Liburuaren merkatua larri dabil Suitzan


Iturria: SwissInfo.ch

Liburuaren merkatua garai zailak bizitzen ari da Suitzan, krisiagatik, libera suitzarra sendo dagoelako, merkataritza elektronikoaren eta liburu digitalaren eraginez. Profesionalek prezio finkoan eta espezializazioan dituzte jarriak esperantzak.


«Gure negozio-zifra jaitsi egingo da aurten, hirugarren urtez segidan, eta galerak askoz handiagoak dira txikizkako salmetaren beste sektoreetan baino». Baieztapen larri hori Suitzako alemanezko liburu-denden eta editoreen elkartearen (SBVV) Daniel Landolf zuzendariarena da.



Hark dioenez, liburuaren sektorearen krisiak arrazoi bat baino gehiago du. Libera suitzarra, deskontu-kateen presioa eta Suitzako alemanezko liburuen merkatuan 2007 arte indarrean egon zen prezio finkoa desagertzea. Liburu digitala indarrean igotzeak ere badu zerikusirik salmentak jaistearekin. Argi eta garbi, liburuaren merkatua egitura-aldaketa sakonen mehatxupean dago. 

«Imajina litezkeen arazo guztiak ditugu» dio aurten Basileako liburu-azokan standa zuen La Joie de lire editorialaren Francine Bouchet zuzendariak. «Adibidez, Frantziak, non guk gure negozio-zifraren % 70 egiten baitugu, BEZa igo egin da, baita liburuentzat ere.»

Hala ere, liburuekiko interesa ez dirudi gutxitzen ari denik. Horrela, azaroaren 18tik 20ra izan den Basileako liburu-azokan, erakusleen kopurua % 20 handitu da eta bisitariena % 4. 

Prezio finkoari buruzko bozketa

Liburuaren inguruan mugitzen diren eragile gehienek esperantza handiak dituzte jarriak prezio finkoa berrezartzean. Haatik, Legebiltzarrak onarturiko soluzioa erreferendumean bozkatuko dute suitzarrek datorren martxoaren 11n. Erreferenduma eskatu dutenek uste dute prezio finkoa ez dela kontsumitzaileen aldekoa eta "liburuaren kartela" sorraraziko duela.

«Alemanezko Suitzan prezio finkoaren sistema baztertu egin behar izan zutenetik, prezioen gerra izan da merkatuan», dio Bernako Zytglogge argitaletxean medioez, banaketaz eta lizentziez arduratzen den Anne Riesen-ek.

«Mundu guztiak merkatuan abagune berberak izatea eragingo lukete prezio finkoek. Ez da bidezkoa batzuek bezeroak erakartzea beherapenen bidez», dio Heinz Scheidegger, Edition 8 argitaldarikoak. Bai editorial hori eta baita Zytglogge ere hogeitik gora editorial batzen dituen Suitzako Argitaletxe Independenteen Elkarteko bazkideak dira.

«Aniztasuna babestea»

SBVVk "prezioen dumping-aren eta deskontu-kateen lehia"ren aurkako kanpaina egingo du, dio Daniel Landolfek. Prezio finkoak Suitzan liburu-denden aniztasuna mantentzen ere lagunduko du. «Guk ez dugu Ingalaterrako egoera nahi, non hirien erdiak baino gehiagok ez baitute dagoeneko liburu-dendarik eta pobretzen ari baitira kultura aldetik», dio gogor alemanezko editorialen elkartearen zuzendariak.

Bitartean, liburu-denda askok espezializazioan ikusten dute beren etorkizuna. «Azken urteotako esperientziak erakusten du espezializatzen diren edo sektore espezifiko batean kokatzen diren liburu-dendek aukera dutela krisia zeharkatzeko», baieztatzen du Suhrkamp editorial alemanaren Suitzako ordezkariak.
Ebooka: arriskua ala abagunea?
Alemana egiten den Suitzako eskualdeetan dagoen liburu-denda kate handienetakoa den Thaliaren standa bereziki deigarria zen: markak liburu elektronikoak baizik ez aurkeztea aukeratu zuen.
«Sinetsita gaude irakurketa digitala zabaldu egingo dela Suitzan eta gure jardueren pilare bat izango dela», adierazten du Thalia Suitzaren marketin eta komunikazio arloetako Irina Jermann zuzendariak.

Guy Krneta idazleak ez du txartzat ematen bilakaera hori. Thaliaren standean zegoela esan zuen liburu elektronikoak "eman diezeiekeela berriz garrantzia desagertuak ziren liburu batzuei.» Halere, zioen, liburua "sinetsi ezinezko asmakuntza dela, abantaila asko dituena.»

Liburu elektronikoa gaur egungo bilakaeraren ondorio txarrei mugak jartzeko Thaliaren hiru estrategietan lehena da. «Bigarrena Internet bidezko salmenta da eta hirugarrena liburu-eskaintza liburuaren hurbileko objektu deritzenez osatzea da», azaltzen du Irina Jermannek.

Sektore ahuldua

«Liburu-arloan dihardutenak diskoaren industrian egin diren akatsak ez errepikatzen ahalegintzen ari dira aspaldiko urtetan», azaltzen du Daniel Landolfek. Editorial handiak ez dira digitalizazioari ez hutsegiten saiatzen diren bakarrak. Argitaletxe txikiak ere horretan ari dira. Baina, oraingoz, inork ez du irabazirik lortzen liburu elektronikoaz.

"Beldurra aholkulari txarra da", baieztatzen du Francine Bouchetek. "Ez du ezertarako balio gertatzen ari diren aldaketei ez ikusiarena egiteak. Gure katalogoko literatur titulu guztiak digitalizatzeari ekin diogu, Parisko Centre National des Lettres-ekin lankidetzan."

Zytglogge ere prestatzen ari da. «Agorturik edo kopuru txikitan soilik dauden liburuentzat abagune ederra da», zehazten du Anne Riesenek. Heinz Scheidegger (Edition 8) sinetsita dago ebookak ez duela desagerraraziko paperezko liburua, eta datozen urteetan "bi euskarriak batera izango direla."

Paperaren iraunkortasuna berresteko asmoz balitz bezala, Amazonek, Interneteko saltoki handienak, liburuen edizioan inbertitzea erabaki du berrikitan. Beste lehiakide bat gehiago? «Bai, baina lehia horrek merkatua biziarazten du, dio Daniel Landolfek. Are gehiago, kontuan hartuz gero Amazoni autore ezagunak baizik ez zaizkiola interesatzen.»

Comments

Popular posts from this blog

QR kodeak erabiltzeko gida

Ikasmaterialgintzan nagusituko den zenbait joera

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?