Zenbateraino da berritzailea Appleren Siri, ahots bidezko laguntzailea?

Applek atera berria duen iPhone 4S-k dakarren Siri "laguntzaile pertsonalak" aukera ematen dizu hitz eginez eguraldiaren iragarpena kontsultatzeko edo hitzordu bat jartzeko, baina benetako aurrerapena al da? 


Baietz dio MITen adimen artifizialaren arloko ikertzailea den Boris Katz-ek. Hark dio Applek "oso ingeniaritza-pieza txundigarria" sortu duela, dagoeneko finkaturik dauden teknikak konbinatuz, hala nola ahotsaren ezagutza eta hizkuntzaren prozesamendua.


Oxfordeko Unibertsitatean ikaste automatikoa ikertzen duen Phil Blunsom-ek azpimarratzen du Applek egin duena ez dela lehendik badauden teknikak batzea soilik. Baina baditu erreparoak: "Sistema horietako bakoitzak akatsak egiten ditu eta bakoitzak bestea elikatzen duenean akatsak biderkatu egiten dira; horretan datza zailtasuna."
Applek ez du hitz egingo Sirik azpian duen teknologiaz, nahiz eta aurten bertan erregistratu zuen patenteak adierazten duen softwareak akats horiek kontsultak arlo jakinetara mugatuz  kudeatzen dituela, esate baterako otorduetara edo eguraldira. Sirik, informazioa kontsultatzeko, irispidean datu-baseak dituen gai horiei "ontologia aktiboak" deritze Applek. Adibidez, otorduen ontologiak jatetxe, sukaldaritza eta plateren datu-baseak ditu eta pertsona batek edo gehiagok jateko parte hartzen duten otordu baten kontzeptuari buruzko informazioa horrekin batera.
Ontologia aktiboaren ideia ez da berria - Tom Gruber-ek, Siriren asmatzaileetako batek, formalki definitu zuen 1995ean. Sirik duen berezitasuna da, adimen artifizialeko egitasmo handiek ez bezala, "erabileremu jakinetan laguntzera oso espezifikoki zuzendua" dela, dio Marylandeko Unibertsitateko College Park-eko hizkuntzalari konputazional  Philip Resnik-ek. "Erabileremu horietatik irteten bazara, saio guztiek huts egiten dute."
Sirik "Mexican" edo "taco" bezalako hitzak espero ditu, erabileremuari antzemateko. Informazio gehiago eskatu behar duen erabakitzeko ere balio du - esate baterako mahai bat gordetzeko zer ordu nahi den - edo erreserbak egiteko webgune batera iritsi eta erreserba egiteko aski xehetasun badituen. Azken urrats hori egin dezake gaur egun web zerbitzu askok APIak eskaintzen dituztelako, aplikazioei informazioa haietara igortzea ahalbidetzen dietenak. "Hori da arrazoietako bat orain Siri posible izateko, duela bost edo hamar urte izan ez zitekeen bezala" dio Resnik-ek.
Hizkera arruntez egindako eskariak ulertzeko gaitasunak lehiakideetatik bereizten du Siri, hala nola Androideko Voice Actions-etik. Izan ere, horrek aginduak formatu jakin batean ematea eskatzen du -  "navigate to" esanez ulertzen ditu helbideak, baina "how do I get to... ?" ez du ulertzen. Ez dirudi Googlek oraingoz Siriren lehiakide bat ateratzeko asmorik duenik. "Ez dut uste zure telefonoak laguntzailea izan behar lukeenik" zioen Andy Rubin, Androiden garapena Googlen eramaten duenak, joan zen astean.
Siri hobetu besterik ez da egingo. Erabiltzaileek egiten dituzten eske guztiak Appleren zerbitzarietan prozesatzen dituzte, eta horrek konpainiari datu-kopuru izugarri handia ematen dio, aplikazioa hobetzeko balio diona. Katz-ek iradokitzen du Applek datu horien meatzaritza egin lezakeela, egin ohi diren galderak eta Sirik maneia ez ditzakeenak aurkitzeko. Hori nahiko sinplea da, baina zer egin, agintzen badu norbaitek "jarri otordu baterako hitzordua nire familiarentzat, denok dezakegunerako"?
"Zuk soluzionatu nahi izaten dituzun ataza gehienek alderdi soziala izatea aprobetxa lezake Siri 2-k" dio Resnik-ek. Beraz, esate baterako, zure familiartekoen iPhoneetako Siriek lan egin lezakete elkarrekin, otordua antolatzeko.
Blunsom-ek dio Applek saiatu beharko lukeela itxaropenak errealista izan daitezen, bestela jendeak Siri bertan behera utziko bailuke "galdera esoterikoak ezin dituelako erantzun, nahiz eta aurkitu ahal izango dizun sushi jatetxe on bat, zauden lekutik hurbil".

Comments

Popular posts from this blog

Ikasmaterialgintzan nagusituko den zenbait joera

QR kodeak erabiltzeko gida

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?