Luxenburgon ebookek % 3ko BEZa izango dute aurrerantzean
Luxenburgoko Domeinuen Erregistroaren Administrazioak aditzera eman duenez, liburu digitalek herrialde hartan % 3ko BEZa izango dute aurrerantzean, paperezko liburuei ezartzen zaiena berbera. Orain arte liburu digitalei % 15eko BEZa zegokien.
Kontuan izanik Europan BEZa saltzailearen herrialdearen arabera aplikatzen dela eta ez eroslearen herrialdearen arabera, erabaki horrek garrantzi handia izan dezake. Izan ere, Europako beste herrialde guztietan ebooken BEZak askoz altuagoak dira, hasi Frantziako % 7tik eta Suediako % 25era bitartekoak.BEZa horren altua izatea da ebookak Erresuma Batuan AEBn baino aurrerapen txikiagoa egin izanaren arrazoietako bat, hain zuzen.
Bi ondorio izan ditzake Luxenburgok harturiko erabaki horrek:
- Liburu digitalek paperezkoei egingo dieten lehia gogorragoa izango dela.
- BEZ apala duten herrialdeek errazago salduko dituztela ebookak altua dutenek baino.
Adibidez, Espainian ebook baten prezioa BEZik gabe 20 € baldin bada, % 18ko BEZa erantsi ondoren, publikoarentzako prezioa 23,60 € izango da, eta Luxenburgon, aldiz, 20,6 €.
Horrek esan nahi du, gainera, Luxenburgon ebooken banaketa-plataforma bat jartzeko ahalmen ekonomikoa eta gaitasuna duten enpresa handiek lehia gogorra egingo dietela ahalmen hori ez duten txikiagoei. Amazonek eta Applek konkretuki herrialde hartan dituzte Europako egoitza nagusiak.
Amazonek erakutsia du AEBn nola baliatzen den politika fiskalaz merkatuan nagusitzeko. AEBn estatu bateko saltzaile batek ez dio zertan BEZa kargatu beste estatu bateko erosleari. Horretan oinarrituz, sekulako dirutzak irabazi ditu han Amazonek.
Comments
Post a Comment