Agenda Digitalerako europar komisario Neelie Kroes andrea copyrightaren "monopolioen" aurka mintzatu da


Copyrightak artistak babestu beharko lituzkeela eta ez enpresak, eta teknologia ez dela mugatu beharreko zerbait, erabili beharrekoa baizik, esan zuen. 

Neelie Kroes andrea

 

Berriro ere Neelie Kroes andrea copyright monopolioen aurka mintzatu da.
Iaz Avignongo Foroan esan zuen medioetako konpainiek pirateria moztu nahi balute, "interes partikular korporatibistez" haratago begiratu beharko luketela.
 
"Nork elikatzen ditu artistak" izenburuarekin egin zuen aurtengo hitzaldian, Kroes urrunago joan zen, adierazi zuenean gaur egun copyrightak duen moldea okerra dela. 
Kroes-ek bere hitzaldia hasi zuen esanez ezinbestekoa dela sormena aitortzea eta bultzatzea Europan. Ados dagoela esan zuen artistei beren ahaleginagatik ordaintzearekin, baina zalantzan jarri zuen gaur egungo copyright-sistema horretarako tresna egokia dela.
 
“Galdegin diezaiogun geure buruari gaur egungo copyright-sistema tresna egokia eta bakarra den gure helburuak lortzeko. Ez da hala, sentitzen dut. Pirateriaren aurka borrokatzen jarraitu behar dugu, baina legea aplikatzea gero eta zailagoa gertatzen da; copyrighta aplikatzeko inbertitu diren milioika dolarrrek ez dute pirateria geldiarazi”, esan zuen Kroes-ek.
 
“Bitartean hiritarrek copyright hitza entzuten dutenean haren atzean dagoena gorrotatzen dute. Zoritxarrez, askok uste dute gaur egungo sistema zigortzeko eta ezkutatzeko tresna bat dela eta ez aitortzeko eta saritzeko tresna bat.
 
“Ekonomikoki saritzeaz mintzatuz: hori baldin bada gaur egungo copyright-sistemaren helburua, horretan ere huts egiten ari gara.”
Kroes-ek azaldu zuen Europako artista gehienek ezin dutela taxuzko bizimodurik izan, egiten dutenarekin, eta adibide gisa esan zuen Alemaniako musikarien % 97,5ek 1.000 euro baino gutxiago irabazten dutela hilean. Inplizituki, hark argudiatzen du gaur egun dugun copyright-sistema murriztaileak milioika eta milioika euro dituzten enpresei egiten diela mesede, baina ez nahitanahiez artistei oro har, arestian aipaturiko adibide horrek erakusten duen bezala.
 
Hori aldatu egin nahi du komisarioak.

“Oinarrietara itzuli behar dugu eta artista jarri behar dugu erdian, ez copyrigh-legearen erdian, kulturari eta hazkundeari buruzko gure politikaren erdian baizik. Aldaketa-aroan sormena behar dugu, pentsakera konbentzionaletik irten: arte sortzailea aldi zail hau gainditzeko eta negozio-eredu sortzaileak artea errentagarri bihurtzeko” esan zuen.
 
“Eta horretarako, malgutasuna behar dugu sisteman, ez eredu bakarraren alkandora hertsagarria. Edukia ekoizteko, banatzeko eta erabiltzeko plataformak, kanalak eta negozio-ereduak edukia bera bezain askotarikoak eta berritzaileak izan daitezke.”
 
Europaren Buru Digitala den aldetik, Kroes-ek rol garrantzitsua ematen dio teknologiaren sektoreari artistei beren karrerei ahalik eta etekinik handiena ateratzen laguntzeko. “IKTek lagundu dezakete horretan. Sektore guztietan, IKTek lagundu diezaiekete artistei beren entzuleekin harremanak izaten, zuzenean eta merke. Eta lagundu diezaiekete kontsumitzaileei beren behar, interes eta gustu espezifikoen araberako materiala bilatzen eta hartaz gozatzen”esan zuen.
 
“Begira hodeiko informatika: bide guztiz berria da kultura-lanak erosteko, entregatzeko eta kontsumitzeko  – musika, liburuak, filmak – lizentziek modurik egokienean nola funtzionatu behar luketenari buruzko galdera berriak planteatuko dituena.”
Teknologia mesede egiteko eta ez zigortzeko erabiltzeaz aparte, Kroesek zioen industriak birpentsatu egin behar duela negozio-eredu zaharrak oraindik sintonian dauden bizi dugun aroarekin. Musikaren industriako lizentzi arazoak eta filmen eta telebistako programen artean ezartzen diren denbora-tarteak azpimarratu zituen alderdi horretatik.
“Artea saritzeko sistema batek, bere dimentsio guztietan, aski malgua eta egokitzeko gai izan behar du, ingurune berri horiei erantzuteko. Eta bestela berrikuntza hilko dugu eta artisten interesak kaltetuko ditugu” adierazi zuen Kroesek.
Etxera eramateko mezu gisa, Kroesek esan zuen arazo nagusia dela tresna guztiak ematea, artistek loraldia izan dezaten. Bestela esateko, behar dena egin behar dela artistei bermatzeko taxuzko diru-sarrerak izango dituztela, eta ez konpainia handienen irabaziak babesteko.
“Beraz hauxe da nire erantzuna: copyrighta ez da kontu bakarra. Garrantzitsua da benetan, baina ez dugu horrekin obsesionatu behar. Artista baten bizimodua gogorra da eta krisiak oraindik gogorrago bihurtu du. Itzul gaitezen oinarrietara, eta sor dezagun aitortzeko eta saritzeko sistema bat, artistak eta sortzaileak erdigunean izango dituena.”

Comments

Popular posts from this blog

Ikasmaterialgintzan nagusituko den zenbait joera

QR kodeak erabiltzeko gida

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?