Kanadako liburu-denda independenteek hitzarmen bat sinatu dute Google Books-ekin
Kanadako Liburu-denden Elkarteak ofizialki azaldu du Googleren liburu-denda digitalarekin akordio batera iritsi dela. Hitzarmen horren bidez, denda horiek liburu-digitalak saltzeko denda bat, beren webguneari atxikia, erabili ahal izango dute, Googlerekin partaidetzan. Horretarako, aski dute HTML kode bat webgune horietan eranstea, eta ez dute merkataritza elektronikoari buruzko ezagutzarik behar. Abian jarri eta laster, Google Booksek lehenbiziko akordioak egin zituen unibertsitateetako liburu-dendekin eta MacNally Robinson kateko liburu-dendekin. Liburu-denda asko beste hainbeste egitea eskatzen ari ziren, aukera hori beren bezeroei eskaini nahi zietelako, haiek ebookak beren ohiko liburu-dendan eros zitzaten. Google eBooks 2010eko abenduan jarri zuten abian 3 milioi ebookekin. Liburu horiek hodeian erosten eta gordetzen dira, nonahi eta edozein motatako irakurgailuen bidez erabili ahal izateko.
Comments
Post a Comment