Musikaren eta liburuaren digitalizazioek dituzten antzekotasunak eta desberdintasunak


Artikulu hau http://www.futurebook.net blogeko ideiez baliatuz prestatua da.

Digitalizazioak guztiz asaldatu du musikaren industria. 


Horren ondorioz gure kaleetan ez dago ia disko-dendarik. Liburuaren industriari ere ez ote zaio gauza bera gertatuko? Zer egin daiteke arrisku hori saihesteko? Konparatzeko modukoak al dira bi sektoreok?

Musikaren zabalkundea euskarriz aldatuz joan da XX. mendearen erdialdetik hona: 78 bira/min binilozko diskoetatik, 33 bira/min-etara, gero 45 bira/min-etara, ondoren cassetteetara, CDetara eta azkenik MP3ra. Azken urrats horrek Internet bidezko fitxategi-truke masiboa ekarri zuen, bereziki Napster moduko P2P sareen bidez hasieran eta fitxategiak trukatzeko beste milaka zerbitzurekin ondoren. Fenomeno honi ez zion musikaren industriak erantzuten jakin, Napster eta beste gutxi batzuk bakarrik zeudenean, eta gero berandu zen, anabasa sortu zelako. Garai batean fidelak ziren bezeroak kontrolpetik kanpora hasi ziren ibiltzen.

Gaur egun musika gero eta hobeto saltzen da euskarri digitalean. 2011n Spotify, iTunes eta antzeko zerbitzuek guztira 6.300 milioi dolar inguruko salmentak egingo dituzte. Egia da horrek ez duela esan nahi salmenta horiek nahitanahiez irabaziak sortzen dituztenik. Spotifyk 2010ean 41,3 milioi dolarreko galerak izan zituen eta 2009an 26 milioi dolarrekoak. 


Internetetik ordaindu gabeko deskarga bidez soilik lor zezaketena, gero eta gehiago legalki eros dezakete musika maite dutenek.


Liburu digitala bizkor ari da hazten. Lehenbizi AEBn hazi zen eta orain Europan ari da hazten

Liburuaren industriak, berriz, historia luzea du eta denbora luzean paperez egina. Liburu digitala bera ere askok uste duten baino zaharragoa da. Duela berrogei urte hasi ziren lehen saioak Gutenberg proiektuarekin, baina 2007an hasi zen benetako hedapena izaten Sonyk tinta elektronikozko irakurgailua kaleratu zuenean. Hurrengo bultzada handia Amazonen Kindleak ekarriko zuen. Hori guztia batez ere AEBn gertatu da. Europan gauzak geroago datoz, baina Europan esnatzen ari diren merkatuetan (Herbehereetan, Erresuma Batuan), hiru bat urteko atzerapenarekin, AEBn gertatu ziren antzera ari dira gertatzen gauzak. AEBn oraintxe bertan e-bookaren batez besteko merkatu-kuota % 17,6koa da. Amazonek 2010eko uztailean ebook gehiago saldu zituen tapa gogorreko liburuak baino, handik sei hilabetera ebook gehiago saldu zituen tapa biguneko liburuak baino eta 2011ko maiatzean ebook gehiago saldu zituen paperezko guztiak baino. Gaur egun Herbehereetako ebooken salmentak liburu guztien salmenten % 1- % 1,5 inguru dira, esan nahi baita 2008an AEBn bezalaxe. Ebooken salmenten hazkundea oso lasterra da.

Buruhauste handiak ditu liburuaren industriak ibilbide horretan: produktua DRMz babestu ala ez, katalogoko tituluak nola digitalizatu, zer prezio ezarri bertsio digitalari, pirateriari nola erantzun, nola eutsi errentagarritasunari diru-sarrerak gutxitzen badira, musikarekin geratatu zena nola saihestu. 


Segurua dena da ez dagoela digitalizazioa geraraziko duenik eta gero eta jende gehiagok kontsumitzen dituela eduki digitalak.


Musikaren kasuak eta liburuarenak badituzte antzeko ezaugarri batzuk.


Bi sektoreetan digitalizazioari kosta egin zaio indarra hartzea. Eredu zaharra ondo errotua zegoen eta eredu berriak ez zuen segurtasunik eskaintzen. Aldaketaren aurrean, produktua babestea eta are kopiatzen ahalegintzen denaren ordenagailua erasotzea izan dira industriaren erreakzioak, pirateriaren alternatiba izan zitezkeen aukera legal batzuk esakini ordez. Oso ezaguna ez den bigarren jokabide hori erabili zuen, esate baterako, Sonyk CDak babesteko XCP eta CD3 softwareak musikako CDetan txertatu zituenean. Norbaitek musikako CD horietako bat kopiatzen saiatzen zenean, erabiltzaile horren makinako Windows sistema eragilea erasoekiko zabalik geratzen zen.

1997 inguruan fitxategiak trukatzeko sareak sortu zirenetik industria alternatiba legalak eskaintzen hasi zen arte hamar urte igaro ziren. Ez dakigu gauzak nola joango ziren industriak sistema berri horiek truke-sareak sortu aurretik eskaini izan balitu.

