The Guardian eta The Observer edizio digitalei lehentasuna ematera doaz

Erresuma Batuko The Guardian eta The Observer egunkarien jabea den Guardian Media Group-ek iragarri du edizio digitalei lehentasuna emango diela, iaz 33 milioi liberako galerak izan zituela aitortzearekin batera.

Estrategia berri horren bitartez, 2016rako taldea eduki digitaletatik lortzen dituen diru-sarrerak bikoizten saiatuko da, 100 milioi liberataraino, eta 25 milioi libera aurrezten, epe berean.

Paperetik digitalera bideratzeaz aparte, astegunetako edizioetan aldaketak egingo dituzte, albisteak gutxituz eta analisiei leku gehiago emanez.

Apirileko datuek erakutsi diete The Guardianen zirkulazioa % 12,5 jaitsi dela urtero, 262.937 aleraino eta The Observer-ena % 13,9 jaitsi dela 293.053raino.

Trafiko digitala, ostera, % 31 igo da urtero, eta apirilean 2,4 milioi erabiltzaile bakar izan dituzte.

Guardian Media Group-ek 2009-2010 finantza-urtean izan zuen negozio bolumena 221 milioi liberakoa izan zen. Horietatik 40 milioi libera inguru eduki digitalei zor izan zitzaizkien. 2010-2011 finantza-urtean, ordea, negozio-bolumena 198 milioi liberakoa izan zen.

Aurtengo finantza-urtean eduki digitalengatikako sarrerak 47 milioi liberakoak izatea espero dute. Hala ere, edukiak sarean doan irakurtzeko aukera eskaintzen jarraitu nahi dute.

Paperezko edizioen zirkulazioa eta publizitatearen bidezko diru-sarrerak jaisten ari dira sektore osoan, eta irakurleak nahiz iragarki-jartzaileak teknologia berriak eta plataforma digitalak gero eta gehiago erabiltzen ari dira. Joera horrek ez du atzera bueltarik itxura guztien arabera.

Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Ikasmaterialgintzan nagusituko den zenbait joera

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?