Nola ari dira moldatzen egunkariak edizio digitaletatik diru-sarrerak izateko?

Informazio iturria: http://www.journalism.org

Errealitate latza ari dira bizi izaten egunkariak han eta hemen. Paperezko edizioetatik datozkien diru-sarrerak murrizten ari zaizkie eta digitaletatik etortzea nahi luketenak ez datozkie parrastaka. Zehazki esateko, gizarte-zientzietan espezializaturiko Pew Research Center estatubatuarrak egin duen Project for Excellence in Journalism egitasmoak erakusten duenez, edizio digitaletatik irabazten duten dolar bakoitzeko, zazpi galtzen dituzte paperezkotik. Giroa, sektoreko arduradunen artean, ez da oso alaia, nahiz eta mundu guztiari ez doakion berdin. Badirudi, guztientzat baldintzak berberak izan arren, egunkari bakoitzaren emaitzek zerikusia dutela enpresa bakoitzaren kultura eta jarrerekin, eta tamaina ere ez dela erabakigarria.



Arduradun baikorrenek uste dute digitaletik etorriko diren irabaziek gaindituko dituztela paperezko edizioek sortzen dituzten galerak hemendik urte batzuetara, ezkorrenek, aldiz, diote hori ez dela inoiz gertatuko eta beste askok aitortzen dute ez dakitela hori noiz gertatuko den. Kontua da baikorrenek, ezkorrenek eta zer pentsatu ez dakitenek, guztiek, oraintxe bertan egunero jan behar dutela.


Teknologia aldetik aurreratuen dauden batzuk arrakasta lortzen ari dira irakurleek sarean duten portaeran oinarrituz pertsonalizaturiko publizitatearen bitartez, baina gutxi dira horren sistema landuak dituztenak. Beste muturrean daude paperean eta digitalean, bietan galdu eta galdu ari direnak.


Egunkari txikietan, eman dezagun 25.000 ale baino gutxiago ateratzen dituztenetan, guztia gertatzen da astiroago, bai paperaren jaitsiera eta baita digitalaren igoera ere.


Oso gutxi dira publizitateaz aparteko beste finantziazio-bide batzuen bila dabiltzanak. Saiatzen dituzten formulak dira ekitaldien antolaketa, denda birtualak kudeatzea edo publizitate-agentzien zereginetan jardutea.


Oztoporik handienetako bat pertsonalaren ohiturak aldatzea da. Beste era bateko negozioan daude entrenaturik, eta kosta egiten zaie molde berrietara egokitzea. Beste oztopo bat lantaldearen tamaina handiegia da. Inertzia da nagusi. Eta beldurra ere bai: aldatzeak derrigorrezkoa dirudi, baina ziurtasunik ez dago, apustu egin behar da, eta gaizki irteten bada, enpresa osoa doa pikutara.


Sektore honetan gauzak gaizki joatea ez da beste batzuetan gaizki joatea bezala. Izan ere prentsak funtzio sozial garratzitsua betetzen du, iritzi publikoa eratzen eragin handia duelako.




Comments

Popular posts from this blog

Ikasmaterialgintzan nagusituko den zenbait joera

QR kodeak erabiltzeko gida

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?