Hachette-ren barne-txostena argitaletxeen zereginaz
Hachettek etxe barrurako soilik zuen eta zirrikituren batetik ihesi joan zaion txosten batek argitaletxeen zereginaz argitalpen-munduko erraldoi horretan pentsatzen dutena argitzen digu. Nik uste dut argitaletxeek oro har sinatuko luketela hor esaten dena. Hona hemen zer dioen txosten horrek:
“Auto-argitalpena” ez da izen egokia.
Argitaratzeak konpromiso multzo konplexua eskatzen du, bai agertokiaren gibelaldekoa eta baita jendaurrekoa ere. Banaketa digitala – jende askok adierazi nahi dutena auto-argitalpena esaten dutenean – liburua merkaturatzeko eta publikoari ezagutarazteko osagaietako bat besterik ez da.
Zerbitzu osoa ematen duen argitaletxea den aldetik, Hachette Book Group-ek (HBGk) autoreei zerbitzu multzo zabala eskaintzen die:
1. Artatzea (Curator): talentua bilatzen eta elikatzen dugu:
• Merkatuan nabarmentzera doazen autoreak eta liburuak identifikatzen ditugu. HBGk ahots berriak edireten ditu eta aipagarriak gainerakoetatik bereizten ditu.
• Lankide gisa jarduten dugu edukiari dagokionez, idazteko talentua elikatzean zentraturik, gure autoreekin harreman aberatsak sustatuz, haiei beren idatziei buruzko aholkularitza aditua eskainiz eta haien alde hainbat eratako arazoei aurre eginez.
2. Arrisku-kapitala ezartzea: autoreen idazketa-prozesua finantzatzen dugu:
• HBGn ideiatan inbertitzen dugu. Aurrerakinak emanez, autoreei denbora eta baliabideak ematen dizkiegu ikertzeko eta idazteko. Horretaz gainera, etengabe inbertitzen dugu azpiegituran, tresnetan eta HBG argitalpen-partaide handia egiten duten partaidetzetan.
3. Salmentetan eta banaketan espezialistak gara: izan litekeen irakurleria zabalena bermatzen dugu:
• Gure liburuak leku egokian, kopuru egokian eta garai egokian ipintzen ditugu, bai paperezko formatuan eta baita digitalean ere. Liburu-dendekin eta banatzaileekin lan egiten dugu, liburu bakoitzak izan litekeen irakurleria zabaleneraino iristeko abagunea izan dezan.
• Zabalkunde handia bermatzen dugu eta hornitze-katearen konplexutasuna menderatzen dugu, bai formatu digitalean eta bai fisikoan.
• Merkatu berri batean aitzindari gisa dihardugu, esploratzen eta ideia berriak esperimentatzen gure negozioaren arlo guztietan eta inbertitzen ideia berri horietan – nahiz eta, kasu batzuetan, irabazia ez dagoen segurtaturik (aplikazioen eta ebook hobetuen kasuan esate baterako).
• Prezio- eta sustapen-arloetako espezialista moduan jokatzen dugu (hilero, astero eta egunero 250 kontratu baino gehiago koordinatuz ebookez, gure kontu guztiak hartuz gero).
4. Marka eraikitzen dugu eta copyrighta defenditzen dugu: autore-markak eraikitzen ditugu eta beren jabego intelektuala babesten dugu:
• Argitaratzaileek interesa pizten eta hedatzen dute, betiere gure autoreak eta beren liburuak nabarmenaraziko dituzten bide berriak bilatuz. Gai gara liburuak eta irakurleak modu esanguratsuan harremanetan jartzeko.
• Marketineko eta publizitateko trebetasuna eskaintzen dugu, liburu bat merkatuan justu behar duen bezala aurkeztuz, eta bermatuz adimenak, sormenak eta negoziorako begi zorrotzak gure estrategia gidatuko dutela.
• Autoreen jabego intelektuala babesten dugu, pirateriaren kontrako neurri hertsiak eta lurraldekako kontrolak erabiliz.
Comments
Post a Comment