Paperezko katalogoa digitalizatzeak baditu zailtasunak


Edozein editoriali bururatzen zaio paperezko liburuen katalogoko tituluak euskarri digitalean eskain ditzakeela. Begiratu batean erraza dirudi hori egiteak, baina baditu bere koskak.
Zalantzak berehala sortzen dira: zer formatutan komeni da ebookak eskaintzea? zer plataformatan jarriko dira salgai? zer metadatuz hornituko dira?


Katalogoko titulu batzuk zaharrak izango dira eta ez ziren euskarri digitalean bidaliko inprimategira, edo gaurko sistema eragileetan erabil ez daitezkeen aplikazioez landuko ziren. Kasu horietan paperezko obra digitalizatu eta OCRatu beharko da eta gero zuzendu egin beharko da. Originala txukuna baldin bazen, gaitzerdi, baina hain txukuna ez bazen, eskaneatuz lorturiko fitxategiak garbitu egin beharko dira, OCRak bere lana egin ahal izan dezan. Lan hori editorialean bertan egin nahi bada, baliabide egokiak beharko dira eta kanpoan egiten bada, berriz, kalitate-kontrol zorrotza jarri beharko da.


Publiko zabalarengana iritsi nahi baldin bada, hainbat ebook formatutan jarri beharko dira tituluak eta haientzat ISBN bana eskatu beharko da. 


DRMz babestu behar dira liburuak? Zer prezio jarri behar zaie? Eskubide aldetik nola ditugu tituluak? Zer autore-eskubide ordainduko ditugu?

Eragozpen horiek guztiak gainditu direnean fitxategiak banaketa-plataformetara igo behar dira. Horrek ere baditu bere zailtasunak, plataforma bakoitzak bere eskakizunak dituelako, fitxategiak izendatzeko edo behar dituen metadatuen aldetik.

Horrek guztiak badakizu zer eskatzen duen? Denbora eta dirua. Zalantzarik handiena, hortaz, hauxe da: merezi du lan hori guztia hartzea dirua galtzeko edo kasurik onenean lau sos irabazteko?

Comments

Popular posts from this blog

Ikasmaterialgintzan nagusituko den zenbait joera

QR kodeak erabiltzeko gida

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?