Kontsulta-obrak eguneratzea euskarri digitalean
Eduki hau Sue Polanka-k idatzitako artikulu batetik harturiko ideiez moldatua da.
Urtetan, kontsulta-obrak argitaratzen zituzten editorialek inprimaturiko tituluen edizio berriak ateratze zituzten. Bertsio digitalak eguneratzeak eta haietarako sarbidea kontrolatzeak hainbat arazo berri sortzen dituzte:
Datu-baseak etengabe eguneratzea
Sarean, edizio berriak ateratzea bazterturik geratzen ari da; horren ordez edizioak etengabe eguneratzera jotzen da. Kasu batzuetan, oraindik, urtean behin eguneratzen dira. Zoritxarrez, edukia artxibatzen ez bada, kontsulta-obren balio historikoa galdu egiten da. Argitaletxeei zaila, garestia eta neketsua gertatzen zaie, etengabe eguneratzen den edukia artxibatzea. Alabaina, etengabe eguneratzeak alderdi on asko ditu. Esate baterako, artikuluak aldian behin berrikus ditzakete argitaletxearen aholkulariek eta eguneratu ditzakete egileek. Era horretan hobeto bermatzen da edukiaren fidagarritasuna. Liburuzainentzat garrantzia du ikuspegi historikoak, eta interesa izan dezakete artikuluen aurreko bertsioak, irudiak eta beste atal batzuk artxibatzeko. Argitaletxeentzat, arrazoizko kostuak mantenduz eta fidagarritasuna zalantzan jarri gabe, zerbitzu hori eskaintzea da erronka.
Edizio berriak
Etengabe eguneratzen diren datu-baseetan ez dagoen edukiaren kasuan, argitaletxeek oraindik edizio berriak ateratzen dituzte eta sarritan paperezko edizioarekin batera, euskarri digitalean ere eskaintzen dituzte. Edizio berri horiek paperezko ohiko formatuan prozesatzea aski arrunta izan da liburutegientzat. Edizio berriena kontsultagai eduki ohi zuten eta zaharragoak erabilgarri, gorderik edo bazterturi. Baina, kontsulta-obrak e-book formatuan ere ateratzen hasi direnean, prozesu hori konplikatu egin da. Edizio berria erosten dute eta eskuragarri egoten da saltzailearen plataforman, baina, kasu batzuetan, edizio zaharra plataformatik erretiratu egiten dute eta ez da eskuragarri geratzen. Horrek hainbat galdera sortzen ditu. Adibidez, behin kontsulta-obra bat erretiratuz gero, nora doa? Liburutegiek jasotzen al dute artxibatzeko kopia bat, eta, hala baldin bada, zer formatutan? Zer ari dira egiten liburutegiak edizio zaharren kopia artxibatu horiekin? Zerbitzarian leku bat edo ordenagailu dedikatu bat behar dute liburutegian, fitxategi elektronikoak gordetzeko, eta sarbide moduren bat, haiek kontsultatu ahal izateko, hala nola katalogoari gehituriko esteka berriak edo erabiltzaile-interface bereizi bat. Aukera horiek ez dira praktikoak liburutegientzat. Aurreko edizioak eskuragarri egotea garrantzitsua denean, haiek kontsultarako plataforma batean mantentzea egokiagoa da.
Hainbat ediziotarako sarbidea
Edizio zaharrak plataformetan mantentzen direnean, nola agertzen da haietako edukia gakohitzen bidezko bilaketa bat egiten denean? Badirudi logikoa litzatekeela edizio zaharragoek lehentasun txikiagoa izatea, eta berriagoak gorago agertzea bilaketaren emaitzetan. Baina, argitaratze-data ez bada bilaketa-algoritmoaren faktoreetako bat, edizio zaharragoetako edukia ager liteke gorago, eta ez litzateke bermatuko informaziorik eguneratuena eskaintzea. Horri konponbide bat eman dakioke, artikuluen artean estekak ezarriz, erabiltzailea edukirik eguneratuenera eramateko eta, bide batez, gai batek denboran zehar izan duen bilakaera erakusteko.
Edizio zaharrak kentzea
Baliteke liburutegi batzuek edizio zaharrak baztertzea nahiago izatea. Hori arrazoizkoa da apaletan lekua urria denean, baina formatu digitalean ez du garrantzirik. Hala ere, informaziorik eguneratuena eskaintzeari lehentasun osoa ematen zaionean, beharrezkoa izango da jorratze-lan hori.
Comments
Post a Comment