Argitalpen digitalen etorkizunari buruzko 6 galdera

Argitalpen digitalen itsasoko urak ez daude bare. Gauza asko ari dira aldatzen. Hobeto esan, deus ez dago geldi, eta, horren ondorioz, lehen zalantzak baldin bazeuden, etorkizunera begira beste zalantza batzuk sortzen dira.


Hona hemen, zalantza horietako batzuk: 


Zer gertatuko da estandarrekin?

Estandarrek (epub, html5, xml, etab.) askatasuna ematen diote edukiari edozein tresnatan eta plataformatan funtzionatzeko. Formatu itxiak, aldiz, marka bati loturik egoten dira (adib. Apple, Amazon) eta, beraz, formatu bati, aplikazio bati, tresna bati.   Enpresa handiak, merkatuan joerak markatzen dituztenak, beren soluzio itxiekin dabiltza eta beren artean merkatuaz jabetzeko lehian, baina estrategia desberdinekin (tresnak saldu edukiak saldu ahal izateko vs edukiak saldu tresnak saldu ahal izateko). Erabiltzaileok zer hautu egingo dugun ikusi behar.


Android ala iOS?

Android Googleren estrategiari dagokio eta iOS, berriz, Applerenari. Applek tresnak saltzean ikusten du irabazpidea, Googlek, aldiz, bilaketa-teknologiari zuku gehiago ateratzeko, hura tresna eramangarrietara hedatzea interesatzen zaio. Erabiltzaileok prezioari, edukien ugaritasunari, erabiltzeko erraztasunari begiratzen diogu, eta, jakina, ez da izaten abantaila guztiak dituen sistemarik. Batzuk hobesteak beste batzuei uko egitea esan nahi du.


Edukiak hodeian edukiko ditugu ala deskargatu egingo ditugu? 

Deskargatzen diren edukiak tresnaren batean gordetzen ditu erabiltzaileak. Hodeian daudenak, ostera, ez dauzka erabiltzaileak tresna batean, baina hainbat tresnatan erabil ditzake, batean eta bestean kopiatu beharrik gabe. Abantaila horien ondoan, ordea, zalantza bat sortzen da: fida ote gaitezke edukiak hodeian mantentzen dituen hornitzailearekin? Zer gertatuko litzateke hark porrot egingo balu edo prezio-politika aldatuko balu ?


Argitaletxe bakoitzak bere plataforma izango du ala kiosko moduko plataformak nagusituko dira?

Alemanian, adibidez, testuliburuak argitaratzen dituzten 27 argitaletxek plataforma bakarra izatea erabaki dute. Euskal Herrian horrelako gauzak ikustea zaila gertatzen da.


Ohiko argitalpen-sistema ala autoargitalpena? 


Puntu honetaz ikus: 

Burbuila ekonomikoen zazpi urratsak argitalpen digitalen kasuan



Eduki aberastuak, multimedia edukiak, interaktibitatea, lankidetzarako aukera dutenak hedatuko dira? 


Gauza zoragarriak egiteko aukera ematen du gaur egun teknologiak, baina ez dago hain garbi ekonomia aldetik horrelako gauzak bideragarriak izango diren. Kostu handiko edukiak dira horiek, eta, agian, erabiltzaileok ez gaude prest kostu horiei legokiekeen prezioa ordaintzeko, batez ere edukiak doan edo oso merke eskuratu behar ditugula uste badugu. Norbaitek estali beharko ditu kostuak: erabiltzaileak, publizitateak edo beste norbaitek. 

Comments

Popular posts from this blog

Ikasmaterialgintzan nagusituko den zenbait joera

QR kodeak erabiltzeko gida

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?