan daitezke: LCD pantailak, LED pantaila handiak edo proiektoreak.

Afixatze digitala saltoki handi batean



LCD pantaila bat saltoki bateko apalen artean


Proiektoreak eta pantailak osaturiko sistema


Proiektoreak aski leku ilunetan erabil daitezke, ia edozein gainazal lauren gainean irudiak erakusteko, formatu handiko LED pantailak, berriz, ikusleak urrun eta are eguzki bizitan egon daitezkeen kanpoaldeetan erabiltzeko egokiak dira eta LCD pantailak dira ohikoenak.

Badira beste erakusgailu berezi batzuk ere: totem edo kioskoak

Totema

Irudiko totemak kalitate handiko LCD pantaila, PC bat, bozgorailuak eta kablerik gabeko konektibitatea ditu. Gainera aukera du hurbiltasun-sentsoreak eta ukipen-pantailaren funtzionalitateak ere izateko.


Multimedia erreproduktoreei dagokienez, honako taula honek kontuan izan beharreko ezaugarrien ideia bat emango dizu.

Beste hainbat xehetasun hemen aurki ditzakezu.

Gure inguruan laster ikusiko ditugu ugaritzen sistema hauek.

Afixatze digitala Zararen denda batean





Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Europar Batasunak eduki digitalei eta hizkuntzei buruzko ekimena jarri du abian

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?