Musika grabatzea eta liburuak argitaratzea asko erraztu eta merkatu du teknologia digitalak. Gaur egun musikari eta idazle askok grabazio-,  edizio- eta banaketa-konpainietara jo gabe ere kaleratzen dituzte beren produktuak aski kalitate txukunean. Egia da halaber askok eta askok, erraztasun horrek liluraturik, porrot egiten dutela produktua saltzeko garaian, marketina ez delako batere erraza eta inoiz baino beharrezkoagoa delako gaur egun.

Musikaren eta liburuaren industrietako profesionalek jarraitzen dute garrantzitsuak izaten hainbat jarduera arrakastaz aurrera eramateko: talentuak identifikatu eta kontratazeko, ekoizpena finantzatzeko, banaketa-plataformak kudeatzeko, marketina eta sustapena lantzeko.

Hala ere, kasu batzuetan, musikari eta idazle batzuek erakutsi dute beren kabuz ondo moldatzen direla arlo horietan.


Bi merkatuok badituzte desberdintasunak ere 


Bien arteko desberdintasun nagusia kontsumitzeko era dateke. Abesti bat behin eta berriz entzuten da, liburu bat, aldiz, gehienetan behin bakarrik irakurtzen da. Beste desberdintasun bat: liburuak, edozein dela ere formatua, euskarri fisikoa eskuetan izatea eskatzen du. Horretan euskarri digitalak ez du hainbesteko abantaila paperezkoarekiko.


Digitalizazioak musika liburua baino lehenago harrapatu zuen, baina Internet orduan orain baino motelagoa zen eta jende gutxiagok erabiltzen zuen. Digitalizazioa liburura iritsi denean banda zabaleko Internet jende askok du. Musikak denbora gehiago izan du erreakzionatzeko liburuak baino, beste kontu bat da ea garaiz erreakzionatu zuen hark eta nola erreakzionatuko duen honek.


Digitalizazioak eragindako astinduari erantzuteko, bi industriek bestelako diru-sarrerak bilatzeko modu desberdinak jarri dituzte abian: musikariek kontzertuetara jo dute, musikari ospetsuek behintzat, baina idazleak nekez balia daitezke zuzeneko ekitaldiez.


Desberdinak dira, orobat, kasu bietan diru-sarrerak sortzean bitartekari-lana egiten dutenak. Musika-arloan disko-etxeak jokoz kanpo gelditzen ari dira, euskarri fisikoak gero eta gutxiago saltzen direlako, eta ekitaldi-antolatzaileak doaz gorantz. Horregatik, musikariek sinatzen dituzten kontratuetan balioa sor dezaketen jarduera asko sartzen dira: eskubideak, marchandising-a, iragarkietako musika, telebista-programak, jokoak, etab.


Gure artean, AEBn ez bezala, paperezko liburuak prezio finkoa du legez;  argitaletxeak publikoarentzako jartzen duen salmenta-prezioa. Musikan, berriz, saltzaileak prezioaz baliatzen dira lehiatzeko. Liburu digitalen kasuan ere prezioa ez da finkoa, nahiz eta saltzaileak elkarri begira ibiltzen diren, prezioetan beherantz ez saihesteko. Izan ere, kontsumitzaileek pentsatzen dute ebookak paperezkoak baino merkeagoak izan behar dutela, baina saltzaileek ez dute galdu nahi.


AEBn, merkatua beste heldutasun batera iritsi baita, ebooken salmenta handitzeak hasieran saltzaileek zuten diru-sarreren beherakadari goranzko joera ekarri dio.


Badago beste kontu bat ahantzi ezinezkoa: ingelesezko edukiak argitaratzen dituztenei digitalizazioak merkatua izugarri handitu die; mundu osoan dago jendea ingelesezko edukiak kontsumitzeko prest, eta garai batean bidalketa-gastuek ezartzen zuten hesia eraitsita dago orain. Fenomeno horrek mesede egingo die, esate baterako, espainierazko edukiak saltzen dituztenei, baina euskarazko, estonierazko eta hedadura txikia duten hizkuntzetako produktuak ezin izango dute aprobetxatu. Horren ondorioz, agian, saltokiak hainbat hizkuntzatako produktuak salduz handitu nahi izango dituzte diru-sarrerak.


Produktuen sustapenaren ikuspegitik musikak badu tresna indartsu bat liburuak ez duena: irratia, dela uhinen bidezkoa, dela Internet bidezkoa.

Azkenik, liburua eta musika beti elkarren lehiakide izan badira ere, kontsumitzailearen erosteko ahalmena hainbesterainokoxea delako eta produktu batean gastatzen duena ez duelako bestean gastatuko, orain lehia hori areagotu egingo da, liburua eta musika tresna beraren bidez jaso daitekeelako. Lehen disko-dendara edo liburu-dendaren musika-sailera berariaz joan behar zuen kontsumitzaileak musika erostera. Orain, berriz, leku berean eta aldi berean eskainiko dizkiote bi aukerak. Une horretan bulkadazko erosketa egitera joko du kontsumitzaileak. Musika entzun daiteke beste gauza bat egiten duzun bitartean, baina irakurtzeak horretara jartzea eskatzen du. 


Oraindik ikusteko dago liburuaren industriaren bilakaerak zer ondorio izango dituen, baina ez dira txikiak izango.





Comments

Popular posts from this blog

Ikasmaterialgintzan nagusituko den zenbait joera

QR kodeak erabiltzeko gida

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?