Argitaletxeetako ofizio eta buruhauste berriak


Argitaletxe guztiek dituzte gaur egun ohiko sailak beren lantegietan, paperean soilik argitaratzen dutenak izan nahiz argitalpen digitalen munduan abiatuak izan: edizioa, diseinua, irudi-bankua, eskubideen kudeaketa, produkzioa, salmenta, finantzak, etab.

Editorial asko, ordea, paperezko liburuez aparte, argitalpen digitalak ere egiten dituzte eta hauen kasuan zenbait formatu eta teknologia desberdinetakoak, hainbat banaketa-kanaletatik zabaltzen direnak gainera. 

Bilakaera hori lan egiteko moduan aldaketak eragiten ari da, erabiltzen den softwarearen aldetik, produktuak diseinatzearen ikuspegitik, lan-fluxuen kudeaketari dagokionez, etab. Eduki mota gehiago tratatzen dira, autoreekin bestelako kontratuak sinatzen dira, produktuen sustapena eta kontsumitzaileekiko harremanak kanal berriak baliatuz eramaten dira. Ekoizpen saila ez da mugatzen inprimategiekiko harremanak kudeatzera soilik, eduki digitalen biltegiak kudeatzea ere ezin zaio hari arrotza izan.

Horrek guztiak argitaletxean lan egiten dutenei ezagutza, trebetasun, eginkizun eta ohitura berriak ezartzen dizkie. Lehendik dauden langileak birziklatu eta beste profesional berri batzuk txertatu beharra dakar.

Digitalera sartu berritan argitaletxe gehienek lehendik dituzten edukiak e-book formatuan jartzera jotzen dute, normalean epub formatuan, kanpoko beste enpresaren baten laguntzarekin. Etxe barruan edizio- eta ekoizpen-arduradunek koordinatzen dituzte lanak eta salmentarako plataformaren batekin kontratua sinatzen dute. 


Nolanahi ere, epe ertain eta luzera badirudi ardura guztiak etxe barruan hartu beharko direla. Gaur egun gauzak dauden bezala, langile berriak kontratatzea zaila izango da eta lehendik daudenen artean banatu beharko dira eginkizunak. 


Egoera zailak datoz askorentzat. Paperaren salmentak jaisten ari dira, negozio digitala ez dago oraindik argi, teknologia eta trebetasun berriak eskuratzea ez da hain sinplea, eduki digital aberatsak egitea garestia da, baina aldi berean lehengoa berriz eginez ezin zaie erronkei erantzun.  


Lehendik dauden langile guztiak gai izango al dira lan egiteko modu berriak ikasteko? Seguru asko, ez. Lehen ere ikusi genuen hori, aerografoa eta kola erabiltzen ohituta zeuden profesional batzuk ordenagailuaz lan egiteko gai izan ez zirenean.

Comments

Popular posts from this blog

Ikasmaterialgintzan nagusituko den zenbait joera

QR kodeak erabiltzeko gida

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?