Reading Bear: haurrek irakurtzen ikasteko sistema egokia

Larry Sanger-en egitasmoak


Larry Sanger filosofo estatubatuarra Wikipediaren sortzaileetakoa izan zen. Geroago, 2002an egitasmo hori utzi eta Citizendium egitasmoa abian jarri zuen,  Wikipediaren antzeko entziklopedia bat, baina egileen lana gehiago kontrolatzen duena, sinesgarritasun handiagoaren bila. Gaur egun egitasmo horrek finantzatzeko eragozpenak ditu.


Larry Sanger
2007an, urtebete lehenago sortua zen WatchKnowLearn egitasmoaren zuzendari bihurtu zen SangerWatchKnowLearn hezkuntzarako bideo-biltegi bat da, irabazi-asmorik gabea. Webgune horretan beste webgune batzuetan dauden bideoak biltzen eta antolatzen dituzte eta erabiltzaileak ere gonbidatzen dituzte beren edukiak igotzera, eta horiek guztiak irakasleen eskura jartzen dituzte, azter ditzaten eta, ontzat ematen badituzte, sailka ditzaten arlo eta adinen arabera. 


2010eko udan, WatchKnowLearn asentaturik zegoela ikusirik, Sanger-ek egitasmo horren zuzendaritza utzi eta WatchKnowLearn-en beste zenbait egitasmo bereziren garapenari ekin zion.


Reading Bear egitasmoa


Reading Bear online programa bat da haurrei hiztegia eta kontzeptuak irakasteko, ingeles idatziaren patroi fonetiko nagusiak sistematikoki bereganatzen dituzten bitartean, eta hori guztia multimedia baliabideen bitartez. Ingeleserako egiten dutena eredugarri izan daiteke noski beste hizkuntzetarako ere.


Oraingoz 14 aurkezpen dituzte garatuak eta 50era iristeko asmoa dute. Azkenean 1.200 hitz izango dituzte landuak.


Sistema honela funtzionatzen du: aurkezpen bakoitza bideo gisa edo diapositiba-aurkezpen interaktibo gisa erabil daiteke eta bakoitzean erregela fonetiko gutxi batzuk lantzen dira. Aurkezpen bakoitzak zazpi bertsio ditu. Horietako osoenean hitz bat entzun daiteke astiro eta laster, gero hitz hori konbinaturik entzuten da astiro eta azkenean hitz bera konbinaturik laster. Soinuak entzun ahala, haiei dagozkien letrak nabarmenduta ageri dira. Gero hitzari dagokion irudi bat azaltzen da, esaldi bat, soinuak nabarmenduak dituena karaoke moduan, eta azkenean bideo bat ikusten da, esaldiari dagokiona. Aurkezpen bakoitzak, batez beste, 25 hitz lantzen ditu.  

Ondoko bideoak sistemaren ezaugarriak erakusten ditu:



Sistema doan erabil daiteke, bere izena azaltzerik nahi ez duen Memphis inguruko ongile bati esker. 

Comments

Popular posts from this blog

Ikasmaterialgintzan nagusituko den zenbait joera

QR kodeak erabiltzeko gida

Zenbateraino da onuragarria papera birziklatzea?