Euskaldunen kontuak Kaliforniako prentsan (1846-1922)

Kaliforniako prentsaren bilduma (The California Digital Newspaper Collection) sarean kontsultagarri dago. Dagoeneko, 1846tik 1922ra bitarteko 400.000 orrialdetik gora daude bertan. Kalifornian garai horretan hainbat euskaldun bizi izan zela-eta, jakin-minak bultzaturik, "basque" kontsulta eginez zer agertzen den begiratu dut.

Gauza interesgarri asko agertzen da:
  • Artzain euskaldun batzuei epaileak kargu hartu ziela, artaldeak bazkatzea debekaturik zegoen oihan-erreserba batean beren artaldeak larratzeagatik.
  • Joan Migel Agirre izeneko bat izan zela San Frantzisko hiria urez hornitzeko lehen zerbitzua jarri zuena eta jaun hori Zumalakarregirekin ibili zela lehen karlistaldian.

Joan Migel Agirre
  • Mexiko hirian, herrialde hura Espainiaren menpean zegoenean, euskaldun jatorriko jaun aberats batek egindako xelebrekeria bati buruzko kontuak.
  • Euskal Foruak deusezteari buruz Kaliforniako prentsan agertzen ziren iritziak
  • Sabino Aranak 1898an hauteskundeetan irabazi zuela dioen albistea
  • Migel Erreka izeneko arrantxo-jabe euskaldun batek 1908an Southwest Warehouse konpainiaren aurkako auzi bat irabazi zuela eta jaun horrek 24 urtean 20 auzi irabaziak zituela ordurako.
  • 1909an Biarritz-etik igorritako albiste batek zioen ez zela egia, Alemanian zabaldu zutenaren kontra,  Ingalaterrako errege Eduardok apoplexia-krisia izan zuenik. Aitzitik, osasuntsu zegoela eta bere ohoretan Saran antolatua zuten festara joan zela autoz, Biarritzeko hondartzan paseatzen ibili ostean.

    Eduki guztiak PDF formatuan daude, eskaneatu ostean OCRaturik eta libreki jaits daitezke.

Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Europar Batasunak eduki digitalei eta hizkuntzei buruzko ekimena jarri du abian

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?