« Soutenir la librairie » txostenaren ondorioak
Frantziako Kultura ministroak, Frédéric Mitterrand-ek, misio bati txosten bat egin zezan eskatu zion, liburuaren industria izaten ari den egoerari aurre egiteko jokabidea proposa zezan. Igaro berria den Liburuaren Parisko Saloian aurkeztu zituen ministroak txosten horretan atera diren ondorioak.
Txostenaren izenburua da «Soutenir la librairie pour consolider l’ensemble de la chaine du livre : une exigence et une responsabilité partagées » [Liburu-denda sostengatu, liburuaren kate osoa sendotzeko: eskakizun eta erantzukizun partekatuak]
Txostengileek azaldu dituzten ideia eta proposamen nagusiak honako hauek dira:
Txostenaren izenburua da «Soutenir la librairie pour consolider l’ensemble de la chaine du livre : une exigence et une responsabilité partagées » [Liburu-denda sostengatu, liburuaren kate osoa sendotzeko: eskakizun eta erantzukizun partekatuak]
Txostengileek azaldu dituzten ideia eta proposamen nagusiak honako hauek dira:
- Frantzian liburuaren merkatua beherantz doa, baina oraindik sendo dago, ondo egituraturik dago eta baditu baliabide egokiak. Beheranzko joera horren arrazoi nagusia irakurleen jokabidea da eta ez hainbeste teknologia. Bistan da, ordea, merkatu horrek aldaketa handiak izango dituela, batez ere epe ertainean, dagoeneko abian den digitalizazioaren eraginez.
- Liburu-denda independenteak sufritzen ari dira, batez ere Interneteko liburu-dendak lekua kentzen ari zaizkielako, eta BEZaren igoerak kalte egiten dielako.
- Liburu-denda horiek ez dute aukerarik prezioekin jokatzeko, legeak debekatzen dielako, eta ez dute aukerarik hornitzailea aukeratzeko ere, argitaletxeek eta banatzaileek dituzten kontratuen ondorioz. Marjina ateratzeko aukerak editorialek onartzen dituzten itzulketetan, kudeaketa egokiaren bidez kostuak mugatzean eta bezeroei eskaintzen zaien stockaren eta zerbitzuaren kalitatean bilatu behar izaten dituzte. Hori dela-eta likidezia-arazo astunak izaten dituzte.
- Misioak proposatu du Dilicom bidez (Espainiako SINLIren antzekoa) egiten den eskari-lerro bakoitzeko 3 zentimo gehiago faktura dadila eta horrekin liburu-denda independentei laguntzeko funts bat sor dadila. Zentimoetako bat eskaria egiten duen liburu-dendak jarriko luke eta beste biak eskaria jasotzen duen banatzaileak. Horrela 3 milioi euro bilduko lirateke liburu-denda independenteei laguntzeko. Bi helburu izango lituzke bilduko litzatekeen funts horrek: batetik likideziarako maileguak emateko erabiliko litzateke eta bestetik inbertsioak egiteko berme gisa.
- Beste proposamen bat da liburu-denden kalitatea mantentzeko ekintzen aldeko funts bat sortzea. Laguntza horiek nori eman erabakitzeko, puntuazio bat izango luke liburu-denda bakoitzak, daukan stockaren, antolatzen dituen ekitaldien, espezialitatearen, eta beste ezaugarri batzuen arabera.
- Beharrezkoa ikusten du misioak egoera-aldaketa bortitzei aurre hartzea, horretarako laguntzak prestatuz. Horretarako, misioak proposatzen du merkatuaren bilakaera hurbil-hurbiletik jarraitzea, eskuhartzea garaiz egiteko.
- Liburuaren Zentro Nazionalaren eskuhartzeak indartzea proposatzen du misioak. Datozen bi urteetan erakunde horrek liburu-dendei emango dizkien laguntzak bikoiztu egin beharko lukete 6 milioi euroraino.
- Legeak ematen duen % 5eko deskontua egin ahal izateko aukera kentzea proposatzen dute, handiek sistematikoki egiten dutelako, formula bat edo beste erabiliz, eta txikientzat gehiegizko zama delako. Kasu askotan fidelizazio-txarteletan oinarrizten da deskontu hori, baina liburu-denda batzuek dagoeneko pentsatuta daukate txartel horiei beste erabilera bat ematea, esate baterako beste arlo batzuetako merkatariekin adostea hauek liburu-denden txartelduenei abantailak ematea.
- Ildo berean, misioak uste du liburuaren prezio finkoaren kontra dagoela Interneteko saltzaile batzuek egiten dutena, alegia, garraio gastuak prezioaren barruan sartzea.
- Misioak planteatzen du "arartekotza" bat beharko litzatekeela liburuaren sektoreren barruan elkarrizketa bermatzeko.
- Liburu-denden beheranzko joera gertatzen denez irakurtzeko ohitura ahultzen ari delako, proposatzen dute liburu-denden mundua ezagutzeko ekintzak antolatzea, batez ere ikasleei eta oro har gazteei begira.
- Beste proposamen bat da liburu-dendetan lanean dihardutenen formazioa sustatzea.
- Helburu garrantzitsu bat eskarien entrega-denbora laburtzea litzateke. Izan ere, Interneteko saltzaileek bezeroen gai horri buruzko pertzepzioa aldatu dute. Horren barruan iradokitzen dute bi zirkuitu bereiztea, bata bezeroen eskariei erantzutekoa eta bestea erreposizioak egitekoa.
- Liburu-dendak jarri nahi dituztenei beren negozioa definitzen, erretiratzen direnei belaunaldi berrietara transmisioa egiten, negozioa dibertsifikatzen laguntzea.
- Liburu-dendei liburu digitalaren merkatuan presentzia izan dezaten laguntzea
Comments
Post a Comment